En direct

Oihana Azkue

'Negu hurbilak':Ihesa, itxarotea eta itxi gabeko zauriak

Locarnoko 76. Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu dute 'Cineasti dei presenti' sailean aurkeztu ondoren, Negu kolektiboko zunendariek 'Negu hurbilak' filmarekin.  Sariak ekarritakoez eta proiektuaren nondik norakoez aritu gara  Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariekin.

Audio_placeholder

'Negu hurbilak':Ihesa, itxarotea eta itxi gabeko zauriak

Loading player...
‘Negu Hurbilak’ filmeko lantaldea, Locarnon.
‘Negu Hurbilak’ filmeko lantaldea, Locarnon. (NEGU KOLEKTIBOA)

Ametsak, amesteko bai, baina betetzeko ere badira. Horren erakusle da Negu hurbilak filma, Negu kolektiboaren lehen lana: proiektua gauzatzea bera nahikoa ez eta, eta estreinatzeaz bat egile zinemako jaialdi esanguratsuenean sari bat jasotzea ametsik onena baita, egiaz gorpuztutako ametsa.

Negu kolektiboko Mikel Ibarguren eta Ekain Albite izan ditugu solas-lagun Harian,  proiektu honen bihotz erdia (beste erdia kataluniarra da eta, Nicolau Mallofre eta Adria Roca-k osatzen dute).Oraindik ere erabat lur-hartu gabe,  bitsetan dantzari  dabiltza zinema zuzendariak. Ez da gutxiagorako,  Locarnoko 76. Zinema Jaialdiko Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu dute. Lana  'Cineasti dei presenti' sailean aurkeztu ondoren.

Egile zineman espezializatuta egoteagatik ezaguna den zinema jaialdia da Locarnokoa, nazioarteko garrantzitsuenetako bat, eta bertan egoteak soilik ate asko zabaltzen ditu, zer esanik ez saria eskuratu izanak: jaialdien ibilbidean bultzada esanguratsua da, eta hori da egileek filmarentzat lehenesten duten bidea. Edo lehen aukera bederen, zinema aretoetara ere eraman nahi lukete eta, batik bat, Euskal Herrian erakusteko gogoz daude.

Locarnoko epaimahaiak azpimarratu duenez, lan intimista eta gertukoa da.Hotza eta gogorra gehitu diote Ibarguren eta Albitek, ihesari buruzko istorio bat da, baina baita itxaroten egoteari buruzkoa, edota sendatu gabeko zauriei buruzkoa ere. 2011.urtean kokatu dute Negu hurbilak, ez da ausazko data: filmeko lehen protagonistak (Jone Laspiurrek gorpuzten duen emakumeak), filmaren bigarren protagonistarekin topo egingo du (Zubieta herria) bere ihesaldi partikularrean.

Ihesaldiak baditu zantzu politikoak, bada ihesaldi geografiko bat ere, baina batik bat ihesaldi intimoago batez ari da Negu hurbilak.Protagonistez hitz egitean horixe aipagarria, Jone Laspiur dela parte hartzen duen aktore profesional bakarra. Gaioranzkoak Zubietako herritarrak dira, eta apustu arriskatua izan bada ere, emaitzarekin ezin beteago daude zuzendariak, eta filma bera ezingo litzatekeela ulertu Zubieta eta zubietarrik gabe azpimarratu nahi izan dute.

Ez da bide erraza izan, proiektu xumea zelako, hasiera batean gradu amaierako lan bat, aurrekonturik gabekoa. Horretan elkarlana, eta indar batzeak eman die aurrera egiteko adorea. Behin filmaketa lanak amaituta etorri dira ekoiztetxeak eta diru laguntzak, baina filma bera hasi eta bukatu ahal izatea kasik mirari bat izan da zinemagileen esanetan.

Negu hurbilak aipatzean, kasik guztioi datorkigun Mikel Laboaren abestiaz ere galdetu diegu.Soinu bandaren parte ote da? Ez, baina proiektuaren funtsean dago, eta lanak Laboaren kantuaren taupada darama. Izan ere, jende gehiagorekin batera zirelarik,  abesti hau entzutean  gurutzatu baitziren lau zuzendarien begiradak, gerora film bilakatu den proiektuaren abiapuntua izan zelarik une hori.

Locarnoko estreinaldi bikainaren ostean, ahalik eta jaialdi gehienetatik pasa nahi dute lana orain Negu kolektibokoek, eta zinema aretoetara ekartzeko negoziaketetan ere badabiltza. Datarik oraindik aurreratu ezin bada ere, Euskal Herriko zinema aretoetan ikusi ahal izango da Negu Hurbilak. Hurbiletik jarraitzeko lana inondik inora ere.

Jaurlaritza Logoa