En direct

«Suizidioaren inguruan asko dira dauden galderak, baina erantzuna isiltasuna izan ohi da»

EHUko Udako Ikastaroak Fundazioak suizidioa landu du ikastaro batean. Gaiarekiko dagoen isiltasuna eta horren atzean dagoen egia gizarteratzea izan dute helburu.  Agustin Erkizia, ikastaroko zuzendaria, Naiz irratian izan da.

Audio_placeholder

«Suizidioaren inguruan asko dira dauden galderak, baina erantzuna isiltasuna izan ohi da»

Loading player...
Agustin Erkizia
Agustin Erkizia (Naiz irratia)

Albert Camus kazetari frantziarrak arazo filosofiko serio bat besterik ez dagoela zioen: suizidioa. Egia da errealitate zentzugabe baten lekuko garela eta errealitate horrek eragina duela pertsonen egoera emozionalean; eta, beraz, zuzenean eragiten diola suizidioaren fenomenoari.
Isolamenduak eta bakardadeak, autonomia galtzeak, depresioak, minak eta gaixotasun kronikoek jokabide suizidak eragiten dituzte, baina jokabide horiek saihestu edota tratatu egin daitezke.

INE Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2020. urtean 179 pertsona hil ziren suizidio bidez EAEn, aurreko urtean baino % 30,6 gehiago. Agustin Erkizia, ikastaroko zuzendariaren esanetan, «suizidio bidez hildakoen kopuruak gorantz egin du apurka»  eta honen harira nabarmendu du badirela zenbait kolektibo zaurgarriak direnak. Hala nola, «gazteak eta helduak»

Honen harira, datuek diotenez suizidioa da gazteen artean naturala ez den heriotzaren lehen kausa. Erkiziaren hitzetan «datuak alderatu behar dira errealitateaz jabetzeko» . Izan ere, nabarmendu du suizidio bidez, kotxe istripuz baino bikoitza edo indarkeria matxista bidez baino bider laurogei hiltzen direla urtean. Hau, «errealitate gordin baten isla da eta momentuz ez gara gai aurre egiteko».

Erantzuna, isiltasuna

Agustin Erkiziak adierazi du «suizidioa gai tabu bat izaten jarraitzen» duela. Oraindik ere, hitz hori aipatze hutsarekin inguruan  «isiltasuna nagusitzen da». Suizidioaren inguruan dagoen estigmatizazioa gaiaren inguruan sortzen diren galderei  «erantzunak emateko gaitasun ezak» eragin du Erkiziaren ustez. Izan ere, «heriotza industrializatu egin dugu» eta egungo gizartean ez dago batere presente.

Ildo beretik, Erkiziak azpimarratu du komunikabideek eragin handia dutela suizidioaren fenomenoaren baitan. Esaterako, hedabide askotan «suizidioaren inguruan dauden gezurrak»  behin eta berriz errepikatu dira. Adibidez, suizidioa ezin daitekeela prebenitu edota gaiaren inguruan hitz egiteak kasu gehiago eragiten dituela. Nolanahi ere, ikastaroko zuzendariaren hitzetan «normalizazio prozesu horretan komunikabideek berebiziko papera jokatzen dute» eta hala nola, aurrera pausoak eman dira. Betiere, ‘morbotik’ urruntzen bagara.

Gaiaren kontzientziazio eta normalizazioari dagokionean, «orain arte egin diren gauzak bide onetik doaz baina makalegi». Dena dela, Erkiziak azaldu moduan prozesu horretan ezin daiteke dena agente baten esku utzi. Izan ere, «prebentzioa gauza kolektiboa izan behar da». Eta ildo beretik berak argi du: «suizidioa prebenitu daiteke». Azpimarratu du ez dagoela formula magikorik baina hitz egitearekin eta laguntza eskatzearekin «aurrerapauso ikaragarria emango genuke».

Bestalde, laguntza bilatzerako orduan, ikastaroko zuzendariak dioenez «areriorik nagusienak gu geu gara». Izan ere, gure buruarekiko epaile okerrenak gara eta asko kostatzen zaigu laguntza behar dugula onartzea.

Gaiaren inguruan zergatik ez den hitz egiten galdetuta, azaldu du «hitz egiten ez dena ez dagoelako errealitatean». Hau da, hitz egiten ez bada, badirudi ez dagoela arazorik. Hala ere, datuak ikusiz gero errealitate gordin bat dagoela ikusten dugu. Horretarako,  politika berriak jarri behar dira martxan. Hain zuzen ere, «suizidioaren inguruko isiltasun politikak, egungo egoerara ekarri gaitu».

Buru osasuna leku guztietan landu


Egun, pil-pilean dagoen gaia bada ere osasun mentala. Erkiziak, azpimarra berezia egin du esanez «suizidioaren eta osasun mentalaren artean lotura argia dago baina ez dira elkar elikatzen». Hezkuntza emozionalari dagokionez,  momentu honetan garrantzi handiagoa ematen ari zaiola nabarmendu du. Izan ere, Erkiziaren hitzekin bat eginez «jabetu gara ongizate emozionalak egunduko eragina duela bizitzaren arlo guztietan».

Ildo beretik, baieztatu du eskoletan gaiari buruz hitz egiten hasi direla. Aldiz, «ez da nahikoa». Agustin Erkiziaren aburuz, «irakasleak gai honetan trabatu behar dira eta familiei zein ikasleei formakuntza eskaini behar zaie» prebentzioari loturikoa.

Pertsona batek suizidioa aukera moduan ikusteko aukera «bizitzak mahai gainean jarriko dizkion arazoei erantzuteko gaitasunaren araberakoa da». Horrek, bakoitzaren arrisku-faktorearen eragin zuzena duelarik. Edozein kasutan ere arrisku-faktore amankomun bat badago, «sufrimendua da, izugarrizko sufrimendua».

Ikastaroko zuzendariaren esanetan «bere buruaz beste egitea aurreikusten duen hein handi batek arrastoak uzten ditu». Arazoa da da normalean seinale horietaz gerora jabetzen direla gertukoak eta horrek «errudun sentsazioa sorrarazten du». Hortaz, bada egiteko bat jendeari jakinaraztea   zantzu horiek zein izan daitezkeen, zailak baitira identifikatzen.

Esperientzia pertsonala, dolua, laguntza

Agustin Erkiziaren kasuan, bere semeak hamazazpi urte zituela egin zuen bere buruaz beste eta bere ahotan une horretan  «zorurik gabe geratzen zara, grabitate gabeko elementu bat bezala zerri heldu ezinik». Erkiziak azaltzen du maite duzun pertsona bat suizidatzen denean «bizitzaren zentzua galdu» egiten dela,  noraezean geratzen zarelarik. Horrelako heriotzetan galdera asko etortzen dira atzetik eta erantzunik gabe geratzen dira asko, joan dena bakarrik baitaki erantzuna. Horrek mina areagotu egiten du, guztiz suntsituz.  

Suizidio batek uzten duen doluari aurre egiteko «norbanakoak estrategia propio bat garatu behar du eta oso pertsonala eta bakarra da». Era berean, berak dioen bezala prozesu horretan «denbora oso erlatiboa da». Erkiziaren hitzetan, momentu horretatik aurrera «beste bizitza bat hasten da eta  hori izatea posible da».

Amaitzeko, Agustin Erkiziak gomendio bat eskaini du, norbaitek bere inguruan baten bat bere buruaz beste egin dezakeela sumatzen badu.  Bere esanetan, «pertsona hori zuretzat garrantzitsu bada , bere ondoan egon zaitez. Ez epaitu eta ez aholkurik eman». Izan ere, pertsona horrek ez du bat egiten errealitatearekin, «beste mundu batean dago». Pertsona horri lagundu nahi dion norbait dagoela sentiaraztea da garrantzitsuena. Izan ere, momentu horretan bakarrik sentitzen dira eta suizidio bidean dagoen pertsona «bere burua arazo eta soluzio moduan ikusten du». Ez dira jabetzen inguruan eragingo duten triskantza. Nahikoa da pertsona bat bere alboan egotea eta hor dagoela jakitea. «Hori asko da».

Jaurlaritza Logoa