En direct

Eli Pagola
Entrevue
Naiara Rodriguez-Ezpeleta
Aztiko ikerlaria

«Arrainen genetikaren gainean gehiago jakiteak eboluzioari buruz gehiago jakiteko balio du»

DNA leku guztietan dago; esaterako, katilu batean. Baina baita itsasoan ere. Zer-nolako DNA aurkitzen da, ordea, itsasoan? Zertarako da argigarria? Informazio genetikoak itsas bizitzaren katalogaziorako eta horri dagozkion neurriak hartzeko balio dezake. 

Audio_placeholder

«Arrainen genetikaren gainean gehiago jakiteak eboluzioari buruz gehiago jakiteko balio du»

Loading player...
Naiara Rodriguez Ezpeleta AZTIko ikerlaria da.
Naiara Rodriguez Ezpeleta AZTIko ikerlaria da. (Gorka Rubio | FOKU)

Naiara Rodriguez-Ezpeletak itsasoko DNA ikertzen du. Aztiko zientzialariak NAIZ Irratian azaldu duenez, itsasoko ura organismo txikiz betea dago (bakterioak, zitoplaktonak...), baina organismo handiagoen arrastoak ere badaude (arrainen ezkatak eta itsas ugaztunen ehun zatiak kasu). Beraz, ur litro gutxi batzuk aztertuta, bertako biodibertsitatea aztertu daiteke. Lehenengo, ura bildu eta filtratu egiten dute. Ondoren, filtroetan geratzen den material horietatik DNA erauzten da. Gero, ikerketa-galderaren arabera, bi analisi mota egiten dira: espezie jakin bat eremu horretan dagoen edo ez jakitea eta, bestea, eremu horretan zein espezie bizi diren jakitea..

DNAk informazio asko eman dezake. Zeren DNA aztertzen duzue?

Itsasoko ura organismo txikiz beteta dago (bakterioak, zitoplaktonak, etab.) baina organismo handiagoen arrastoak ere badaude (arrainen ezkatak edo itsas ugaztunen ehun zatiak, adibidez). Beraz, ur litro gutxi batzuk aztertuta bertako biodibertsitatea aztertu daiteke.

Nola aztertzen da itsasoko DNA? Zer prozedura jarraitzen da?

Lehenengo, ura bildu eta filtratu egiten dugu. Ondoren, filtroetan geratzen den material horietatik DNA erauzten da. Gero, ikerketa galderaren arabera, bi analisi mota egiten dira nagusiki: bata da espezie jakin bat eremu horretan dagoen edo ez jakitea eta, bestea, eremu horretan zein espezie bizi diren jakitea, katalogo bat osatzea.

Nola biltzen da informazioa?

Lagin asko hartzen dira eta konparazioak egiten dira. Eremu edo garai desberdinetan hartutako ur laginak konparatuta, espeziearen jokaera edo migrazioa ondoriozta baitaiteke. Kutsadura saihestea da zailena. Esaterako, sakonera desberdineko laginak aztertu nahi baditugu, beraien artean nahastea ekidin behar da.

Nola dakizue jasotako uretan dagoen DNA zerena den?

Gure lanaren oinarria datu base osoak izatea da. Espezieen izenak eta dagozkien sekuentziak ditugu; beraz, laginketatik ateratako sekuentziak konpara ditzakegu eta jakin zer espezie aurkitu ditugun. 

Erreferentzia base bat dago laginak konparatzeko. Hala ere, organismo ezezagunak topatzen al dituzue? Zer egiten duzue horrekin?

Egia da analizatzen ari garen ur eremu batean organismo ezezagunak badaude edo beraien genetikaz gutxi baldin badakigu, aurkitzen ditugun sekuentziek ez dutela korrespondentziarik izango datu baseetan.

Hala ere, konpara ditzakegu leku edo sakonera desberdinak eta jakin dezakegu non dagoen ezezagunen sekuentzia kopuru handiena eta, horrela, ondoriozta daiteke zein eremu diren ezezagunenak edo non jarri behar dugun esfortzu gehiago espezieak morfologikoki identifikatzeko, lagintzeko eta karakterizatzeko. Hori egin dugu orain gutxi argitaratu den ikerketa batean. Arrainekin beharrean, zooplaktonekin egin dugu, baina, ideia nagusia izan da jakitea munduko itsasoetan non dagoen bizitza ezezagunena gerora laginketarako esportzua bideratu dadin.

Zergatik da garrantzitsua arrainen genetika ezagutzea?

Arrainen genetikaren gainean gehiago jakiteak eboluzioari buruz gehiago jakiteko balio du; gaixotasunak gehiago ulertzeko, baita gizakien gaixotasunak ere (badaude arrain modeloak analisi molekularrak egiteko); kutsadurari buruzko informazioa eskuratzeko… AZTIn egiten dugun lanari esker, arrainen konektibitatea eta ingurumen-aldaketetara egokitzeko gaitasuna ezagutu nahi dugu. Horiek dira bi aplikazio nagusiak guretzat.

Konektibitate arazoak gehiago aipatzen dira erreketan. Itsasoan ere ba al daude?

Itsasokoa ez da erreketako egoera bera; ez da barrerak jarriz zatitzen ari garen eremua. Gure kasuan, konektibitatea ezagutzea espezie baten zenbateko populazioa dagoen jakiteko da. Zergatik? Kudeaketa, espezie osorako baino, taldeka egiten delako, eta begiratu behar dugu talde horiek genetikoki zentzurik ba ote duten, konektatuta dauden edo ez.  

Espezie batetik bestera asko aldatzen al da genetika?

Desberdintasuna erlatiboa da. Bai, desberdinak dira genetikoki eta, gainera, genetikak lagun gaitzake antzekoak diren espezieak bereizten; esaterako, zapo zuria eta zapo beltza. Guretzat garrantzitsua da espezie berdin baten barruan dagoen desberdintasun genetikoa, indibiduo guztiak ez baitira berdin-berdinak.

Gurutzaketa genetikoak gertatzen dira espezie desberdinen artean, zapo zuri eta beltzetan adibidez?

Bai, zapo zuri eta beltzaren artean hibridoak ikusi ditugu, eta gainera, ez gutxi. Leku batzuetan %20 edo gehiago izan daitezke hibridoak. Horrek zer inplikazio duen aztertzen ari gara, ea orain gertatzen ari denak etorkizunean eraginik izango ote duen edo espezieen kontserbazioak bere horretan eutsiko dion.

Informazio genetikoak informazio esanguratsua eman al dezake, besteak beste, espezieen kudeaketa egiteko edo kuotak ezartzeko?

Bai, eta gainera inplikazio zuzena dauka. Itsas kudeaketan taldeak erabiltzen dira eta, ez badaude ondo definituta, parametro guztiak ez badaude egoki identifikatuta, ebaluazioa txarto egongo da. Beraz, oso garrantzitsua da eta eragin zuzena du.

Ba al dago espezierik garrantzia berezia hartu duenik?

Guk hemen garrantzitsuak diren espezieekin egiten dugu lan: hegalaburra, legatza, zapoa, antxoa, berdela, sardina…… hemen komertzialki garrantzitsuak diren espezieekin.

Ekosistemaren osasuna ez badago ondo, bertan bizi diren espezieen osasuna ere ez da ondo egongo. Giza eragina ere aztertzen dugu, honen ondorioz ura berotzen ari delako eta jakin nahi dugulako espezieak genetikoki horretara egokitzen ari ote diren, edo lekuz aldatzen… Genetikoki hori aztertu daiteke eta Aztin arlo ezberdinetatik egiten da horretan lan.

Eraldaketa genetikoa egiten al da arrainetan?

Nahita akuikultura arloan egiten da. Interesatzen zaizkigun ezaugarriak dituzten espezieak erreproduzitzen dira. Naturan ere gertatzen da, baldintzak aldatzen diren bezala, arrainen aukera bat da genetikoki egokitzea. Genetikoki egokituta dauden indibiduoak gehiago ugalduko dira, eta ezaugarri genetiko batzuk gero eta ugariagoak izango dira. Denbora gehiago behar du eta ez da beti ongi irteten baina, gertatzen da.

Europan abian jarri den «BIOcean5D» egitasmoaren barruan kokatzen da TREC espedizioa. Egitasmoan diziplina anitzeko ikerketa taldeak ari dira elkarlanean, tartean Azti. Bizkaia da puntu garrantzitsuetako bat. Zergatik?

Oso proiektu handia da, eragile asko ditu. Oinarrian du itsas biodibertsitatea bost dimentsiotan begiratzea: hiru dimentsio espazialak, denbora eta gizakiaren eragina. Proiektuaren ekintza nagusia izan da Europako kostaldeko hainbat lagin hartzea eta ikaragarri handituko da datu basea.

Bizkaia da puntu garrantzitsuetako bat. Zergatik?

Puntu garrantzitsu batzuk definitu dituzte, eta Bilbo eta Urdaibain ibili dira. Zergatik? hemen datu asko daudelako lehendik hartuta eta aukera egokia zelako. Paleo-sedimentuak ikertzeari esker, garai desberdinetako ingurumeneko DNA ikertu ahalko da.

Zer espero duzue ikerketa honetatik?

Nahi duguna da Europako kostaldea nola dagoen dioen linea bat ateratzea etorkizunean erabili ahal izateko, esate baterako, aldaketak eta espezieen distribuzioaren garapenak ikusteko. Biodibertsitateak duen baloreaz ere informazio asko lortuko da eta, hori, eurotan neurtu daiteke. Ekosistemen osasuna neurtzearen gaineko informazioa ere jasoko dugu eta beste hamaika informazio. Esan bezala, oso proiektu zabala da, arlo ezberdinei dagozkien emaitzak lortuko ditugu eta Europako kostaldeaz dugun egungo ezagutza pila bat handituko da.

Jaurlaritza Logoa