En direct

Entrevue
Ainhoa Moraza
Atletico Madrileko jokalaria

«Lehen gola sartzen duenak partida zertxobait kontrolatuagoa izango du»

Kopako titulua defendatzen saiatuko da Atletico Madril asteazken honetan, Realaren aurkako finalerdian, Anoetan (18.30ean). Morazaren ustez, joaneko neurketa «parekatua» izan zen, eta berdinketa emaitza «justua». Iragan zuri-gorri eta txuri-urdina du donostiarrak; «urduritasun hori» badu.

Audio_placeholder

«Lehen gola sartzen duenak partida zertxobait kontrolatuagoa izango du»

Loading player...
Ainhoa Moraza Liga F-n Granadaren aurka jokatutako partidan.
Ainhoa Moraza Liga F-n Granadaren aurka jokatutako partidan. (AFP7 | EUROPA PRESS)

Joan den astezkeneko neurketan sentsazio baikorra baino gehiago, gazi-gozoa izan zuen Ainhoa Morazak (Donostia, 1995): «Sentsazio honekin geratu ginen: agian bi gol aurretik joan gintezkeela lehen zatian, baina ez zela horrela izan». Ez dute presiorik finalera ailegatzeko; ilusioa, ordea, bai: «Finalean egon nahi dugu, eta gure buruari exijitu behar diogu hor egoteko».

Bana berdindu zuten talde txuri-urdinaren aurka iragan asteazkenean Kopako finalerdietako joaneko partidan. Atea aurrean ez zuten «egun ona izan», donostiarraren hitzetan. Kanporaketa «oso irekia» ikusten du. Haren lagunak eta senideak Realeko bazkideak dira: «Beraiek realzaleak dira, baina ni hemen banago, nirekin daude, horren dudarik ez dut», dio barrez Morazak.

Asteazkenean etxera itzuliko zara, Donostiara. Non eta Anoetan jokatuko duzu…

Bai, gogotsu nago, partida berezia baita niretzat. Azkenean han erabakiko da neurketa, non eta Anoetan... Pozik nago.

Gorputzean kilimak sentitzen dituzu?

Urduritasun hori badut; etxean jokatzea, zure hiriko estadioan, zure lagunak eta zure familia gertu izatea... beti da berezia.

Zozketan zu izan zinen Atletico Madrileko ordezkaria. Noski, bi euskal talde zeudelako: Athletic eta Reala. Txuri-urdinen aurka egokitu zitzaizuenean, zer pentsatu zenuen?

Zozketa egin orduko esan nuen bezala, edozein aurkari tokatuta ere berezia izango zen. Baina bai, bi talde horien aurka jokatzea oso berezia da, baita Bartzelonaren kontra ere: partida oso garrantzitsua da. Reala izango dugu aurkari Anoetan, eta arerio zaila da. Hemen jokatu genuenean bana berdindu genuen, eta han erabakiko da zein joango den finalera. Nahiko irekia dago neurketa.

Madrilen 1-1 egin zenuten. Ikusita azken momentuan sartu zenutela berdinketaren gola, balekotzat eman zenuten emaitza?

Ez, noski ezetz. Formatu hau berria da guretzat: finalerdiak bi partidetara izanda ez dakizu noiz erabaki daitekeen partida, azken minutura arte borrokatu behar duzu. Guk erakutsi genuen hor jarraitu nahi genuela final horretan egoteko, eta 1-1 egin genuen. Esan bezala, han erabakiko da nor doan finalera.

Oso neurketa parekatua jokatu zenuten. Eta Realak, agian, ohi baino atzerago defendatu zuen.

Bai, uste dut nahiko partida parekatua izan zela. Guk aukera asko izan genituen, baina ez genuen sartu, eta aurretik jarri zirenak beraiek izan ziren, Amaiurrek kontraeraso batean sartutako gol batekin. Hala ere, Gabyrekin [Garcia] guk min handia egin genuen, eta azken minutuan markagailua berdintzea lortu genuen. Uste dut emaitza justua izan zela.

«Guk aukera asko izan genituen, baina ez genuen sartu, eta aurretik jarri zirenak beraiek izan ziren»

Zuek penalti bat huts egin zenuten lehen zatian, eta gero ere langara baloi asko joan zitzaizkizuen.

Bai, uste dut ate aurrean ez genuela egun oso ona izan, baina taldeak lanean jarraitu zuen, eta hori ikusi zen. Azkenean sartu genuen merezitako gola, nire ustez.

Realak sentsazio gazi-gozoa izan zuen joaneko partida amaitu ostean, zuek, akaso, baikorragoa?

Bai, esan daiteke. Uste dut sentsazioa baikorra dela gola sartu genuelako, baina hainbeste aukera galduta, guretzat ere neurketa gazi-gozoa izan zen, izan genituen aukera asko ez zirelako sartu. Sentsazio honekin geratu ginen: agian bi gol aurretik joan gintezkeela lehen zatian, baina ez zela horrela izan. Lanean jarraitu behar dugu. Orain horretan gaude, asteburuan jokatu zutenak errekuperatzen, eta besteak bestelako lan bat egiten. Prest gaude asteazkenean dena emateko.

Kanporaketa oso irekia dago. Zer espero duzu neurketaz?

Uste dut pareko egongo dela, hemen egon zen bezala. Aurrean dituzten eta ditugun jokalari erasokorrekin uste dut goleko aukera asko izango ditugula, bai beraiek, baita guk ere. Lehen gola sartzen duenak partida zertxobait kontrolatuagoa izango du. Besteak, ordea, dena eman beharko du markagailua iraultzeko.

«Lasai egon behar gara, iaz irabazi izanagatik aurten ez dugu zertan finalean egon behar, baina bada gure ilusioa»

Nola uste duzu aurre egin behar diozuela Realari?

Egia da beraiek oso ondo jokatzen dutela, batez ere erdian, ondo mugitzen dira jokalariak. Guk ere nahiko jokalari erabakigarriak ditugu. Guk min asko egin dezakegu aurrean jokalari azkarrak ditugulako, baina atzean ere sendo egon behar dugu. Ondo mugituta baloia, barrutik kanpora, eta erdiraketak eginda, uste dut mina egin dezakegula. Hala ere, beraiek ere jokalari oso onak dituzte, beraz, zaila izango da. Gainera, jakinda beraiek zaleak izango dituztela haien estadioan... Beraiek etxean jokatzen dute, baina guretzat ere polita da halako zelai batean jokatzea.
 
Zuek zarete iazko txapeldunak Kopan. Bai ala bai finalean egon behar zareten sentsazioa duzu?

Ez, azkenean urtero gauzak aldatzen doaz, eta presio hori ez dugu izan behar. Aurreko denboraldian ikusi zen galtzen gindoazela 2-0 finalean eta gero irabazleak izan ginela... Edozein momentutan edozer pasatu daiteke. Uste dut lasai egon behar garela, aurreko urtean irabazi izanagatik aurten ez dugu zertan finalean egon behar, baina bada gure ilusioa: hor egon nahi dugu, eta gure buruari exijitu behar diogu hor egoteko.

Ligara begira, joan den asteburua zuentzat ona izan zen: Madrilek eta Levantek galdu egin zuten bi euskal taldeen aurka, Eibarren eta Athleticen kontra, hurrenez hurren. Zuek, berriz, 1-0 menperatu zenuten Sporting de Huelva, eta orain lau puntura duzue Levante, hirugarren sailkatua. Helburua Txapeldunen Liga da?

Bai, noski baietz. Joan den igandean jokatutako partida erabakigarria zen, aprobetxatu behar genuen etxean irabazteko. Izan ere, selekzioko geldialdia egin aurretik nekea nahiko pilatuta genuen Koparekin eta Ligarekin. Irabazteak sendotzen gaitu, batez ere gure helburua geroz eta gertuago izateko.

Madril aldean, exijentzia handia dago taldearekiko?

Bai, exijentzia handia da. Azkenean gorenean egon behar dugu, eta nahi dugu egon. Hori da exijitzen dena.

Zu hona iritsi zinen, hein handi batean ere, garaikurrak lortzeko. Iaz Kopa altxatu zenuten. Pentsatzen dut gogoa izango duzula Txapeldunen Liga berriro ere jokatzeko.

Bai, azkenean beste helburu batzuekin etorri nintzen hona, eta ea betetzen diren.

Madrilen zer moduz bizi zara?

Ondo, egia da aurreko urtean aldaketa handia izan zela: talde euskaldun batetik beste aldagela batera joatea non hizkuntza eta kultura oso ezberdinak dauden... aldaketa handia da. Hala ere, gauza asko ikasi ditut, eta hori asko gustatu zait. Madrilen gustura nago.

«Asko poztu ninduen San Mames irekitzeak eta zer giro dagoen ikusteak»

Nola ikusten duzu denboraldi honetan Athletic? Ikusi al zenuen Kopako finalerdia Bartzelonaren aurka?

Bai, ikusten egon nintzen. Aurten sendo ikusten ditut, egia da talde gaztea dutela, baina oso talde landua da, eta joko aldetik oso ondo ikusten ditut. Kopan ez dute markagailua alde –0-3 galdu zuten–, baina asko poztu ninduen San Mames irekitzeak eta zer giro dagoen ikusteak. Azpimarratu behar da egiten ari diren guztia, filosofia horrekin egiten ari direla. Asko pozten naiz beraiengatik.

Markagailu bat Anoetako partidarako?

Ez, ez. Ez naiz ausartuko. Gure alde egotea markagailua eta kito.

Lagunen batek eskatuko zizun sarreraren bat, ezta?

Nire familia eta lagunak Realeko bazkideak dira, eta berez nire sarrerak Atleticoko harmailetan daude, orduan haiek beren bazkide sarreren harmailetara joango dira, beraiek nahiago baitute giro horretan egon; hori bai, nirekin egongo dira.

Orduan, zure senideek asteazkenean bihotza erdibituta izango dute?

Ez, esan nahi dut, realzaleak dira, baina ni hemen banago, nirekin daude, horren dudarik ez dut [barrez].

Jaurlaritza Logoa