En direct

NAIZ irratia
Entrevue
Garikoitz Nazabal
EHNE Gipuzkoako idazkari nagusia

«Behien gaixotasunaren inguruan egoera dirudiena baino gordinagoa da»

Behi-aziendaren gaixotasun hemorragikoa zabaldu da Gipuzkoan. EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusi Garikoitz Nazabalek egoera larria dela uste du eta birusaren transmisioa eta gaitzaren ondorioak uste baino larriagoak izaten ari direla ohartarazi du.

Audio_placeholder

«Behien gaixotasunaren inguruan egoera dirudiena baino gordinagoa da»

Loading player...
Garikoitz Nazabal, EHNE Gipuzkoa
Garikoitz Nazabal, EHNE Gipuzkoa

Nola iritsi da behi-aziendaren gaixotasun hemorragikoa Gipuzkoara? Eta zer gertatzen zaio behiari?

Beste gaitz batzuekin gertatzen den modu berean, honakoa ez da animali batetik bestera kutsatzen den gaitza. Transmisore lana moskitoek egiten dute: gaixotutako animali bat ziztatu eta ostean beste batengana joan eta ziztatzean, birusa kutsatzen dio bigarrenari.

Klima larrialdiaren ondorioz iritsi dela diote batzuk baina atzerrian ezaguna zen gaitz hau; espainiar estatuan gerora sartzen ari da. Mundu globalizatu honetan dugun pertsona, animali eta merkantzia mugimendua ikaragarria da, beraz moskitoen zabalkunde hori erraza suertatzen da.

Gipuzkoan datu ofizialek diote 100 eta 120 kasu inguru daudela, baina jakin badakigu dezente gehiago direla. Harrituta gaude, espainiar ministeritzatik eta zenbait gobernutatik diskurtsoak oso arinak direla iruditzen zaigu, egoera leku askotan ematen duena baino gordinagoa delako.

%10 ingururi soilik eragiten diola, hilkortasun tasa txikia dela, gaixotu aren sintomak garatzen dituztenak gutxi direla... esaten ari da, baina ezagutu ditugu kasuak zeinetan animaliak oso kaltetuak dauden. Birusa pasa bitarte, animaliei sintomak aho aldetik agertzen hasten zaizkie: zauriak agertzen zaizkie, sudur-mintzetan mukiak sortzen dira eta animaliek jateari eta edateari uzten diote. Deshidratatzen hasten dira, eta beroa gehituta, animaliek kolapsatu egiten dute.

Badira kasuak animali kopuru oso handia kaltetuta dutena. Antsietatea zabaltzen ari da, jendea beldurrez dago. Izan ere, oso erraz pasatzen dira animaliak ezer ez izatetik oso egoera delikatura. Estres maila beldurgarria da. Izan ere, oso tratamendu gutxi du gaitzak, birikoa baita. Animaliek sortu behar ditu antigorputzak. Antiinflamatorioekin tratatu daiteke eta sor daitezkeen bigarren mailako infekzioak sendatu, baina tratamendua oso mugatua da.

Gipuzkoara Bergara eta Zumarraga aldetik sartu eta kostara iritsi da. Urolan oso gogor sartu da. Irailean kasu arinagoekin hasi ziren, baina orain kasu gogorragoak ematen ari dira. Antiinflamatorioa eman arren kosta egiten zaie animaliei onera egitea. Hildako animalien datu ofizialik ez dugu baina susmoa dugu mordoxka direla. Astelehenean 90 etxetan 100-120 animali gaixo zeudela esan du Aldundiak baina guk badakigu gehiago direla kutsatutakoak eta horietatik asko larri daudela. Gipuzkoaz hitz egiten ari da baina ziur nago konturatu ez direlako edo zenbatu ez direlako dela, eta beste eremu batzuetan ere badirela kasuak. Moskitoak ez du mugarik ezagutzen.

Behi bat gaixo eta hil egiten bada, horrek zenbateko kostua izaten du abeltzainarentzat?

Animalien haragitako balioa, esaterako, adinaren arabera eta animali espeziearen arabera aldatzen da. Hori kontuan izanda, galera 1.500 eurotik 3.000 euro artekoa izan daiteke. Kontuan hartu behar dugu batzuk hil ez, baina oso egoera kaxkarrean gelditzen direla, pisurik gabe. Animali horrek biziraun bai, baina buelta ematerako... Hitz handiak dira eta kuantifikatzen zaila da.

Sektorearen egoera aurrez oso konplikatua bazen, orain larriagoa da. Lainotan harrapatu gaituenaren sentsazioa dut. Gertutik bizi dutenak larrituak daude baina beste batzuk lasaiago daude. Kontuz ibili behar gara. Kontua serioa da. Agian diskurtso ofizialak jende bat lasaitu du, egia da esnetan eta haragitan, kontsumitzailearentzat, ez duela inongo eraginik. Baina abeltzainentzako kristoren triskantza izan daiteke; eta izaten ari da. Ez da histeriarik sortu behar, baina kontuz ibili behar da. Batik bat, eragina oso azkar delako eta garaiotan animaliak punta batetik bestera, mendietan, dabiltzalako. Bero garaia da gainera eta intsektu populazioa handia da. Hotzak lagunduko duela diote, baina iraila amaitu gabe egonik azaroari begira jartzea... Luze joko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-partida bat ezarriko du behien tratamendua %100ean finantzatzeko. Beste iturri batzuk diote ez dagoela tratamendurik. Zein da afera?

Esan moduan, gaitza birikoa da eta animaliek antigorputzak sortu behar dituzte. Gaitzaren kontra tratamendurik ez dago. Farmazeutikaren bati zenbakiek eman arte txerto prebentiborik ez da egongo; askotan gainera, txertoa gaitza baino okerragoa da.

Kontua, baina, gaitzaren ondorioz sortzen diren beste arazoak dira: ahoko zauriak, batik bat. Antiinflamatorioak eman behar zaizkio animaliari edaten eta jaten jarrai dezan. Bestela, hor hasten da katea: hankak gogortu egiten dira, ezin dira ibili, mingaina ateratzen zaie... Eta animali bati 30-40 litro ur ematea ez da lan makala. Bigarren mailako infekzioak sortzen dira askotan ere, defentsa baxuen ondorioz. Antibiotikoak ematen zaizkie kasu horietan.

Tratamenduen ordainketaren harira, astelehenean Aldundiak krisi-mahai batera deitu gintuen, nahiz eta aurrez publiko egin zuten. Ikusi beharko dugu zein den praktika. Gurekin adostu gabekoa izan da eta, gainera, bertan esan genien bezala, gaitza beste herrialde batzuetara hedatzen ari da. Eta iruditzen zaigu kalte-ordainetan jarri beharko genukeela arreta; izan ere, tratamenduko botikaren prezioa arriskuan jartzen ari garenaren balioarekin alderatuta, hutsaren hurrengoa da. Ez da nahikoa. Behi bakoitzeko gehienez 20 euroko balioa estimatu dute, hala jakin dugu albaitarien bitartez, ez haiek esanda. Kontuan hartuta albaitariaren bista 40 euro direla eta animaliaren balioa bera, ez du askorako balio izango.

Horretaz gain, kontuan hartu behar da irailaren 23an jarriko dela martxan neurria. Horrek esan nahi du aurreko asteetan kaltetuak izan diren abeltzainak kanpoan geldituko direla. Ez dugu ulertzen zergatik ezin den retro-aktibitatea aplikatu, kasuak irailaren hasieran hasi baldin baziren.

Agian horren atzeko logika ahalik eta kopuru txikienak kontabilizatzea izango da. Guk ikusi dugu zein gainezka eginda dauden zenbait ardura egotzi zaizkien albaitari asko. Krisian baldin bagaude, krisian gaude. Krisi-mahaia deitu zaio, beraz maila bereko neurriak hartu beharko dira. Lehen bilera izan da, ikusi beharko dugu zien den garapena. EHNEtik argi dugu norabidea denei laguntzea izan behar dela. Izan ere, administrazioaren begietan badirudi zalantzarik badago, beti delinkuenteak garela. Traba eta zailtasun asko jartzen ditu administrazioak. Gaitza indartsu sartu den etxeetan eragina handia izan da eta administrazioak tamaina berean hartu beharko lituzke neurriak. Guk proposamenak eramango ditugu hurrengo bilerara; ikusiko dugu zein den haien jarrera.

Behiak afizioz dituzten pertsonen kasuan ere tratamendua finantzatuko da?

Kasu honetan bai, hala izango da. Bertatik bizi dena bertatik bizi delako. Baina jende asko dago dozena bat behi dituena, bi hil zaizkio eta besteek sintomak dituztenak, eta dena bertan behera uztea pentsatzen dabilena. Errentagarritasun ekonomikoa hutsaren hurrengoa da, traba burokratikoak eta betebeharrak behetik gora doaz. Jendea nazkatua dago.

Ez da proportzionaltasun berdinarekin jokatzen. Gutxi dituenak gutxi dituelako, eta soldata atera beharrean dagoena, margenik gabe, triskantza egiten diolako... bi kasuetan alturan egotea eskatuko duen egoera baten aurrean gaude. Ez da erraza, ez dugu histeriarik sortu behar. Baina kontua serioa da.

Jaurlaritza Logoa