En direct

Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria

San Frantzisko elizako memoria gunea: nondik gatoz eta nora goaz?

Gasteizko Martxoak 3ko memorian inflexio puntu da 2024a. Urte  hasieran jakin zen, instituzio eta herri mugimenduak osatutako fundazioa sortuta, San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko erabakia hartua zela. Erronka handia da: nolakoa behar du izan? Nola bermatu herriaren parte hartzea?

Audio_placeholder

San Frantzisko elizako memoria gunea: nondik gatoz eta nora goaz?

Loading player...
EH Bilduk martxoak 3ko sarraskia argitzeko batzordea eskatu du Kongresu espainolean.
EH Bilduk martxoak 3ko sarraskia argitzeko batzordea eskatu du Kongresu espainolean. (Endika PORTILLO | FOKU)

48 urte beteko dira martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak greban zeuden bost langile hil zituenetik. Arratsaldeko 17.10ean gertatu zen Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan. Peña Ganchegi arkitektoak diseinatutako eraikina ezin aproposagoa zen asanbleak aurrera eramateko, ia zirkularra da eta anfiteatro itxura du. Bertan batzartuta zeuden milaka langile polizia espainolaren ke poteak leihotik sartu zirenean. Ondoren etorriko ziren tiroak. 5 langile hil ziren, eta zaurituak ehunka izan ziren.

Belaunaldi ezberdineko bi gasteiztarrekin elkartu gara. Xabier Izaga GARAko kazetariak 15 urte zituen 1976ko martxoaren 3an, ikasle zen orduan, eta greba egin zuen berak ere. Nerea Martinezek ez zuen lehen pertsonan bizitu poliziaren oldarraldia, baina etxean jaso du gertatutakoa. Bere osaba, Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea, San Frantzisko eliza aurrean hil zuen poliziak.

Nerea Martinezek «naturaltasun osoz» jaso zuen familiarengan egun hartan Gasteizen gertatutakoa, eta hildako bat bere aitaren anaia zela. Nerabezaroan, gertakaria hobeto ulertzeko gaitasuna zuenean, elkartean sartu zen.

Besteak beste, 5.000 pezetako soldata igoera, lan orduak mugatzea eta sindikatuak izateko eskubidea eskatzen zuten langileek. Martinezen hitzetan, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko beste toki batzuetan bezala, «sistema frankistarekin guztiz apurtzea eskatzen zuten», Franco hil zenetik 100 egun baino ez ziren igaro eta.

Xabier Izagak Gasteizko giroa goizetik nolakoa zen gogora ekarri du: langileak poliziari oldartzen eta honetaz ihes egiten. Tiroak ere egon ziren eta bere kuadrillako lagun batek bat jaso zuen hankan. Patronalak izan zuen jarrera ere gogoan izan behar dela uste du Izagak: «ez zuten amore eman, poliziaren babesa zeukatela bazekitelako».

Aitaren sendiarenaz gain, amaren egun hartako ikuspuntua ere jaso izan du Nerea Martinezek. Behinola Arana Klinika zenean erizaintza ikasketak egiten ari zela artatu zituen zaurituak, bitartean, telebistak zioen ez zela zauriturik suertatu.

Amak kontatu izan dionez, zaurituen izenak biltzen zituen zerrenda mediku militar batek kendu zuen, elizan izandakoen senideek ikus ez zezaten. Martinezentzat «are gehiago erreprimitzeko modu bat» izan zen hori eta bere Osabaren gorpua ikusteko aukera izan zuen familiak Santiago Ospitaleko zeladore bat ezagutzen zutelako.

Memoria gunea, salaketarako tresna

Martxoak 3 elkarteak urteak daramatza San Frantzisko eliza memoria gune bihurtzeko. Berriki sortu da fundazioa, -bidean traba ugari gainditu eta gero-, eta erronka aurrez aurre dute: nolakoa behar du izan San Frantziskoko memoria guneak?

Instituzioen eta elkartearen arteko elkarlana bermatuta, ikerketa arkeologikoa beharrezkotzat jotzen dute Martxoak 3 elkartetik. Esate baterako, fosoan eta paretetan dauden arrastoak klasifikatzeko, bala zuloak ez estaltzeko eta topatu daitekeen materiala gordetzeko.

Eraikinak berez daukan anfiteatro itxura mantentzearen alde daude ere, kongresuak, aurkezpenak, kontzertuak edota hitzaldiak har ditzan. Funtsean, «herriarentzat irekita» egoteko.

«Bizia» izan behar du ere, dio Martinezek, «migrazioak kontuan izaten dituzten borrokak, feminismoa, giza eskubideen beste urraketa batzuk» kontuan hartuz, «salaketarako tresna izan behar du». Ikerkuntza eta dokumentazio zentro bat ere proposatzen dute.

Horretarako guztirako, elkarlana ezinbesteko baldintza da elkartearentzat. «Uste dut beste fase batean sartu garela, baina gure pazientzia mugatua da», azaldu du NAIZ Irratirako.

Jaurlaritza Logoa