En direct
Urtebetean hirugarren aldiz izan ditugu NAIZ Irratiko uhinetan Txopet taldekoak, eta hori ez da ohikoena izaten. Udaberrian kaleratuta zuten musikaren inguruan eta proiektua aurkeztu asmoz egindako hitzorduan, urtea bukatzerako diskoa ekarriko zutela kontatu ziguten. Tartean, ordea, BBK Live musika jaialdian ere igo ziren oholtzara eta kontzertu ostean egon ginen hizketan. Orduan aurreratu ziguten disko honetako soinua zuzenean entzun genuen hartatik gertu egongo zela, eta horrela izan da.
Zortzi kantu kaleratu dituzte Balaunka zigilu berriarekin. Vocoderraren erabilera agerikoa den disko honetan ahotsen ekoizpena nabarmentzeko moduko zerbait izan dela esan dezakegu. Baina gainerakoan ere soinu oso berezia eta pertsonala garatu du talde bizkaitarrak, izan efektuen erabileragatik edota estudioan egindako lanagatik. Zortzi kantuz osatutako diskoa, 80 eta 90etako giroa duten abestiak, ukitu britainiarra dutenak, baina denak ere gaurkotutako soinuarekin aurkeztu dituzte Julen Alberdik diseinatutako ‘Nahiz eta jausi’ diskoan.
Aurkezpena bera ere oso modu bitxian egin zuten, Bilboko Ciclos Ferro bizikleta dendan, jende askoren aurrean, halako zuzeneko bat emanaz. Argi utzi nahi izan zuten diskoaren eta zuzenekoaren artean dagoen desberdintasuna, baina baita lotura ere.
Aurreko asteburuan Igorreko Kiñu gaztetxean izan ziren Belako taldearekin eta urtarriletik aurrera segiko du 2023ko bukaeran hasi duten birak. Oñatin izango dira urtarrilaren 12an, Antixena gaztetxean, Nakar taldekoekin batera. Gero, 20an mungian, 26an Bakion, otsailaren 22an Gasteizen, apirilaren 26an Iruñean eta ekainean Azkena Rock Festivalen izango dira. Gehienetan Nakar eta EZEZEZ taldeak izango dituzte bidelagun, baina bestelakorik ere izango da. Zuzenean ikusi eta gozatzeko taldea ezbairik gabe Txopet.