En direct

NAIZ Irratia

«Gernika osoa suntsitu zuten eta herriak osorik berpizten jakin du»

Gernika-Lumo udalerri osoa Memoriaren Leku izango da 1937ko bonbardaketaren ondorioak oroitzeko. Gernika Gogoratuz eta Gernika Batzordea-ko ordezkariak izan ditugu Haria irratsaioan albistea baloratzeko.

Audio_placeholder

«Gernika osoa suntsitu zuten eta herriak osorik berpizten jakin du»

Loading player...
Gernikako Astrako aterpeari bisita, bonbardaketaren iazko urtemugan.
Gernikako Astrako aterpeari bisita, bonbardaketaren iazko urtemugan. (Marisol Ramirez | Foku)

Gernika-Lumo udalerri osoa Memoriaren Leku izango da 1937ko bonbardaketaren ondorioak oroitzeko. Hasiera batean, Batzar Etxea bakarrik planteatu zen horretarako, baina Espainiako Gobernuak hainbat euskal erakunderen alegazioak onartu eta oroimen guneak zabaldu ditu.

Maria Oianguren Gernika Gogoratuz bakearen ikerketa zentroaren zuzendariaren eta Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kidearen esanetan, «garrantzitsua» da izendapenaren urratsa. NAIZ irratiko HARIAN saioan izan dira aitortzaz, dibulgazio lanaz eta izendapenaren inguruan hitz egiten.

Maria Oiangurenen esanetan, izendapenaren balorazio oso positiboa egiten du ikerketa zentroak: «Bake kultura indartzeko egindako ekintzei esker, Gernika aspalditik da bake leku bat, eta izendapen honek bide hau indartzen du, eta etorkizunera begira ere lanean jarraitzeko bultzada ematen du». Oiangurenen hitzetan, «etorkizuna eraikitzeko beharrezko pausua da iraganetik ikastea». Ibazetaren ustez ere, beharrezkoa zen izendapena: «Herri oso bat suntsitu zuten eta herriak osorik berpizten jakin du, beraz merezimendu osoz dator izendapen hau».

Oiangurenek ikerketa eta hezkitea zein dibulgazio lanean sakontzea ezinbestekotzat jotzen du, instituzioen eta hainbat gizarte eragileren arteko koordinazio lana egitearekin batera. «Pausuz pausu, memoriak duen garrantzian sakondu behar dugu, batez ere, gizarte demokratikoa eratze aldera».

Herritarren inplikazioa, beharrezkoa

Gernika Batzordeko kidearen aburuz, herritarrek hartu beharko lituzkete zenbait erabaki: «Gernikaren eta bere inguruaren zaintza ekarri beharko luke, batez ere espekulazioaren atzamarretatik libratzeko. Badaude esparruak berreskuratu daitezkeenak bigarren bizitza bat emateko, herritarrek erabaki beharko genuke zer nolako Gernika nahi dugun».

Aurrera begira eman beharreko pausuei dagokionez, lehendabizi orain arte eman eta lortutakoak balorean jartzea garrantzitsua da Oiangurenentzat, eta arkitektura sinbolikoa eta memoriala aitortzea ere beharrezkoa iruditzen zaio: «Barkamenaren bidean errekonozimenduak pausu garrantzitsuak dira». Ibazetak ordea, barkamenaren kontzeptua ez du gustuko, eta «egia eta ardura aitortzea» da Batzordeak Espainiako Gobernuari erreklamatutakoa, «baita artxibo militarrak zabaltzea ere, barkamena baino egia beharrezkoagoa delako».

Bonbardaketetatik haratago, Ibazetaren ustez presente izan behar da datozenei zer Gernika utzi nahi dieten pentsatzea: «Memoria ez baita fosil bat, lanketa aktibo bat da, eta belaunaldi berriei ere hitza eman eta hauei entzutea ere ezinbestekoa da etorkizunera begira».

Amaitzeko hezkuntza alorrean oraindik egiteke dagoen lan andana azpimarratu du Gernika Gogoratuz bakearen ikerketa zentroko zuzendariak. «Artxiboak, aztertu, ikertu eta lan pedagogiko eta didaktiko asko dago egin beharra gertatutakoa behar bezala aztertu eta ulertzera eta jakitera emateko».

Jaurlaritza Logoa