En direct
«Ez da bidearen amaiera, etenaldi bat baino»
Euskadiko Pilota Federazioa nazioartekoan ofizialtasun osoz kidetzea etenda gelditu da. Iragan den uztailak 29ko ez-ohiko bilkuran bozketa aurreikusia egon arren puntua agendatik kendu egin zen. Prozesuaren nondik norakoak Gotzon Enbilek, Euskadiko Pilota Federazioko buruak aipatu dizkigu.
«Ez da bidearen amaiera, etenaldi bat baino»
Nazioarteko Pilota Federazioaren parte izatea ez da bertan behera gelditu, etenda baizik. Zein balorazio egiten duzue?
Egia esan, ez genuen espero inondik inora etetea. Pentsatzen genuen baiezkoa edo ezezkoa irtengo zela. Hasieran sorpresa bat izan zen, eten egin zelako. Ondoren, gure ordezkari batek batzarrera joan ahal izan zuen. Berarekin eta Nazioarteko Federazioko kide batzuekin hitz eginda, aipatu ziguten ikusi zutela ez zegoela gehiengo baten adostasuna. Guk bi herenak behar genituen proposamen hau aurrera ateratzeko, eta ez zen ikusten segurua zenik. Orduan, liskarrak ekiditearren, erabaki zuten puntu batera mugatzea, eta aurrerago adostasun handiago batekin tratatzea.
Ba al dakizue non dauden gako garrantzitsuak?
Badakigu arazo nagusia Espainiako Federazioa dela. Batzar hau deitu zenetik kontra agertu da, eta beste federazio batzuekin hitz egin eta konbentzitu ahal izan ditu prozesu honen kontra egoteko. Badakigu Espainiako Federazioa konbentzitzea ez dugula lortuko, baina uste dugu beste federazioekin aukera dugula hitz egiteko eta konbentzitzeko. Horretan saiatuko gara.
Ika-mika ikusi da ere Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioren burua eta Julian Garcia Angulo Espainiako Kirol federazioen elkarteko buruaren artean. Ika-mika horretaz zer deritzozu?
Cazaubon inongo momentuan ez da inorekin sartu, baizik eta berak prozesua martxan jarri zuen. Urtarrilean kirol lege berri bat indarrean jarri zen Espainian, eta horrek baimentzen zuen Euskadiko Federazioa Nazioarteko Federazioan sartzea. Guk eskaria egin genuen, Cazaubonek eskaria jaso zuen Nazioarteko Federazioan, Juntan tratatu zuen eta Juntak erabaki zuen batzarrera eramatea. Cazaubonek ez du legez kanpoko ezer egin. Espainiako Federaziotik kritikak jaso ditu eta berak erantzun egin du, besterik ez. Nik ulertzen dut beraiek nahi ez izatea, gure pilotariak erabiltzen baititu nazioarteko txapelketetarako. Baina legeak baimentzen badu eta guk aukera badugu, ez dute prozesu honen kontra egon beharrik.
Cazaubonek kargutik kendu ditu zuzendaritza batzordeko hainbat kide. Honek Euskadiko Federazioaren bidea erraztu al dezake?
Baietz uste dut. Ez dut berarekin zuzenean hitz egin, baina egunkari batean emandako elkarrizketa batean arrazoiak irakurri nituen. Esaten du ez dugula ahaztu behar prozesu hau burutu nahian 30 urte baino gehiago doala baina orain arte ez dela ezer lortu; eta, adibidez, Espainiako presidentea 30 urte baino gehiago dago karguan. Cazaubonek esaten du antzinako liskarrak daudela oraindik irtenbideak ezin emateko, eta pertsona berak dauden bitartean zaila izango dela. Beraz, nahi du pertsona berriak eta liskarrik gabekoak sartu. Guretzat hori ona izango dela uste dut.
Zure ustez, zer egin behar da Federazioaren %66k balekoa eman dezan?
Pauso handi bat emanda daukagu. Nahiz eta bi herenak ez lortu, Enaitz Olaeta gure biltzarkidea han egon da federazio batzuekin hitz egiten eta, esan digunez, inplikazio handia aurkitu du gure alde eta batzuk oso interesatuta daude sartzeko. Komentatu digu, baita ere, batzarrean %50 baino gehiago gure alde dagoela. Hortaz, falta zaigu kontra dauden edo alde ez dauden federazio horiek konbentzitzea.
Beraz, harremana izaten ari zarete beste federazioekin. Nolakoak ari dira izaten harreman horiek?
Enaitz Olaeta ordezkaria Mexikon egon da batzarrean eta han elkartu ahal izan da federazio batzuekin. Esaten dizudana, inpresio oso onarekin etorri da, inplikazioa handia dutela batzuk gu sartzeko, baina falta zaiguna da kontra dauden beste federazioekin hitz egitea. Hurrengo hilabeteetan egongo gara beraiekin eta saiatuko gara konbentzitzen.
«Espainiako Federazioa da interesak dituena eta beste federazio batzuk mugitu dituena prozesu honen kontra egoteko. Federazio horiek ikusi behar dute Euskal Herria sartzeak zer onura izango dituen»
Argentinak, Mexikok eta Frantziak alde bozkatuko lukete, eta kontra, aldiz, Espainiak eta Kubak. Hala al da?
Bai, hala da. Nik ez dut uste Kubari asko axolako zaionik Euskal Herriko Federazioa sartzea. Hor, azkenean, Espainiako Federazioa da interesak dituena eta beste federazio batzuk mugitu dituena prozesu honen kontra egoteko. Orduan, federazio horiekin hitz egin beharko dugu, eta ikus dezatela Euskal Herria sartzeak zer onura izango dituen. Nik uste dut beraiek ulertuko dutela.
Euskal Administrazio Publikotik babesa nabaritu al duzue?
Bai, kontaktuan egon gara denbora guztian. Guk ematen genituen pausoak beraiekin kontaktuan geunden, eta beraiek, zerbait egin bazezaketen, gurekin kontaktatzen zuten. Momentu oro kontaktuan egon gara eta hemendik aurrera horrela jarraituko dugu.
Izan al duzue euskal pilotariekin hitz egiteko aukera?
Ez dugu gehiegi hitz egin pilotariekin. Baina, momentu honetara iritsita, uste dut hitz egin beharko litzatekeela eta pixka bat beraien inplikazioa ere eskatu. Hau denon nahia da, aspaldiko aldarrikapen bat, eta ikusarazi beharko dugu euskal pilotariek Euskal Selekzioarekin parte hartu nahi dutela, Espainiarekin joaten direla beraien helburuak bete edo lortu nahi dituztelako eta Munduko Txapelketak jokatu nahi dituztelako, baina Euskadirekin aukera izanez gero, Euskadirekin jokatuko luketela. Gustatuko litzaiguke Mundialetara Espainiarekin joaten diren pilotari horiek agerraldi bat edo zerbait egitea, ikusarazteko nolakoa den egoera.
2026ko Pilota Mundialean zer uste duzu gertatuko dela? Ordezkapen propioa izango dugu edo ez dugu izango?
Ni baikorra naiz. Esaten dudan bezala, batzarrean %50 gure alde dago, eta nik uste dut Nazioarteko Federazioa ere gure alde dagoela, ikusten dituela izan ditzakeen onurak, Euskadi sartuz gero.
Posible izango litzateke Ipar Euskal Herriko pilotariak Euskadirekin aritzea?
Pausoz pauso joan behar da. 30 urte goaz prozesu honekin, lortu nahian; oraindik ez da lortu Euskadiko selekzio bat izatea. Lehen urratsa da Euskadiko selekzio bat izatea, eta gero ikusiko dugu selekzio hori noraino iristen den.
Esan dugunez, elkarrizketak behin-behinean eten egin dira. Ba al duzue egutegirik hurrengo urratsa emateko?
Hurrengo urratsa da kontra zeuden edo alde ez dauden federazioei konbentzitzea, eta orain udara dago, baina irailetik aurrera jarri beharko dugu kontaktuan beraiekin, hitz egiten, beraien arrazoiak entzun eta konbentzitzen saiatu.