En direct

NAIZ Irratia

Donostiako suhiltzaileak sutan daude «plangintza eta inbertsio faltagatik»

Dituzten lan baldintzak onartezinak dira, Donostiako suhiltzaileen aburuz. Luzetik datorren «plangintza eta inbertsio falta» dira arazoaren oinarria, eta Udalari zein Aldundiari eman beharreko pausoak emateko eskatzen diete, herritarren segurtasuna behar bezala bermatuko duen zerbitzua eskaintzeko.

Audio_placeholder

Donostiako suhiltzaileak sutan daude «plangintza eta inbertsio faltagatik»

Loading player...
Eneko Goiaren ardura salatzen dute suhiltzaileek pankarta handi honen bitartez.
Eneko Goiaren ardura salatzen dute suhiltzaileek pankarta handi honen bitartez. (Gorka Rubio | Foku)

Donostiako suhiltzaileen kasernatik igaroz gero, agerikoa da kexua. “Suhiltzaileak hilzorian. Eneko Goia = Arduradun” dio han ezarritako pankartak. Egoera jasanezinean daudela diote bertan lan egiten dutenek eta herritarren segurtasuna kolokan dagoela ohartarazten dute. Behargin hauen egoera gertutik ezagutu ahal izateko NAIZ Irratian izan da Gorka Goiatxe suhiltzailea.

Egoera ez da berria, «azken urteetan kaskartu egin da eta larria da». Inbertsio eta planifikazio falta «ordaintzen» ari dira, Goiatxeren esanetan. Izan ere, udal gobernu honentzat ez direla «lehentasun bat» sentitzen dute. Horregatik galdegiten diote Udalari «zein den zerbitzu publiko honentzako aurreikusten duten plangintza». Eta nolakoa izan beharko luke, bada, suhiltzaileentzako plangintza batek? Zeintzuk izango lirateke horren oinarriak? «Plan estrategikoak helburuak markatu behar ditu», Goiatxeren hitzetan, eta helburu orokor horrek «esango du zein inbertsio behar den».

Sosik ez berrikuntzan

Aurten, esate baterako, berrikuntzarako inbertsioa «zero eurokoa» izan dela salatu du. «Horrela ezinezkoa egiten da behar den pertsonala kontratatzea, antolakuntza egoki bat eta beharrezko inbertsioak egitea».

Kamioiak eta ekipamenduak zahartuta daudela adierazi du; inoiz, aitortu du, «txatarrero» terminoa ere erabili dute beren buruaz hitz egitean. Beraiek ibiltzen omen dira maiz konponketa lanetan, baita kamioien kasuan ere, «mekanikari bakarra» daukatelako, eta ordezkorik ez, Goiatxek azaldu duenez.

Egoeraren erakusgarri nabarmena izan daitekeen adibidea jarri du mahai gainean: inspektoreburuaren erretiroak eta zuzendariaren irteerak ez dute erreleborik ekarri. Horrek berarekin dakar suhiltzaileek ez dagozkien ardurak ere beren gain hartzea.

Donostiako suhiltzaileek eta Aldundikoek «loturarik ez edukitzea» gaitzesteaz batera, Udalarekin izan dituzten bileretan «errespetu falta» sumatu dute. Eta horrek etsipena areagotu die. Adibidez, «Goia alkatearekin izandako bileran, ez zeukan irakurrita egoeraren diagnosia jasotzen duen suhiltzaileon dokumentua».

Udal gobernuak zerbitzu honekiko «erabaki tinko bat» hartu bitartean, mobilizazioekin hasiko direla ere iragarri du, nahiz eta oraingoz grebarik ez duten aurreikusten.


Jaurlaritza Logoa