En direct

NAIZ Irratia
Entrevue
Elisa Sainz de Murieta
BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza Zentroko ikerlaria

«Klima aldaketa agenda politikoaren lehentasun gisa kokatu behar da»

Munduko Meteorologia Erakundeak ostegun honetan ohartarazi du uztail hau hilabeterik beroena izango dela maila globalean erregistroak izan direnetik. BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza zentroko ikerlari den Elisa Sainz de Murieta NAIZ Irratian izan da gaiari buruz sakon hitz egiten.

Audio_placeholder

«Klima aldaketa agenda politikoaren lehentasun gisa kokatu behar da»

Loading player...
Elisa Sainz de Murieta, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza Zentroko ikerlaria
Elisa Sainz de Murieta, BC3 Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza Zentroko ikerlaria (BC3)

BC3, Klima Aldaketarako Euskal Ikerkuntza zentroko egitasmoaren helburu nagusia zein da?

BC3 ikerketa zentro bat da, non gure  helburua  klima aldaketaren zergatia eta konponbidea aztertzea da. Era berean, zientzia eta gai honi erantzun bat emateko politiken azterketa ere lotu egiten ditu.

Diziplina anitz uztartzen dituzue. Zenbat ikuspegi edo alorretatik errepara diezaiokegu klima aldaketari?

Klima aldaketaren arazoa fisikatik aztertu daitekeen moduan, konponbideak politika eta ekonomiaren eremura eramaten gaitu. Zentzu horretan BC3 adibide ona da. Izan ere, zentroan diziplina ezberdinetatik klima aldaketaren arlo ezberdinak uztartu daitezkeela babesten dugu. Hala nola, klima aldaketa isurpenen arabera edota lanbide ezberdinek izan dezaketen aztarna aztertzen dugu. Betiere, bidezkoak izan daitezkeen konponbideak analizatzearekin batera. Izan ere, neurri hauek gizarteko pertsona orori eta talde ezberdinetara egokitu behar dira.

Munduko Meteorologia Erakundeak ‘El Niño’ fenomenoa deklaratu du ofizialki uztailean. Nolako fenomenoa da? Zein ondorio ditu gurean?

Hasteko aipatu behar dut ‘El Niño’ eta ‘La Niña’ izeneko fenomenoak existitzen direla. Hauek fenomeno bi dira, Ozeano Barean sortzen direnak, patroi eta eredu klimatiko baten fase beroak eta hotzak erreproduzitzen dituztenak. ‘El Niño’, zehazki, patroi beroari dagokio. Beraz, hau gertatzen denean beroa areagotu egiten da. Fenomeno hauek modu ez erregularrean gertatzen dira. Esaterako, bi urtetik zazpi urtean behin gerta daitezke. Aurtengo kasuari dagokionez, klima aldaketa ez ezik udan gaudela eta ‘El Niño’ patroi beroa gehitu zaio. Hortaz, faktore hauen guztien baturak orain arte erregistratu diren tenperatura beroenak izatea eragin du.

Planetaren batez besteko tenperaturaren errekorra 2016ko abuztukoa zen, 16,92ºC. Uztailaren 6 honetan 17,08ºC erregistratu dira. Egia da Euskal Herrian azken asteetan ohiko udara denboraldia izan dugula esan dezakegula, baina Mediterraneo aldean bestelakoa da egoera. Hain gertu egonda, zergatik desberdintasun hori?

Kasu honetan «klima» eta «meteorologia» desberdintzea garrantzitsua da. Klima aldaketaz ari garenean, epe luzerako eraginetaz ari gara, hau da, joera luzeko eraginak. Aldiz, tokiko meteorologiari erreparatzen badiogu zenbait aldaketa egon daitezke. Bi faktore hauen desberdintasunaren adibide argia neguan zonalde batzuetan gertatzen dena da. Esaterako, mundu mailan klima gero eta beroagoa izango da baina era berean gune batzuetan neguan elurteak eta muturreko hotzak areagotzen dira. Izan ere, gauza bat delako klima eta beste bat fenomeno meteorologiko zehatzak. Kasu honetan ere, antzeko egoera da. Mediterraneoa eta Atlantikoa, alderatzen baditugu joera eta prozesu ezberdinak jasotzen direla ikusi daiteke. Mediterraneoaren kasuan, ia itxita dagoen itsasoa da, eremu tropikaletatik gertu dagoena eta korronte globalak edo fenomeno globalen eragin handiagoa pairatzen du. Egia da, munduan zehar Mediterraneoa bereziki berotzen ari dela ikusten ari garela, baina dena dago klima sistema honen zehaztasunen barnean.

Aldaketa hauek momentuko zerbait dira ala epe luzerako joera aldaketa baten aurrean gaude?

Nik esango nuke biak izan daitezkeela. Klima zientzialarien arabera ez dago erantzuna ematerako orduan adostasun osoa. Batzuek babesten dute klima aldaketa areagotzen ari dela eta besteek egungo egoera dela modeloek iragartzen zuten joera. Argi dago, azeleratuko balitz gauzak okerrera egingo luketela, baina hala izango ez balitz ere joera nahiko txarra da, beraz horrek ez luke faktore murriztaile bat izan behar. Klima aldaketaren inguruan hitz egiten denean beti beroan pentsatzen dugu, baina muturreko gertakariak ere badaude. Adibidez, Berlineko uholdeak, Gasteizko txingorra... Gertakari hauek klima sistemaren desegonkortasunaren adierazle dira. Hori dela eta, ezin diogu soilik beroari erreparatu. Izan ere, beroak beste muturreko fenomenoak martxan jartzen ditu. Nolanahi ere, klima aldaketa dagoela zalantzarik ez dago eta joera horrelakoa izango da etorkizunean.

Klima aldaketaren ondorioetan azken asteetan suteak nabarmentzen ari dira. Rodas, Aljeria.. Titularrak pilatzen dabiltza Europa hegoaldean eta Afrika iparraldean jazotzen ari denarekin. Lurra eta suteei begira ari gara, baina zer eragin dute beroaldi hauek itsasoetan eta ibaietan, esaterako?

Itsasoetan lurrean bezala bero boladak izaten dira eta hauek koralen zuritze edo hiltzearen faktore nagusiak dira. Itsasoan, lurrean bezalaxe, badago bioaniztasuna eta milioika espezie bizi dira bertan. Hauek bero boladak guk sufritzen ditugun modu berdintsuan pairatzen dituzte. Dagoeneko ikertzen ari dira joera batzuk, non espezieen banaketa aldatuz joango dela frogatu den. Espezie bakoitza tenperatura zehatz batzuetan bizitzera ohituta dago eta ura berotzen ari den heinean ur beroetako gero eta espezie gehiago ikusiko ditugu ezohiko itsasoetan. Ildo beretik, espezieen hilkortasuna areagotzea eman daiteke egokitzeko gaitasuna ez dutenengan. Aurretik aipatu moduan, itsasoan ere tenperatura aldagai soil bat da, baina korronte aldaketak azidotasun maila edota gazitasun mailan eragin zuzena duena.

Itsasoan, lurrean bezalaxe, badago bioaniztasuna eta milioika espezie bizi dira bertan. Hauek bero boladak guk sufritzen ditugun modu berdintsuan pairatzen dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeak denge agerraldien arriskuaz ohartarazi du Europan, lehorteek eta euri jasa handiek dengea garraiatzen duten eltxoen hedapena laguntzen dutela azaldu baitute. Gaixotasunei ere erreparatu behar diegu?

Zalantzarik gabe. Klima aldaketak gure osasunean eragina du, eta dagoeneko badu. Dengearen moduan, malariaren hedapen eremua aldatzen ari da, tenperaturen patroiak aldatzen diren heinean.. Orokortasunetik begira, uraren bidez kutsatzen diren gaixotasunak areagotu daitezkeela uste dut. Ebidentzia zientifikoak daude, bero boladek gure osasun egoeran eragina dutela baieztatzen dutenak. Ez soilik muturreko beroak, bizik eta bero bolada luzeek eta batez ere gauean jasotzen diren tenperatura altuek. Izan ere, gure gorputzak egunean jasotako beroa berreskuratzeko aukera galtzen du. Hortaz, zalantzarik gabe klima aldaketa aztertzen dugunean osasuna oso gai garrantzitsua da.

Heriotza tasan edota, behitzat, heriotza kausen nolakotasunean eraginik al du beroak?

Bai, zalantzarik gabe. Gaixotasunen areagotzearekin hilkortasun tasaren hazkundea dator. Beroak, batez ere zaurgarrienengan du eragina eta hauek pertsona nagusiak edota aurretik gaixotasunen bat dutenak dira. Frogatuta dago hilkortasun tasa bero boladek areagotzen dutela. Zehazki, Europan 2003an jazotako bero boladan 50.00 pertsona hil zirela estimatzen da eta iaz izandakoan ez dago zenbaki zehatzik, baina hainbat milaka pertsona zendu zirela uste da. Kezkatzeko beste datu garrantzitsua.

Prest al dira gobernuak eta herrialdeak halako beroaldiei aurre egiteko?

Denbora luzean, klima politiken helburua isurpenak murriztea izan da, klima aldaketa geldiarazteko asmotan. Aldiz, etorkizunera begiratu baino egun nozitzen ari diren inpaktuetan jarri beharko litzateke arreta, egokitzapen politikak ezarriz. Honen harira, aplikatu beharko liratekeen neurriak ez dira soilik beroari lotutakoak izan behar. Arrisku guztiak kontuan izango dituen planak martxan jartzea beharrezkoa da, momentu honetan ezartzen hasiko direnak. Aitortu behar dut neurri batzuk martxan jarri direla dagoeneko, baina neurri horiek motel doaz eta nire ustez klima aldaketa  agenda politikoan lehentasun gisa kokatu beharko litzateke.

Etorkizunera begiratu baino egun nozitzen ari diren inpaktuetan jarri beharko litzateke arreta, egokitzapen politikak ezarriz.

Egiturazko neurriak al dira horiek, ala partxeak jartzen gabiltza hala moduz? Nazioarteko akordioak betetzen ari al dira?

Nazioarte mailan badaukagu bide-orri bat. Esaterako, 2015ean adostu zen Parisko Akordioa. Akordio horretan munduko herrialde guztiek oniritzia eman zuten munduko batez besteko tenperatura bi gradutik behera mantendu behar zela. Aipatu behar dut oso gertu gaudela helburu horretatik dagoeneko martxan jarri baitira neurriak. Hori esanda, epe luzerako helburuak ezartzea errazagoa da epe laburrekoak baino. Klima aldaketak badu ezaugarri bat erantzuna ematea zailtzen duena. Izan ere, horretarako gure gizartea goitik behera aldatu behar da. Egun, isurpenak gizartearen sektore guztietan txertatuak daude; energia sorkuntzan, erregai fosilen erabilpenean, garraiogintzan, janari eta arropa ekoizpenean... Hori dela eta, isurpenak murrizteko sektore eta herrialde guztiek heldu beharko liokete helbururi. Beraz, Parisko Akordioaren ildoa jarraitu behar dugu baina momentuz ez gaude bidean.

Gizartearen sentsibilizazioari begira, nolako mezuak igortzen ari garela uste duzu?

Kontuz ibili behar gara katastrofismoarekin, baina egia da egoera larria dela. Bestalde, uste dut neurriak hartzerako orduan denok ulertu beharko genukeela zergatik hartzen diren, ohartzeko ez dela kapritxo hutsa eta beharrezkoak direla. Zentzu horretan gizartearen kezka nabariagoa da baina salto bat dago ekintzara igarotzerako orduan.

Jaurlaritza Logoa