En direct
Badira urteak joan eta urtea etorri Durangoko Azokako saltokietan hutsik egiten ez duten artistak. Batzuk ezagunak dira oso eta salmenta handiak izaten dituzte. Beste batzuk, berriz, maila apalagoan ibiliagatik ere bertan egoten dira, eta horiei eman nahi izan diegu ahotsa Zebrabideako bigarren mahai-inguruan.
Jabi Eiguren musikari lekeitiarra Jabi Patxon bezala ezagunagoa da eta, aurten, laugarren urtez jarraian diskoa kaleratu du, berriz ere Kofradia Rock taldeko kidaek lagun dituela. Oraingoan lan luzexeagoa atera du, 5 kantuz osatutako ‘Iraganaren deiak. Bera izango da, gainera, aurtengo Ahotseneako zikloa itxiko duena.
Aurelio Erdozainek argitalpen munduan bidea egin ostean Alai argitaletxea sortu zuen 2015. urtean. Hainbat motatako liburuak kaleratzen dituzte bertan, esate batera, haur eta gazte literaturako liburuak, turismo edota sukaldaritza liburuak. Durangokoa galdu ezin den hitzordua da argitaletxearentzat.
Roberto Etxebarriaren postua klasiko bihurtu da Landako gunean. Askok trikiti munduan beste hainbat erreferentzia izango dituen arren, Robertoren aurpegia ezaguna egingo zaio, eta ez da harritzeko, urte batzuk badirelako Durangoko Azokan bere postu propioa duenetik, eta, nola ez, urtero zerbait berria eskainiz. Azken urteetan alaba, Miren, ondoan izan du, gainera.
Durangora etortzera zerk bultzatzen dituen, zer eskuratzen duten hemen edota zertan hobetuko luketen azoka, hori guztia eta gehiago kontatu digute ordubetez Zebrabidean.