En direct

NAIZ Irratia

Sagastaren kontrako motina gogoan Donostian, 130 urte bete direnean

Abuztuaren 27an 130 urte beteko dira Donostian  Sagastaren aurkako motina egin zenetik. Urteurrena gogoan, Gamazada Donostian Herri Ekimenak ekitaldia antolatu du. Bertako kide Martin Anso historialariak azaldu dizkigu bai duela 130 gertatutakoak eta baita iganderako zer antolatu duten ere.

Audio_placeholder

Sagastaren kontrako motina gogoan Donostian, 130 urte bete direnean

Loading player...
Martin Anso
Martin Anso (NAIZ Irratia)

Igandean, hilaren 27an, 130 urte beteko dira Donostian Praxedes Mateo Sagasta orduko Espainiko gobernuburuaren aurkako mutina egin zenetik, Euskal Herrian foruen defentsan sortutako Gamazada mugimenduaren testuinguruan. Donostian, istilu larriak gertatu ziren eta hildakoak egon ziren; gutxienez, sei hildako.Jazoera historiko hau oroitarazteko kantu bat askatasunari ekimena deitu dute. Gamazada Donostian Herri Ekimeneko kidea Martin Anso Harian izan da.
Historialariaren hitzetan, Gamazadaren abiapuntua Madrilen kokatzen da. Izan ere, garai hartako ogasun ministroa zen German Gamazo, eta honek Foruen azken hondarrak ziren kontzertuak zalantzan jartzen zituen dekretu bat jarri zuen indarrean. Horrek foru zaleen artean aurkako mugimendu zabal eta indartsu bat eragin zuen.

Nafarroan indar handia hartu zuen mugimenduak, garaiko diputazioa ere buru jarri zelako, baina Hego Euskal Herriko hiri eta herri askotan izan ziren liskarrak eta istiluak.Tartean zen Donostia ere. Eta hain zuzen ere, abuztuaren 27an 130 urte beteko dira Donostian Gamazadaren aldarrikapena nabarmenki ikusi zela. Egiazki, hau,  Sagastaren kontrako motina izan zen, abuztua zen, zezenketak bukatu berri, kasinoa jendez lepo. Boulebarreko kioskoan udal musika banda jotzen ari zen, eta eskatu zieten Gernikako Arbola jotzea.  Alkateak programatik kanpo ezer  ez jotzeko agindu zuela eta, uko egin zioten eskaera honi. Orduan bertan bildutako batzuk a capella abestu zuten Gernikako arbola, garaiko udaltzainek atxilotu nahi izan zituzten eta liskar izugarria eragin zuen honek.

Istilu betean, batek oihukatu zuen «goazen Sagastaren etxera!.Hau Londres hotelean zegoen, eta hara joan ziren manifestazioan Gernikako arbola abestuz. Polizak hotelera sartzea eragotzi zien eta harrika hasi ziren manifestazioan zihoazenak kristal guztiak apurtuz. Orduan, guardia zibilak hoteleko  atzeko atetik sartu eta abisatu gabe tiroka hasi ziren, eta gutxienez 6 hildako izan ziren tiroketa haren ondorioz. Armada ere kalera atera zen, errepresioa oso bortitza zen.Hurrengo egunean udal bandak berriz jo zuen, jendeak eskatu zuen isiltzeko hildakoei errespetuz, eta Guardia Zibilak berriz  erasotu zuten, zaldiz oraingoan. Errepresio horren bortitzak alkatea ere beldurtu zuen. Asanblada egin zen, eta bertan akordatu zen Armada ta Guardia Zibilak erretiratzea kaleetatik  eta asanbladatik bertatik antolatu zen ordena publikoa mantenduko zuen taldea, eta baita gero  Gernikako arbola abesteko erabakia ere. Hor bukatu zen motina.

Azpimarragarria da beraz, Gernikako arbola kantuaren esangura-tasuna: Iparagirreren kantua, euskal foruen askatasunaren ikurra zen, eta arko politiko guztia  irudikatzen zuen, karlistak bai, noski, baina baita  liberalak ere. Datu esanguratsua da, hildakoen kopurua egun sei lagunetan kontabilizatzen dela, urteetan zehar hiru izan zirela esaten zenean. Ez ka kasualitatea halako datuak ezkutatu izana Martin Ansoren hitzetan, Donostiaren historia beti gozatu nahi izan baita, eta bellepoqueismo-aren itzalpean geratu izan da beti hiriaren benetako historia.

Igande honetarakoa antolatutako ekimenari dagokionez, Donostiako Boulebarrean izango da, kioskoan hain  zuzen ere,  motina hasi eta bukatu zen leku berean, Gernikako arbolarekin hasi eta bukatuz duela 130 urte gertatu zen bezala. Ekitaldian, hildakoen izenak ere ekarriko dituzte gogora  eta bestelako sorpresak ere izango dira. Esate batera, garaiko Tolosako egunkari batean gaiari buruz idatzitako bertso-sorta emango da ezagutzera. Primizian, Martin Ansoren ahotsean, bertso- sorta honetako ale batzuk ezagutzeko parada ere izan dugu  Harian.

Jaurlaritza Logoa