En direct
Game Erauntsia laugarrenez abiatu dugu, eta urteko ezustekorik handienetakoari buruz hitz eginez hasi gara: Baldur’s Gate 3. Sarbide goiztiarrean hainbat urte eman ondoren, Larin Studios taldeak behin betiko bertsioa argitaratu du ordenagailuetan zein PlayStation 5 kontsolan.
Bideojokozaleek ez ezik, rol eta mahai jokoen jarraitzaileek ikaragarri gozatuko duten lana da. Ziegak eta herensugeak jokoetako D&D 5e arauak jarraitzen dituenez, arauak eta mekanikak ezagunak izango dira askorentzat. Wizard of the Coast-en magiaz betetako munduan murgildu gara gure bizipenak kontatzeko.
Albistegian, berriz, bideojokoen azken aurkezpen handiei buruz hitz egin dugu. Tokyo Game Show azokaren aterpean bideo emanaldi bereziak eskaini ditu bai Nintendok, bai PlayStationek. Switch eta PlayStation 5 kontsoletan datozen hilabeteetan estreinatuko diren lanik interesgarrienak ezagutzera eman dituzte Nintendo Direct eta State of Play zuzenekoetan.
Alde batetik, N handiak Paper Mario The Thousand-Year Door, F-Zero 99, Mario vs. Donkey Kong, Another Code: Recollection edo Princess Peach: Showtime erakutsi ditu. Bestetik, Final Fantasy VII: Rebirth, Marvel’s Spider-Man 2 eta Avatar: Frontiers of Pandora agertu ziren PlayStationekoen zuzenekoan.
Oporraldiak atseden hartzeko aukera eskaintzeaz gain beste zerbaitetarako balio izan digu: euskaratutako bideojokoak prestatzen bukatzeko. Hamar izan dira aurreko denboraldia amaitutzat eman genuenetik argitaratutako itzulpenak eta lokalizazioak.
Basajaun Games estudio bilbotarrak euskaratutako Ciao Nonna eta A pet shop after dark novela bisualetatik hasita, Josu Igoa zaleak A Short Hike nahiz Minit indie abentura sarituen lokalizazioa burutu du. DigiPen Bilbo ikastetxetik Astrality doako shoot ‘em up jokoa jaso dugu; Aiguanachein garatzaileak, berriz, bere Powa retro plataforma abentura euskaratuta ikusi du Natalia Martin zalearen eskutik. Mikel Larreategi xake jokalariak horren modan dagoen Lichess kode irekiko xake titulua itzuli du gure hizkuntzara.
Bukatzeko, Game Erauntsiatik bideojokoen munduko klasikorik handienetako bat euskaratzen ibili gara: SNES kontsolan argitaratutako Super Mario World mitikoa. Itzulpen ofiziala izan ez arren, maisulan honetaz gure mintzairan goza dezakegu orain.