En direct

Oinatz Aizpuru

Zergatik hil dira ehunka amuarrain eta izokin Urumean?

Izokin, amuarrain eta bestelako espezieetako ehunka arrain hilik agertu dira Urumea ibaian, Hernani inguruan. Itxura guztien arabera, ibaiaren ur-emari eskasa eta uraren tenperatura altua izan dira gertakariaren aldagai erabakigarriak. Eguzkiko Garikoitz Plazaolaren azalpenak jaso ditugu.

Audio_placeholder

Zergatik hil dira ehunka amuarrain eta izokin Urumean?

Loading player...
Eguzkik ez du uste industriako isurketa toxiko bat izan denik, baizik eta beste mota batekoa, arrainei errematea eman diena. Lehenago estu zebiltzan eta horrek akabatu ditu.
Eguzkik ez du uste industriako isurketa toxiko bat izan denik, baizik eta beste mota batekoa, arrainei errematea eman diena. Lehenago estu zebiltzan eta horrek akabatu ditu. (EGUZKI)

Ehunka arrain hilik agertu ziren abuztuaren 21eko astean Urumea ibaian, Hernaniko Karabel zubiaren inguruan. Gehienak neurri txikiko amuarrain eta izokinak dira. Topaketa salatu du Eguzki talde ekologistak, udan ibaiak egoera larrian egon direla nabarmenduz. Jazoera honetan sakondu dugu, Garikoitz Plazaola talde ekologistako kidearekin elkarrizketan.

Plazaolak azaldu duenez, ibaien egoera zaila izan da uztaila eta abuztuan, eta uda sasoiko edozein isuri txikik gerta daitekeena larriagotu egiten du. Herritar batek eman zien lehendabiziko abisua, Karabeleko zubipean hildako ehunka arrain agertu zirela adieraziz. Hori zergatik gertatu zen ikertzeari ekin zioten orduan. «URA Uraren Euskal Agentziarekin eta basozainekin harremanetan jarri ginen, eta, eurek emandako informazioa eta guk jasotako datuak batuta, uste dugu hainbat faktore elkartzearen ondorioa izan dela».

Bi arrazoi nagusi ikusi dituzte gertaera honen atzean. Alde batetik, Urumeak ur gutxi zeraman abuztuaren 21eko aste hartan, azken egunetako euriaren eraginez gehiago daramalako orain. Eta, bestetik, uraren tenperatura altua zen. «22 graduren bueltan zegoen, lekuaren arabera dezima batzuk aldatzen baziren ere. Hori ibaietarako oso tenperatura altua da».

Aldagai garrantzitsua

Tenperatura altuaren eraginez, urak oxigenoa garraiatzeko gaitasuna galtzen duela esplikatu du Eguzkiko kideak. Ur eta oxigeno gutxi izatea beste edozein gertakari xumerekin elkartzen bada, ohiko egoera batean oharkabean pasako zena aldagai garrantzitsu bilakatzen da, ondorio negatiboak dituena. Egun hauetan erregistratukoen parekoak: 200 arraindik gora hilik. Gertaera xume horietako bat izan daiteke kale garbitzaileek erabilitako garbikariak estolderiara isurtzea eta bertatik ibaira joatea. «Hori egoera normal batean ez da arazo izaten, baina halako baldintza behartu edo muturrekoetan aldagai oso-oso garrantzitsu bihurtzen da. Hortaz, nahiz eta ez dakigun zer motatako isurketa edo gertakaria izango zen, ez dugu uste industriako isurketa toxiko bat izan denik, baizik eta beste mota batekoa, arrainei errematea eman diena. Lehenago estu zebiltzan eta horrek akabatu ditu».

Horrelako gertaeretan ohi duten bezala, erakundeek esan diete ikertzen ari direla, uraren tenperaturaren datua eman dute, eta euren susmoak hortik doazela azaldu dute, Eguzkirenak bezala. Baina ikerketa itxitzat eman arte ez dute emaitzarik ematen, eta talde ekologistak dakiela behintzat ikertzen segitzen dute oraindik. «Jarraipena egingo diegu, arrainak zergatik hil diren jakiteko. Dena den, arrazoia hori izan zela uste dugu, Euskal Herriko edozein ibaitan abuztuaren 21eko astean egon zitekeen egoera bera, hain zuzen ere».

Klima aldaketaren ondorioz, ibaiek udan izaten duten egoera aldatuz joan dela aipatzen da, baina kasu honetan klima aldaketak baino, gizarte bezala ibaiekiko dugun ohiko jarrerak garrantzi handiagoa izan du, Garikoitz Plazaolaren esanetan. «Hau da, ibai arroak gure beharrak asetzeko egokitzen ditugu, zabalduz eta urbanizatuz. Eta, batez ere, urbanizatutako lekuetan ibaiertzetako landaredia desagerrarazten da. Denek dute garrantzia, baina kasu honetan bereziki zuhaitzek. Horren eraginez, ibaiak itzal gutxiago dauka edo itzalik gabe geratzen da, eta ondorioz uraren tenperatura gehiago igotzen da».

Adituak berretsi duenez, kasu honetan kalte handiagoa egin du, ibaiari orokorrean, baina bereziki gune hiritartuetan ematen diogun garrantzi eskasak klima aldaketak baino, nahiz eta, noski, tenperatua altuagoa izateak beti duen eragina.


Prebentzio neurriak

Eguzkiko kideek prebentzio neurriak eskatu dituzte; ibaiak lehengoratzea eta landaredia ugaritzea, besteren artean. Ohikoak izanda ere, Urumeakoa bezalako isurketak ekidite aldera ahalik eta gehien zaintzea defendatu dute, unean uneko beharrei erantzuteko, alde batetik.

Bestetik, epe luzera hartu beharreko neurriak azpimarratu ditu Garikoitz Plazaolak. «Uste dugu ibai ondoko ibarrak ez direla behar bezala tratatzen, ahalik eta gehien urbanizatzen dira eta, batzuetan, esango nuke legediari eta lurralde antolaketako neurriei behar bezala begiratu gabe edo horiek gaindituz. Gainera, ubideraketak ere egin izan dira ezinbesteko lan bezala eta gaur egun hidrogeologoak frogatzen ari dira sarri desegokiak izan direla, oso gogorrak, eta badirela ubideratze samurragoak, beste mota batekoak, ingurumena gehiago errespetatzen dutenak, baita ibaiaren zikloak ere», adierazi du Eguzkiko kideak.

Jaurlaritza Logoa