En direct

Entrevue
Eneko Pou
Eskalatzailea

«Himalaian ireki dugun biderik handiena da ‘Waa Shakil’; oso bide ona izan da»

Himalaian izan dira Pou anaiak, 2017an hasi zuten “Lau elementuak” proiektua bukatzeko asmoz, baita egin ere. Proiektuaren barruko  “Waa Shakil” bidea irekitzeaz gain, beste bost ireki dituzte. «Balantze positiboa» egin du Eneko Pouk NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Himalaian ireki dugun biderik handiena da ‘Waa Shakil’; oso bide ona izan da»

Loading player...
Pou anaiak himalayan.
Pou anaiak himalayan. (@hermanospou)

Helburua lortuta itzuli dira Pou anaiak Himalaya inguruetatik. Oztopoak oztopo, 2017an abiatu zuten ‘Lau elementuak’ izeneko makro-proiektua amaitzea lortu dute, sei urte beranduago izan bada ere. Dagoeneko etxean dira, eta «pozik» egindako lanarekin. Alpinista gasteiztarrak aitortu du une batean edo bestean izan dutela proiektua bukatuko ote zutenaren beldurra.

2017an sortu zenuten ‘Lau elementuak’ proiektua itxi nahian abiatu zineten Himalaiara. Nola sentitzen zarete urte dezenteren ostean helburua lortuta?

Oso pozik. Proiektu oso polita baina latza izan da, azken urteotan arazo handiak izan ditugulako proiektua bukatzeko. 2017an hasi genuen, Patagonian egin genuen Airea, urte berean Ura eta 2018an Sua, Afrikan. Geroztik ezin izan dugu proiektua bukatu. Pandemia izan dela-eta, gero guda, hainbeste arazo, eta azkenean Himalaian bukatzea eta horrelako proiektu handi batekin, oso pozik egotekoa da.

Zein izan da lau elementuetatik zailena edo gogorrena?

Denetarik egon da. Sao Tome eta Principe irlan (Afrika) irekitakoa, arroka mailan, oso proiektu bitxia eta ona izan zen. 8b+ mailako bidea, paretan maila oso altua eta 400 metro. Oihanean geunden, bageneukan kobra beltzaren arazoa... Oso proiektu polita izan zen eta teknikoki zaila. Harroka maila honekin geratuko nintzateke. Amazoniakoa oso estetikoa izan zen. Eta alpinismoaren kasuan, Patagoniakoa oso bide polita izan zen, 510 metro, Fitz Roy mendikatean, eta gero azken hau, Himalaian ireki dugun biderik handiena da ‘Waa Shakil’: 2.200 metro, arrokako eskalada asko, mistoko eskalada asko... Oso bide ona izan da.

‘Waa Shakil’ izan da bertan egin duzuen jarduerarik handiena. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso esperientzia gogorra izan da, eguraldi ez oso txarreko hiru egunen esperoan egon ginelako eta azkenean hiru egunez elurretan egon ginelako. Azkenengo egunean gailurrera iritsi ginen oso justu, eskas, elur jausiak leku guztietan... Igoera oso gogorra izan zen. Eta jaitsiera horrelako baldintzetan egitea zaila da. Behatz guztiak nahiko izoztuta ditut oraindik. Arazoekin katu-oinak janzteko, bizikletakoak ere bai... Pixka bat justu jaitsi ginen; arriskua hartu genuen gainera, bagenekien elur jausi arrisku handia zegoela baina beste gau bat geldituz gero, are arriskutsuagoa zen. Ahal izan genuen bezala atera ginen.

Igoera oso estilo alpinoan eta eskalada librean egin zenuten. Horrela ulertzen duzue zuek mendia.

Mendia modu askotara uler daiteke, baina modu autentikoa hau dela uste dut. Mendian autonomian igo behar zara. Zure gaitasun teknikoak eta esperientzia nahikoak ez badira, ba hobe da beste mendi batzuk begiratzea.

«Mendian autonomian igo behar zara. Zure gaitasun teknikoak eta esperientzia nahikoak ez badira, ba hobe da beste mendi batzuk begiratzea»

Une zailak ere bizi izan dituzue Himalaian baina zuek umorea ez duzue sekula galtzen. Nola lortzen da hain baldintza gogorretan umore hori mantentzea?

Gure kasuan taldea oso garrantzitsua izan da. Giro on hori mantenduz, errazagoa da gauza zailak egiten saiatzea. Gure bizitzaren filosofia izan da, mendiarekiko filosofia hori mantendu dugu. Gogoratu behar duzu baita ere mendian zaudela zure pasioa delako. Gauza bat da profesional izatea, beste gauza bat da pasio izatea. Guretzako pasio izaten jarraitzen du eta gainera gure lana da. Eusten diogu beti pasioari, bestela mendia gogorregia da.

Asebetetuta itzultzen zarete Himalaiatik?

Bai, oso pozik. Agian lehendabiziko hiru asteetan, eguraldi ona egingo balu, aktibitate gehiago egin genezakeen. Espedizioaren zati handi bat ere bada eguraldi kaskarrarekin denda barruan igarotzea, jakin behar da hori egiten, jakin behar da itxaroten.

Zer nabarmenduko zenuke espedizioan irekitako beste bost bideetatik?

Oso interesgarriak izan dira. Bost horietatik lau izan ziren eskalatu gabeko dorreetara. Inor iritsi ez den lekura iristeak abentura handia suposatzen du. Horien artean geldituko nintzateke ‘Always elurra’ bidearekin, 5.100 metrotako dorrea, ia 300 metroko granitozko eskalada zoragarria.

Fay Manners alpinista britainiarra izan duzue espedizio lagun.

Oso alpinista indartsua da. Orain dela urte batzuk oso gutxitan elkartzen ginen horrelako goi-mailako neskekin mendian. Gaur egun gero eta gehiago dira eta poztekoa da, ikusten duzulako emakumeak hartzen ari direla zor diegun espazioa mendian eta horrelako goi-mailako aktibitateetan. Bere maila ikustea zoragarria izan da.

Zein izan da ikasgairik garrantzitsuena?

Lehen aipatutako pazientzia. Nahiz eta esperientzia izan, aktibitatea gustatzen zaigunoi oso zaila egiten zaigu itxaroten egotea. Urteak pasa ahala gero eta liburu gehiago eramaten ditugu kanpalekuetara, asko idatzi dugu. Gure bigarren liburuarekin ari gara, “Lau elementuak” deituko dena, Sua argitaletxearekin.

Baduzue horrelako makroproiekturik buruan?

Ikusiko dugu. Zaila da horrelako proiektuak hasi eta bukatzea. Gustatuko litzaiguke hausnarketa bat egitea, proiektu txikiagoekin jarraitu agian eta iristen bada beste une bat  makroproiektu batekin amesten duguna, ba aurrera aterako dugu ziur.

Nola deskribatuko zenuke Iker zure anaiarekin duzun harremana eta nola eragin du zure ibilbidean?

Erlazio oso ona daukagu. Lagun minak gara, anaia izateaz gain; oso ondo ulertzen gara, badakigu eskalatzako unean nor joan behar den tarte bakoitzean, bata ondoez sentitzen denean buelta ematen dugu arazorik gabe, ikusten dugunean dena eman behar dugula ez dugu itxaron behar, gora goaz... Horrelako konplizitatea oso garrantzitsua da mendian. Bide asko ireki ditugu urteetan zehar eta horrelako konplizitaterik gabe ezinezkoa da.

Jaurlaritza Logoa