En direct

«Molde batzuk apurtu behar dira elkarbizitza osasuntsu bat izateko»

2023ko udan Euskal Herrian bizi diren baina jatorri ezberdina duten 22 eta 29 urte bitarteko zortzi gaztek zeharkaldi bat egin zuten. Hossain Kaanachek eta Diego Roucour de Corralek ‘Batera’ dokumentalean jaso dute bidaiak emandakoa eta Kaanachek Bigarren Kafean aurkeztu digu lana.

Audio_placeholder

«Molde batzuk apurtu behar dira elkarbizitza osasuntsu bat izateko»

Loading player...

Inteligentzia emozionalaren eta sozialaren alorrean lanean diharduen Monsso elkarteko kideak dira Kaanache eta Roucour de Corral. Egitasmoaren bigarren ekitaldia izan zen iazkoa baina Monssok esku hartu zuen lehena. Eusko Jaurlaritzako Ados batzordetik jaso zuten enkargua. «Gure intentzioa urtero egitea da, erakundeen laguntza izan edo ez» azaldu du Kaanachek.

Zeharkaldian parte hartu duten gazteen arteko elkarbizitza sustatzea zen helburuetako bat eta Kaanachek argi zuen horretarako garrantzitsua zela eguneko ordu guztiak elkarrekin pasatzea. «Batera gosaldu, batera barre egin eta batera negar egin dugu. Elkarrekin egote hori faktore mugatzaile oso positiboa izan da».

Tolosako mezkita, Begoñako basilika eta adinekoekin lan egiten duen Aspaldiko fundazioa bisitatu zituzten zeharkaldian eta horrek parte hartzaileengan emozio ezberdinak azaleratu ditu Kaanacheren aburuz. «25 urteko gazte batek esan zigun ez zuela sekula marrokiarra ez den inorekin bazkaldu eta hori Euskal Herrian gertatzen da; horrek niri gauza asko esaten dizkit».

Dokumentala duela aste batzuk estreinatu zuten Orioko Arraunetxean, herriko ikastetxeetako DBH 3 eta 4 mailetako ikasleen aurrean eta hemendik aurrera hezkuntza komunitatean zein beste alorretan hedatzea da helburua.

Entzun Hossain Kaanacherekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia

Jaurlaritza Logoa