En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Bi pertsona, ‘Hiru ate’

Silitia taldeak atseden hartuko du 2024 hasieran, ziurrenik badutelako material berriarekin lanean jartzeko nahia eta gogoa. Ibai Silicato eta Xabier Barrutia musikarien proiektuak zortzi abesti utzi dizkigu aurten, bi EPtan banatuta. 

Audio_placeholder

Bi pertsona, ‘Hiru ate’

Loading player...
Diskoaren portadako argazkian sofan eserita ikusi ditzakegu Xabier Barrutia eta Ibai Silicato
Diskoaren portadako argazkian sofan eserita ikusi ditzakegu Xabier Barrutia eta Ibai Silicato (Judith MELSIÓ)

‘Hegan-hegan/21 min’ deitutako maxi-single bat kaleratu zuen Silitia taldeak maiatzaren 10ean, gerora, hilabete beranduago, ekainaren 16an, ‘Hiru ate’ izeneko EP bat kaleratzeko. Bertan sei abesti gehiago sartu ditu talde bizkaitarrak.

Ibai Silicato ahotsaz eta perkusioaz arduratzen da, eta, gainerakoa, Xabier Barrutiaren lana da. Abangoardian kokatzen den musika proiektu bat dela esan dezakegu, hainbat estilo nahasten dituztelarik. Rap estiloan abestutako zatiak, ukitu urbanoa duten soinuak, rock klasikoagoa, drum & bass pixka bat, 80-90etako Euskal Herriko rocka, post-punka eta bideojokoen 8 bit estiloko musika ere bai. Hori guztia sartu dute ‘Hiru ate’ lanean.

Bizkaieraz idazten dituzte abestiak, sorkuntza etengabean murgilduta daude, eta birako 25. kontzertuarekin hasiko dute oholtzetatik kanpoko lana. Gogotsu daude horretarako ere, baina, aurretik, urtarrilaren 20an, Bilboko Kremlin aretoan izango dute apirilaren 22an Oñatiko Antixena gaztetxean hasitako biraren bukaera.

Ziur Kremlinera bertaratzen direnek ongi pasako dutela, guk elkarrizketa egin genuenean disfrutatu genuen bezain beste bada, zorionekoak joaten direnak. ‘Txori bat, hiru ate’ eta Silitiakoak bi, Ibai eta Xabier, fenomeno hutsak 2023 honetan lanak argitaratu dituztenen artean.

Jaurlaritza Logoa