En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Sarrera gutxi eta dena prest Hatortxu Rocken 28. ediziorako

Abenduaren 16an, larunbatarekin, izango da 2023ko Hatortxu Rock jaialdia ‘Amaiera berri bat’ lelopean. Azken sarrerak geratzen egunean bertan jarriko dituzte saltzeko eta guztia prest dute hamalau orduz aldarrikapena eta festa uztartzeko.

Audio_placeholder

Sarrera gutxi eta dena prest Hatortxu Rocken 28. ediziorako

Loading player...
Milaka lagun batuko dira beste urtebetez Atarrabian Hatortxu Rocken 28. edizioan.
Milaka lagun batuko dira beste urtebetez Atarrabian Hatortxu Rocken 28. edizioan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntza taldean dabilen Nekane Madariaga izan da NAIZ irratiko uhinetan aurtengo edizioaren nondik norakoen inguruko xehetasunak emateko. Urtero bezala, taldean aldaketak izan dituzte, baina horren aurrean Hatortxuk beti erantzun bikaina eman izan du eta hori ere kontatu digu Madariagak: «Urtero aldaketak egoten dira. Batzuk joan, jende berria sartu… garrantzitsua da berritze hori ere. Batzuetan ez gara ohartzen Hatortxuren atzean dagoenaz bertan sartu arte, eta, jende gazteari juerga egitea gustatzen bazaio ere, izugarri disfrutatzen dute barruan, lanean, sortzen den giro horrekin. 1999. urtean sortutako jaialdi bat gara, 28 edizio egin dituena. 4 pertsonez osatutako antolakuntza bat izatetik, talde motorean 100 pertsona dituen jaialdi bat izatera igaro gara. Hasieran 4 lan-taldez osatutako egitura batetik, 17 dituen batetara pasa gara 2023an. Pertsona desberdinak igaro dira urte guzti hauetan Hatortxutik eta urtero jende berria batzen da gurera, beraz, pozik gaude gure jendearen jarrerarekin eta parte-hartzearekin. Hemen denok gara beharrezkoak!».

Bart amaitu da sarrerak online eskuratzeko aukera eta 300 baino gutxiago geratzen zirela iragarri zuten: «Oso sarrera gutxi geratzen dira eta gunean bertan leihatilan erosteko aukera izango da. Aurtengo edizio honetan inoiz baino lehenago jarri ditugu sarrerak salmentan eta erantzun bikaina jaso dugu». 

Amaiera berri bat

Izenburu hori eman diote Hatortxu Rocken 28. edizioari. «Amaiera berri batean gaudela argi dago. Baina ez da amaiera bat, bide luzea dago oraindik egiteko. Egia da dispertsioaren afera denon artean konpontzea lortu dugula eta gaur egun senide geihenek ez dituztela ehunka kilometro egiten, baina oraindik laguntza behar dute gizarteratze prozesuan, medikuetarako, abokatuekin… horretan guztian oraindik ere laguntza beharrezkoa da. Horregatik uste dugu, bidea dugula egiteke», aipatu du Madariagak. «Hatortxu Rock dispertsioaren salaketarako eta horrek suposatzen dituen gastuak arintzeko sortutako ekimena da. Garaipen handia da dispertsioaren amaiera eta horrela ulertzen dugu guk. Hala ere, gatazkaren konponbiderako elementu garrantzitsutzat jotzen ditugu presoak eta hauen egoera kartzeletan. Hortaz, ulertzen dugu amaiera berri batek jarriko dituela herri honen etorkizunera begirako zutarri garrantzitsuak. Amaiera berri hori gauzatzeko, presoen eskubideak bermatzea eta horiek trabarik gabe garatzea ikusten dugu mugarri garrantzitsua», gaineratu du antolakuntzako kideak.

Gauzak horrela, eta guztiak kalean ez daudenez, espetxeetatik aurten ere jaialdia ikusteko aukera izango dute presoek: «Iaz izan zen hau egin genuen lehenengo aldia Hamaika Telebistaren bitartez eta aurten ere eginen dugu. Ordutegia ezin dugu oraindik zehaztu baina kontzertu batzuk eta ekitaldia ere ikusi ahal izango dituzte espetxe barruan. Iaz, barrutik, mezu oso hunkigarriak iritsi zitzaizkigun eta ezin genion uko egin berriz ere zuzenean eskaintzeari». 

Berrikuntzak azpiegituran

Etengabe eraldatzen doan jaialdia da Hatortxu eta bertaratzen direnen iritzi eta kezkak haintzat hartzen dituzte ahalik eta jaialdi onena eskaintzeko. «Aurtengo edizioak berrikuntza nabariak ditu azpiegituraren aldetik. Hiru karpez eta hiru eszenatokiz osatutako eremu bat antolatu dugu aurten. Batetik, bi agertoki izango ditugu bi musika eredu desberdinekin aldi berean jotzen. Bigarren tokian, sukaldearen eremuan jantoki handi bat jarri dugu aurtengo edizioan, aurreko urtean izandako arrakastaren ondoren. Era berean, ordainketak egiteko sisteman berrikuntzak egin ditugu ere. Aurreko edizioetan Tokenak erabiltzetik, aurten diruarekin kargatzen diren pultseretara igaro gara, dena errazteko helburuarekin».

Dena dela, berezitasunik nabarmenena auzolana dela azpimarratu nahi izan du Nekane Madariagak: «Hori da Hatortxuren altxorrik handiena. Errealitatea da geroz eta zailagoa dela jendeak horrelako ekintzentan sartu eta konpromisoa har dezan, baina Hatortxuk erakusten digu zer egiteko gai garen. Denak elkartuz gero, sekulako gauza politak eraikitzeko gai gara. Esaterako, gutako askok dugu HTX20a buruan, izugarria izan zen, herriak herriarentzat eraikitakoa. Hala, bada berezitasuna 2023. urtean 500 boluntarioz osatutako jaialdi bat antolatzen jarraitzea. Gaur eguneko gizartearen indibidualizazio eta merkantilizazio prozesuen baitan garatutako bizitzetan, egun batez, hainbeste pertsona aldi berean helburu baten baitan lanean aritzea izugarria da».

Jaurlaritza Logoa