En direct

Entrevue
Joseba Manterola
Don't save the queen taldeko abeslari eta baxu-jotzailea

«Asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen dugun hori zabaltzea baizik»

Don't Save The Queen entzun eta Sex Pistolsen kantu aski ezaguna etorriko zaio askori burura. Ñaño Trichine, Berdoof eta Joseba Manterolaren taldeak izen hori darama eta ‘Iritziak eta sentimenduak’ diskoa atera dute aurten lapurtarrek. MusikHaria saioan izan dira diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

«Asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen dugun hori zabaltzea baizik»

Loading player...
Ñaño Trichine, Joseba Manterola eta Berdoof dira Don't Save The Queen talde lapurtarra osatzen dutenak.
Ñaño Trichine, Joseba Manterola eta Berdoof dira Don't Save The Queen talde lapurtarra osatzen dutenak. (Patxi BELTZAIZ)

Egun on, zer moduz?

Ederki.

Taldearen izena nondik dator?

Sex Pistolsen kantutik dator, handiak sekulan ez duelako txikia babesten, ez du erregearekin zerikusirik. Gero gauza bakoitzak bere irakurketa egin dezake guztiaz.

‘Lekukoa’ kantuan zer ari zara, lekukoa hartzeaz edo emateaz?

Bada biak. Gazteetan zure burua oso ziur ikusten duzu eta besteei entzutea eta kosta egiten zaizu. Baina nik ere adin bat bete dut eta orain ohartzen naiz gaztetan entzundako guztia ez zela botatzekoa.

Ñaño eta Berdoofekin batera osatzen duzu taldea, baina taldeak non du sorburua?

Bata Ahetzekoa da, bestea Senperekoa eta ni Hendaiakoa. Arrangoitzen entseatzen dugu, lagun batek etxean duen lokal bateaz.

Iñaki Plaaz ari zara?

Ez, beste lagun batez ari naiz, Plaak grabatu egin zuen eta hendaiarra da.

Goraipatzen duzue.

Dena hiru egunetan grabatu genuen eta kanpoan sekulako beroa egiten zuen. Zuzenean grabatu dugu eta Iñakik tarteka bere gomendioak eman zizkigun eta pazientzia izan, dena ez baitugu lehendabizikoan ondo egiten.

2017an etorri zen lehen maketa, baina taldea noiz sortzen da?

Garai horretan beste formazio bat genuen, baina Ñaño eta biok soilik geratu ginen. Berdoofi proposatu nion, beste talde batean elkarrekin ginenez, ea parte hartu nahi zuen. Ñañok musika egin zuen, nik hitzak eta berak berea gehitu zion atzetik.

Sei urte hauetan etenik gabe jarraitu duzue?

Saiatzen gira kontzertuekin etenik gabe egoten, baina pandemia egon zen tartean eta hiru urte luzez ez dugu kontzerturik eman, baina entseatzen bai jarraitu dugula etenik gabe tarte guzti horretan.

‘Iritziak eta sentimenduak’ kantua dator segidan, diskoari izena ematen diona. Gitarrak beste kolore bat ematen dio aurreko kantutik.

Nik ez dakit estiloak definitzen, rocka dela, hori ziurra da. Baina punka, metala… denetarik du inguruan, hitz batekin definitzea ezinezkoa da.

Diskoan soinuz kokatu dituzue kantuak?

Bada antzekotasunik bazuten toki desberdinetan kokatu ditugu, abesti baten eta bestearen artean soinu desberdina izan zezaten saiatu gara.

Zuzenean abestuta dago?

Ez, instrumentuak lehendizi eta ahotsak gero.

Nion koroek sentimenduak azaleratzen dituztela dirudielako.

Bada Ñaño da hori egiten duena, baina kantuaren arabera egiten du edo ez.

Adierazpen askatasunaren aldeko kantua.

Bai alde batetik bai, eta gustatzen zait irakurketa hori. Baina filosofiarik egin gabe, bizitzaren laburpena ere bada. Adierazi nahi dugun hori adierazi nahi izatea, inork trabarik jarri gabe.

Munduko desoreka salatzen da, berriz, ‘Amets bat’ kantuan.

Aspaldiko filme batean, New Dehlin kalean bizi zen haur baten istorioa kontatzen du. Gu herri aberats batean bizi omen gara, baina Indiako haur horren egoera berean bizi diren umeak baditugu gure hirien bueltan ere.

Une batez metal ukituak ere baditu abesti honek.

Posible da, hirurok denetarik entzuten dugulako. Metal oso basatia, punka, hardcorea, rock lasaiagoa…

Beno, eta rapetik ere baduela esango nuke, ‘Eta gero’ kantuan horrela abesten duzuelako eta zu etenik gabe baxuaren linearekin jolasean.

Baxua gogoko dudalako jotzen dut eta ez naiz osoki baxu-jotzaile bezala ikusten, abeslari izan naiz. Lineak errezak atzematen ditut, aski sinpleak ditudala aitortu behar dut. Baxu-jotzaile bat entzun edota begiratzen egoten naizenean, haien maila askoz ere altuagoa da. Hogeita hamar urte pasa dira musika egiten dudala eta erdia baino gehiago abesten soilik pasa ditut.

Gure buruaren mugak gainditzea garrantzitsua dela, alegia.

Bai, hala da, gure burua ez dugu mugatu behar eta nahi dudalako egin nuen hori. Baina kantua ez doa hortik, erlijioaren inguruan egindako kantua da. Bataclanen edota Nizan egin ziren atentatuak jainko baten izenean egin ziren eta ez nuen ulertzen ezer. Erlijioari buruz askorik ez dakit, baina testuetan diotenagatik bakea da nahi dena. Hortaz, hauek hori egin zutenean, eta gero zer? Bada ez dago ezer, hilko dira eta aio.

Zer ari zara kritikatzen ‘Azkarrena ahulena’ kantuan?

Bikote bateko bortizkeria, baina baita orokorra ere. Azkar bat beti errez ari da ahularen kontra, baina txikiak erresistentzia guda egiten du, aurpegia ematen du. Beraz, azkarragoa da aurpegia ematen duena kolpea ematen duena baino, kolpea ematen duenak ez baitu arrazoirik eta benetan bera baita ahula.

Abestiak konposatzerakoan dena oinarri sendo batean joatea landu duzue? Blokean zoazte denbora guztian.

Aski naturalki etorri zen eta Ñañoren etxean landu genuen hori. Linea bat hartu eta horren bueltan egiten genuen lan, gero Ñañok gitarrarekin jolas egiten duen arren. Gero ez dugu gogoetatzen gehiegi, gustura bagaude aurrera egiten dugu eta ez bada horrela, ez dugu grabatuko edota kantu oso bat sortuko dena berriz ikusteko bada.

Oso surferoa iruditu zitzaidan ‘Deabrua nor ote?’ kantua, diskoaren zabaltasuna nabarmenduz. Erreferentzia asko dituzuela agerikoa da, gaur Sick Of It All taldearen kamisetarekin etorri baitzara.

Anaia helduek rock xintxoa entzunarazi zidaten umetan, eta ni nerabe nintzenean AC/DC ezagutzen hasi nintzen eta musika bortitzagoetara pasa nintzen. Hori bai, aurretik ikasitakoa utzi gabe, Supertramp asko gustatzen zaidalako, adibidez. Baina gero Slipknot, Muse edota Berri Txarrak bezalako taldeak etorri zaizkit burura. Denetik edan izan dugu.

Hirukote pare bat aipatu dituzu, fijazioa izan duzu hor?

Ez bereziki, musikari zenbakiak ez du garrantzia. Baina hiru pertsonen artean entzuten duzunean zer egin duten, gure buruari erronkak ere jarri dizkiogu halako saiakerak egin ahal izateko.

Kantuaren hitzei erreparatuz, batzuetan deabru izatea ona da, ezta?

Bai, baina kantuaren zentzuan ez. Euskal Herrian garai batean herriaren alde egiten zen guztia terrorismoa zen, denak deabruak ziren, baina nork esaten zuen hori? Nondik zetorren mezua? Bada hemengo agintari eta gobernuek oso azkar esaten zuten hori, hortaz, nor da deabrua?

Abesti guztietan sakoneko mezu bat utzi duzu, aprobetxatu dituzu guztiak.

Bai, nahiz eta maitasuna bezalako gaiak ere hortik badauden. Ez badut ezer garrantzitsurik esateko, ez dut idatziko. Nori interesatzen zaio lore eder batzuk bildu ditudala? Nire iduriko behintzat bestelako mezuak interesgarriagoak dira entzulearentzat.

Gai batetik, ideia batetik, etorri da kanturen bat gero?

Testuak eta musikak askotan ez dute loturarik, edota kontrara doaz. Gauza oso larriak musika alaiekin esan izan ditugu guk ere, ez da ezer ere berria. Ideiak egunerokotasuneko xehetasun batetik, albisteetan entzundako esaldi batetik, etorri daitezke, gero zein musika izango duen jakin gabe. Testua izan daiteke arina eta musika astuna edota mezu oso gogorra eta surf musika, aurreko abestian entzun dugunez.

Jolastu egiten duzue.

Musika horretarako egiten dugu, arnasa hartzeko.

Eta galtzen baduzue, ez da ezer ere gertatzen.

Noski, galtzen baduzu ez da ezer larria.

Erritmoekin egin duzue jolas, berriz, ‘Oraindik ez’ kantuan.

Bai, testuari egin nahi diot aipamena ordea. Ni ere zu bezalaxe zahartzen ari naiz, eritasun larri bat dagoenean tarteko edota heriotza gertuago ikusten denean, horri diogu oraindik ez. Musikak eta testuak lotura gehiago dute abesti honetan.

Hala ere prokrastinazioaz ari zinela uste nuen.

Bai, hori da, zulo horretan murgiltzerik ez dugu nahi oraindik, bizitzeko asko dugu oraindik. Baina bizitzak zer ekarriko dizun gero, nork daki? Dena beltzez ikusi ahal da, baina urtebete edo biren buruan ez dakizu zer ekarriko dizun bizitzak.

Errealitateari uko egiten ari da ‘Ez dut nahi izan’ kantuan mintzo dena?

Ikusten duzu urteak pasatzen ari direla, baina ni nire buruan 20 urteko pelele bat nahiz, nahiz eta adinean bikoitza baino gehiago izan.

Introa oso indartsua da eta tappinga ere entzuten da.

Bai, hala da. Bai, parte txiki bat badu tappingarena Ñañok egin zuen saiakera batena, eta uzteko eskatu genion. Abesti batetik bestera aldea dagoela uste dut, kolore desberdina dutela eta hori atzemango dutela espero dut. 

Kantuak sortzerakoan, nondik abiatzen zarete?

Batzuetan riff oso labur bat izaten da eta horri bueltak emanaz, inprobisatuz sortzen dira Ñaño eta bion artean. Oso gutxitan gertatu da osorik abesti bat norbaitek egitea. Inprobisatu, orduak eman eta zati bat edo bi lortuta etxeratzen gara ordu txikietan.

‘Zenbat aldiz’ kantuan esaldi bat markatu dut, «pentsa eta gero mintza»

Haurreri Peio eta Otsoaren istorioa kontatzen zaie, Peio artzainak otsoa etorriko zela esaten zuena eta sekulan ez zelarik etortzen, azkenean etorri zenean sinistu ez ziotenekoa. Bada horren baitan doa, hau da, zuk zintzoki jokatzeko, besteei tranparik egin gabe. Deneri gertatzen zaigu, ez du adinik horrek. Ez du erremediorik, baina asmoa ez da mundua aldatzea, pentsatzen dugun hori zabaltzea baizik.

Azken kantua ‘Irriz’ da, pozik bizitzearen aldarria?

Bai baina ez hori soilik. Charlie Hebdoren marrazkilariak umorea egiteagatik hil zituzten, irri egitea biziki garrantzitsua da eta biziarekin ordaindu zuten hori. Nola da posible? Irri egin behar da, baina norberaz ere bai, bistan da. Batzuetan gaizki hartzen ditugu gauzak, baina garrantzitsua da norberaz trufa egin dezaten onartzea ere.

Kontzertuak nola dituzue?

Bada hiruak gira lanean, familiak badira eta ateratzen dena ateratzen da. Orain bila hasiko gara, baina ez dugu horretara inor jarri. Hortaz, gonbidapenagatik eskertzen dizut, gure musika zabaltzeko aukera bat ematen ari zarelako eta entzuten duen norbaitek, akaso kontzertu bat antolatzeko deituko gaitu. Ez dugu guretzako izatea soilik musika hau, nahiz eta hiruron artean egin, hau noizbait partekatu behar dela uste dugulako.

Bandcampean erosi daiteke digitalki, baina fisikoa baduzue?

Ez, momentuko ez. Biniloak egin nahi genituen, baina kostea pila bat igo da eta CDan egiteari ez genion zentzurik ikusten, jendeak ez baitu halakorik erabiltzen. Plataforma digital guztietara ere zabaldu dugu gure musika eta haietan entzuteko moduan dago gaur egun.

Hain hurbil, hain gertu. Nola gauden gaur egun.

Bizilagunak egunero ikusita ere ez zaitu agurtzen gaur egun, eta hori ez da ezer kostatzen. Auto batek bidea ematen dizunean eskerrak ematea ere ez. Irriñoarekin aurpegian egoteko, gustura egoteko, moduak dira. Nik garai batean Hendaiatik Baionara joateko trena hartzen nuen lanerako bidean eta 10 urteren buruan talde bat osatu genuen oso taldi anitz batek.

Bada distantziak laburtu daitezela, mila esker.

Zuri, plazera izan da.

Jaurlaritza Logoa