En direct
Nerea Urbizu izan da aste honetako 'Doinuetatik Haratago' tarteko gonbidatua. Bere abesti kuttunen zerrenda osatu digu, musikaren sortze eta zabaltzen asko aritu den arren, oraingo honetan, entzule gisa musikarekin duen harremana deskribatuz. Lau abesti zerrendatzea kostatu zaiola aipatu digu baina azkenaldian bere bizitzan presentzia handia izan dutenak zerrendatzea erabaki du.
Lehen kantu kuttun gisa, Jamaican Reagge Cuts taldearen 'I put a spell on you' abestia aukeratu du Nereak, bere hitzetan, «Momentu lasaietan askotan jartzen dudan abestia da». Mota askotako bertsioak izan dituen abestia da baina Nereak oroitzen du noiz ezagutu zuen. «Nina Simonerekin deskubritu nuen, 2000 urtean edo, eta aurrekoan bertsio originala ere bilatzen aritu nintzen eta merezi du». Momentu lasaietaroko antidoto ederra beraz. «Kantuak 70 urte inguru ditu baina nekatzen ez nauen horietakoa da».
Bigarren kantu kuttun gisan Ødei artistaren 'Zer nahi genuen' ekarri nahi izan du gurera. 'Terapia' disko osatzen duen abestietako bat da hau, lehenagotik ere beste taldeetan aritu zen Ødei, baina hau izan zen bere lehen bakarkako lana. «2zio taldea ezagutzen nuen te lagun batek hau gomendatu zidan, kantua entzun eta maitemindu egin nintzen, behin eta berriz entzuteko gogoa pizten dit abesti honek». Hitzen garrantzia eta hauek musikaren nola bat egiten duten azpimarratu nahi izan du Nereak. «Benetako perlak botatzen ditu, ez naiz gai dena botatzeko baina kotxean asko entrenatzen naiz; entzuten den piano melankolikoak, gainera, indarra ematen dio abestiari eta iruditzen zait letrak eta musikak oso ondo egiten dutela bat».
Hirugarren kantu kuttun gisa Anthony & the Jonhsons taldearen 'What can I do' kantua ekarri nahi izan digu Urbizuk. «Musika momentuarekin lotzen dut, eta bizitza momentuz beteta dago. Talde hau deskubrimentu bat izan zen niretzat, gainera zuzenean bi aldiz ikusi ditut, eszenatokian agertu e a ni malkotan». Musika unearekin eta egoera emozionalarekin lotu ohi dugu, eta nereak ere aipatu du konexio hau. «Transmititzen duten pena hori asko iristen zait, eta bolada txar bat bizi izan dudanean asko entzun izan dut, esaten da ba triste gaudenenan halako musika entzun behar dela hobetzeko, ez? ». Abesti laburra da hau, zuzenean erraietara doan horietakoa. «Daukan erritmo ez konstante horrek asko gustatzen zait, ematen dio bere xarma. Asko gustatzen zait talde hau, momentuetarako».
Azken kantu gisa Florence and the Machine taldearen 'You’ve got the love' aukeratu du Nereak. «Kotxean goazenean alabak hau kantatzen ikusteak ez dauka preziorik». Taldeak edo kantuak modu ezberdinetan iritsi ohi dira gure belarrietara, eta kuriosoa da Nerearen kasuan, kantu eta talde hau nola deskubritu zuen. «Duela 7 urte deskubritu nuen, nik harpa jotzen dut eta talde honek erabiltzen du, beraz, hala ezagutu nuen». Kualitate asko ikusten dizkio Nereak Florence artista berari eta honen musikari. «Ahotsarekin desafinazio eramangarriak egiten ditu, goitik bezela geratzen da ahotsa, baina oreka lortzen du, inperfekzio horrekin, naturaltasuna ematen dio, indar handia du emakume honek».