En direct

NAIZ irratia

«Kezkagarria da noren esku gelditzen ari den hizkuntza-politika egiteko eskumena»

Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakari Idurre Eskisabelek euskarari lehentasuna ematen dion Udal Legearen aurkako EAEko Auzitegi Nagusiaren azken epaia salatu du. Hizkuntza politikak botere judizialaren esku gelditzen ari dela azaldu du. Azaroaren 4an Bilbon egingo du Kontseiluak manifestazioa.

Audio_placeholder

«Kezkagarria da noren esku gelditzen ari den hizkuntza-politika egiteko eskumena»

Loading player...
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria, Hendaian.
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria, Hendaian. (NAIZ)

Pasa den uztailean Espainiako Konstituzio Auzitegiak euskarari lehentasuna ematen zion Toki Erakundeei buruzko EAEko legearen artikulu bat baliogabetu zuen, gaztelania kaltetzen zuela argudiatuta. Orain, EAE-ko Auzitegi Nagusiak bide bera hartu eta lege horren beste artikulu batzuk utzi ditu bertan behera.

Idurre Eskisabelek euskararen eta hizkuntza normalkuntzaren aurkako oldarraldi judizialean «pausu bat gehiago» izan dela nabarmendu du. Nafarroan, EAE zein Ipar Euskal Herrian, hiru eremuetan urtetan eman den joera dela azaldu du, baina azken hilabeteetan EAE-an emandako intentsifikazioak asaldura sortu duela gehitu du.

Eremu judizialean hizkuntza-ideologia bat dagoela argi gelditzen ari dela dio Eskisabelek, gazteleraren «kokapen supremazista» batetik edo «jarrera euskarafobo» batetik ekiten ari direla, alegia. Administrazio eta instituzio politikoen esku egon beharrean, hizkuntza politikak «botere judizialaren kontrolpean» direla salatu du. Eta halako epaiekin, euskararen normalkuntza eta berdintasun egoeraren bermatzea kinka larrian jartzen ari dela azpimarratu du.

30 eguneko epea du Lakuako gobernuak helegitea aurkezteko. Babesa adierazi dio Euskalgintzaren Konsteiluak Hizkuntz Politiken Sailburuordetzari eta Gobernantza Sailburutzari. Bide jurudikoaz gain, bestelako irtenbide soziopolitikoak beharko direla uste du Eskisabelek. Zentzu horretan, euskararen normalkuntza helburu duten eragile sozial guztiek norabide berean jardutea beharrezkoa izango dela nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa