En direct

Feministen arteko elkarlana A30eko grebara begira

Sei egun besterik ez dira falta greba feminista orokorra ekiteko eta adinekoen egoitza bateko langile eta ELAko ordezkaria, LABeko zerbitzu soziokomunitarioen sektoreko arduraduna eta pentsiodunen mugimenduko kideak bildu ditu Naiz Irratiak, zaintza ereduaren inguruan hausnartzeko.

Audio_placeholder

Feministen arteko elkarlana A30eko grebara begira

Loading player...
Ezkerretik eskuinera, Aranberri, Escondrillas eta Mezo.
Ezkerretik eskuinera, Aranberri, Escondrillas eta Mezo. (NAIZ)

Astebete baino gutxiago falta da Hego Euskal Herrian greba feminista orokorrean murgiltzeko. Zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikapen  duen “Bizitzak erdigunean” plataformaren ibilbidean eta euskal gizartean inflexio puntu bat izatea espero da, eta, mugimendu feministarekin bat eginda, hamaika eragile, sindikatu eta mugimenduk eman diote babesa grebari. Atzo, horietako protagonistak gonbidatu zituzten Naiz Irratira. Aitziber Aranberri Donostiako egoitza bateko langile eta ELA sindikatuko ordezkariak, Ane Escondrillas LAB sindikatuko zerbitzu soziokomunitarioen sektoreko arduradunak eta Ana Mezo Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kideak zaintza lanen aitortza faltaz eta grebarako prestaketaz hitz egin zuten mikrofonoen aurrean.

2018 eta 2019ko martxoaren 8an greba feministak egin ziren, baina azaroaren 30ean lehen aldiz uztartuko da greba feminista eta greba orokorra eta, hori, Escondrillasen esanetan, beharrezkoa zen «aurrerapausoa» da. «Pozik heltzen diogu grebari, mugimendu feministak  mahai gainean jarri duelako eredu aldaketa bat beharrezkoa dela», esan zuen.

Atzera begiratuz, Aranberrik gogoratu zuen 2018an martxan jarri zutela greba sektoriala, eta mugimendu feministaren babesa jaso zutela. «Zein izan zen irakaspena? Elkarlana beharrezkoa dela», azpimarratu zuen. Ildo horretan, Mazok EHko pentsiodunen mugimenduan zaintzaren inguruan dekalogo bat egin zutela kontatu zuen, eta instituzioetako arduradunak interpelatzearen garrantzia azpimarratu zuen. «Hori da bidea, elkarren artean lanak egitea, komunean ditugun planteamenduak hartzea eta aliantzak sortzea», nabarmendu zuen.

Elkarlanaren harira, gizonen paperari buruz ere mintzatu ziren gonbidatuak. Izan ere, Aranberrik hainbat borroka sindikal partekatu ditu gizon langileekin eta, ildo horretan, adierazi zuen «zaintza lanak denok behar ditugula, gizon zein emakumeek». Mezoren arabera, pentsiodunen mugimendua hedatzen den herri askotan emakumea da «motorra», baina erabakiak hartzeko orduan oraindik ere «karga kulturala dugu». «Grebari begira, mugimendu feministak planteatu duen moduan, bigarren lerroan egongo dira gizonak. Asuntoa ez da bakarrik 30ean, zaintzak partekatu behar dira abenduaren 1etik aurrera», gehitu zuen.

Arrazoiak ez dira falta

Zaintza lanetako langile gisa, arrazoi asko daude grebara batzeko, Aranberriren aburuz. Alde batetik, eskakizun historikoak daude, zaintza publikoa, doakoa eta denontzako izango dena. Bestalde, «kalitatezko zaintza bat» aipatu zuen Aranberrik. «Pertsonekin ari gara lanean, eta egoitzetan jasotzen duten zaintza ez da batere kalitate onekoa. Halaber, sektore feminizatua gara, zaintza lanak egiten ditugu profesionalki, baina normalean lanetik ateratzen garenean ere zaintza lanak egin behar ditugu», adierazi zuen.

Mazok emakume pentsiodunen egoera salatu zen. Nabarmendu zuenez, Hego Euskal Herrian badaude 218.000 pentsiodun 1.080 eurora heltzen ez direnak. Gehienak, noski, emakumeak dira. «Oso kuriosoa da, emakume horrek ez du pentsio duin bat, zaintza lanetan aritu delako etxean bere bizitza osoan zehar. Bere ekarpena ez da izan dirutan, ez duelako kotizatu, ez duelako lan produktiboa egiten», azpimarratu zuen pentsiodunak.

Escondrillasek adierazi zuenez, arazo horien guztien atzean gaurko zaintza sistema eta zaintza ereduaren logika pribatizatzailea dago. Horrek, halabeharrez, zaintza sistema berri batera eraman behar gaituela uste du LABeko arduradunak, zeinean enpresa pribatuak zaintza sektoretik kanpo geratuko liratekeen. «Zaintza negozio bat da, eta ezin diegu utzi instituzioei zaintza lanekin negozio bat egiten. Argi izan behar dugu udalek, aldundiek eta gobernuek bultzatzen dutela pribatizazioa», esan zuen. «Langile falta dago, material falta, bajak ez dira kubritzen, ezta oporrak ere. Etxeko langileen kasuan, zer nolako baldintzak dituzte? Etxean daude sartuta zazpi egunez, askotan kontraturik gabe. Egoera oso latza da, eta nik uste dut greba hau baliatu behar dugula eredu aldaketa hori bultzatzeko, eta EAJ, UPN, PSNri, horiek direlako pribatizazioaren logika bultzatzen ari direnak, modu kolektiboan interpelazio bat egiteko», nabarmendu zuen LAB sindikatuko kideak.

Donostiako Tabakaleran zainketei buruzko lehen euskal biltzarra egin da hilabete honetan, Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak antolatuta. Bertan, EAJk zaintza sistema publiko, komunitario eta feminista aldarrikatu zuen. Adierazpen hauen inguruan galdetuta, Aranberrik eta Mazok «propaganda» eta «adar jotze bat» baino ez dela argudiatu zuten.

«Zaintza sistema hobetzeko ez dute ezer egin. Beti berdina esaten dute, publizitatea egiten dute. Orain dela hamazazpi urte hasi nintzen sektorean lanean, eta gainbehera bat ikusi dut nire lanean», kritikatu zuen ELA sindikatuko kideak. Mezok, gainera, Gasteizko zein Nafarroako Parlamentuan egindako batzarrak eta bilerak gogoratu zituen, eta aipatu zuen alderdi politiko guztiek ez dutela modu berean erantzuten. «Gasteizko Parlamentuan, adibidez, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk zuzenketak aurkeztu zituzten aurrekontuetan gure pentsiodunen egoera hobetzeko», adierazi zuen pentsiodunak.

Zaintza eredua 

Askotan zaintza-eredua familista dela salatu izan da. Zainduak izateko eskubideaz hitz egiten dugu, baina aldi berean zalantzan jartzen da zaintzeko derrigortasun hori, nukleo familiarretan emakumeengan erortzen delako ardura hori. «Lehen aipatu dudan dekalogoan, ‘ez zaintzeko eskubidea’ aipatu genuen. Gero behar bada zainduko dut, baina ez emakumea naizelako», adierazi zuen, ildo horretan, Mezok.

Bere sektorera begira, bizitza osoan zehar kotizatu gabeko zaintza-lanak egin dituen pertsona batek egoitza batean plaza bat eskuratzeko dituen zailtasunak aipatu zituen Aranberrik. «Urtean, 16.000-17.000 euro ordaindu behar ditu. Nola da posible hori? Horrek, gainera, sentsazioa ematen digu zaintza oso garestia dela, baina pribatizatuta dagoelako. Hemen zaintzan dirua inbertitzen da, baina oso zati txikia bideratzen zaio zaintzara bertara edo langileen baldintzak hobetzera; poltsiko pribatuetara doa», gehitu zuen.

Etorkizuneko zaintza

Zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitu beharko bagenu, zer litzateke ezinbestekoa Escondrillas, Mezo eta Aranberrirentzat? «Instituzioek kudeaketa zuzena eta zerbitzuen kontrol zuzena izan beharko lukete, bai zaharren egoitzetan, bai etxez etxeko laguntza zerbitzuetan, bai bestelako zaintza sektore batzuetan», adierazi zuen LABeko arduradunak. Hala ere, batzuetan mesfidantzak sortzen dira: «Langileei beldurra ematen die askotan, bizitza osoan zehar nomina enpresa pribatu batek ordaindu dielako; beren sostengu ekonomikoa izan da, prekarioa izan bada ere. Orduan, langileak politizatu behar ditugu eta ariketa eta lanketak egin horiekin».

«Publikoa izatea ezinbestekoa da. Bestalde, azpikontratetan bizi diren egoerekin ere amaitu behar da. Adibidez, egoitza publiko berean lan egiten duten langileek baldintza ezberdinak dituzte, soldata ezberdina, azpikontratatutako enpresa batetik datozelako. Beraz, egoera horiek azaleratzea ezinbestekoa da. Bestalde, zaintza kalitatezkoa izatea ere bermatu behar da», gaineratu zuen Aranberrik.

Publikoa, bai, baina «komunitarioa» hitzari ere erreparatu nahi izan zion Mezok. «Komunitarioa da elkar zaintzea, eta elkar zaintzea hori zer da? Jendeari galdetu behar zaio, herritarrek parte hartze prozesuetan esku hartu behar dute zaintzari buruz hausnartzeko.

Jaurlaritza Logoa