En direct

Ion Garate

«Tourrak handitasuna dauka eta lasterketarik garrantzitsuena da»

‘Ni ere Tourrean izan nintzen’ saioko azken gonbidatua izan da Marino Lejarreta (Berriz, 1957). Zortzi aldiz lehiatu zuen Tourrean eta etapa garaipenak ere pilatu zituen. Orduko garaiak ekarri ditu gogora eta Giroan emaitza hobeak lortu bazituen ere, onartzen du «Tourrak handitasuna» daukala.

Audio_placeholder

Marino Lejarreta: «Tourrak handitasuna dauka eta lasterketarik garrantzitsuena da»

Loading player...
Marino Lejarreta, NAIZ Irratiko estudioan.
Marino Lejarreta, NAIZ Irratiko estudioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Errepide bazterrean edo helmugan», ez daki ziur non, baina Tourra Euskal Herritik igarotzen denean gertutik jarraituko du Marino Lejarreta txirrindulari ohiak. 50 etapa garaipen baino gehiago pilatutakoa da bizkaitarra baina guztietatik, «zaleen hurbiltasuna» da erdietsi duen garaipenik handiena. «Oraindik horretaz disfrutatzen ari naiz, hau ez da ahazten sekula».

Alde batetik bestera zabiltza baina pozik zaude Tourra Euskal Herritik abiatzen delako?

Bai, horrelako goi-mailako lasterketa bat etxean hastea oso garrantzitsua da. Esperientzia ere badaukagu, 1992an Donostiatik hasi baitzen. Honek oraindik eta ilusio gehiago sortzen du beste moduko hasiera bat delako. Lehen etapa oso garrantzitsua izango da. Gu ilusio handiarekin gaude eta txirrindulariak urduritasun handiarekin, lehen etapa honek zeresana emango duelako.

Etapa garaipen asko dituzu, baita hiru itzuli handietan ere. Hauen artean bada bereziki maite duzunik?

Niretzat garaipen garrantzitsuena izan da zaleen hurbiltasuna. Ni oraindik horretaz disfrutatzen ari naiz, hau ez da ahazten sekula.

Tourraren inguruko oroitzapen politen bat?

Danetik dago (barrez). Tourra lehen aldiz egin nuenean 5. bukatzea Parisen oso garrantzitsua izan zen, hor ikusi nuen nire burua gai zela aurrean ibiltzeko. Hurrengo urtean 5. egin nuen eta etapa garaipen bat ere lortu nuen.

1992an ere Tourra Euskal Herritik hasi zen. Nola gogoratzen duzu?

Niretzat urte oso berezia izan zen. Nire azkenengo urtea izan zen, azkenengo Tourra. Zoritxarrez Zornotzako Klasikan erorikoa izan nuen eta ohetik justu-justu altxatzen nintzela iritsi nintzen taldeen aurkezpenera. 40 egun egon nintzen ospitalean eta hortik atera eta gutxira izan zen Tourra. Gogoratzen dut nola nengoen aurkezpenean, minez, baina oso pozgarria izan zen.

Zornotzan izan zenuen erorikoa izan zen txirrindularitza uzteko arrazoietako bat?

Apur bat behartuta bai izan zen baina aurreko urtean jada esanda neukan azkenengo urtea izango zela, urte bukaeran utziko nuela. Bukaera ez zen izan nik esperotakoa bezalakoa, apur bat arinago izan zen, baina tira.

Zure ibilbideko zati handi bat Itzuli handietan pasa duzu. Zer du Tourrak beste biek ez dutena?

Tourrak handitasuna dauka, oihartzun handia eta lasterketa garrantzitsuena da profesional mailan.

Zein da gogorragoa, Tourra edo Giroa?

Gogorragoa, tentsio mailan eta abar, Tourra; presio gehiago dago. Joaten diren txirrindulari guztiak joaten dira lehiatzera eta Girora edo Vueltara, aldiz, esan daiteke beste lasterketa batzuk prestatzera edo forma hartzera joaten direla. Baina Tourrera datorrena etortzen da benetan lehiatzera.

«Gogorragoa, tentsio mailan eta abar, Tourra; presio gehiago dago. Joaten diren txirrindulari guztiak joaten dira lehiatzera»

Giroan 7 aldiz lehiatu zara eta guztietan lehen 10 sailkatuen artean bukatu duzu.

Bai, lasterketa oso polita zen niretzako eta une onean nengoen. Ibilbide aldetik ere oso polita da, klimatologia aldetik oso gogorra eta giro aldetik, ederra da.

Zer egiten da gogorragoa Giroko hotza edo Tourreko beroa?

Giroko hotza. Hotzari buelta ematea zaila da. Igoeran ez da arazoa baina gero 20 kilometroko jaitsiera denean, elurrarekin, iristen zara behera eta ez dakizu non zauden ere. Eskuak ezin mugituta, zailtasun handia sortzen du.

Zure lehen Tourra 1981ean izan zen. Nola gogoratzen duzu?

Nizan hasi zen eta gogoratzen naiz ilusio handiarekin joan nintzela, amarekin joan nintzen. Erlojupekoa zen eta kasualitatez, irteera ematen Gipuzkoako epaile bat zegoen eta dortsala ahaztu egin zitzaidan. Susto bat hartu nuen... Pentsatu nuen agian ez zidala ateratzen utziko. Pirinioetako lehen etapan lehen multzoan sartu nintzela eta azken igoeran jipoi handia hartu nuela ere gogoan daukat.

«[1990eko Tourrean] garaipena lortu eta motxila askatu nuen, halako batean. Tourreko garaipen bat edukitzea palmaresena, gure mailako txirrindulari batentzat, beharrezkoa zen»

1990ean lortu zenuen lehen etapa garaipena Tourrean. Lasaitua hartu zenuen?

Bai, garaipena lortu eta motxila askatu nuen, halako batean. Aurreko urtean erlojupekoan bigarren izan nintzen eta urte berean beste bigarren postu bat egin nuen, azkenengo erlojupekoan. Garaipen garrantzitsua izan zen eta Tourreko garaipen bat edukitzea palmaresena, gure mailako txirrindulari batentzat, beharrezkoa zen.

Nola lortzen da jendeak oraindik ere zu estimatzen jarraitzea?

Ez dakit... Ni naturala izan naiz eta agian hori izan daiteke arrazoia, jendearekin hurbiltasun hori edukitzea. 30 urte dira utzi nuela eta argazkiak eskatzen didate oraindik eta sinadura batzuk ere bota ditut eta horrek esan nahi du jendeak oraindik ere gogoan nauela. 

Noiz ohartu zinen txirrindularitzaz bizitzeko gai zinela?

Afizionatuetako azken urtean. Gogoratzen naiz egon nintzela matrikulatuta ingenieritza ikasteko. Bilbon bizi ginen, 13-14 pertsona bizi ginen horrelako txalet baten. Beraiek ere gogoratzen zidaten esaten nuela profesional izatera iristen banintzen ikasketak utziko nituela (barrez). Han ikusten nuen posible zela, azken urtea zen afizionatuetan eta garaipen batzuk lortzen ari nintzen. Profesionaletara jauzia emanda, ikasketak utzi nituen, orduan ez zegoen aukerarik biak egiteko moduan.

1979an egin zenuen debuta. Nola egokitzen da bat hainbeste taldetara?

Zikloak dira. Lehen taldea Novostil talde txikia izan zen. Gero ezagutu nuen Txomin Perurena, bera Tekan zegoen eta hurrengo urterako zuzendari lanak hartu zituen. Txominekin hitz eginda berarekin joateko esan zidan. Horregatik fitxatu nuen Tekarekin, talde handiagoa zen. Garai gogorra zen txirrindularitzan. Italiako ziklismoa ezagutu nuen eta amorrua neukan han lehiatzeko, hango txirrindu mundua ezagutzeko. Ahalegina egin nuen hara joateko eta lortu nuen. Alfa-Lum taldearekin hitz egitera joan nintzenean nik ez nekien zein talde zen, baina nire ilusioa zen han korritzea. Han hiru urte egin nituen. Ziklo hori ere ez da bizi osorako eta etxera etortzeko gogoa ere banuen. Orbeara etorri nintzen, Txominekin berriro ere, laguna zen eta berarekin hitz egin nuen. Han lau urte egin nuen eta taldea desegin egin zen, aurrekonturik ez zuelako. Taldez aldatzea tokatzen zen eta ONCE taldeak igotzeko gogoa zuen eta nire fitxajearekin beste irudi bat lortuko zuetela-eta, bertara joan nintzen eta bertan bukatu nuen ibilbidea.

Italia aipatu duzu. Alde handia dago hemengo eta hango txirrindularitzaren artean?

Nire garaian alde handia zegoen, bai. Estruktura mailan, antolakuntza mailan, alde oso handia zegoen. Hango lasterketetan eta hango ziklismoan beste sentimendu bat zegoen. Une polita izan zen Italiara joateko. Hemen ez zen erraza. 1983tik aurrera hasi zen hemen gorputza hartzen eta beste modura ikusten hemengo taldeak. Bilakaera handia izan zuen gero ziklismoak baina orduan ez zegoen hain ondo.

«1983tik aurrera hasi zen hemen gorputza hartzen eta beste modura ikusten hemengo taldeak»

Arantzak aipatu ditugu, Giroan laugarren egin duzu bi aldiz.

Podiumean birritan egoteko moduan egon nintzen baina ez nuen lortu. Bestalde, nire ilusio handiena zen maglia rossa janztea eta horretan ere hurbil ibili nintzen baten baino gehiagotan baina ez nuen sekula lortu. Arantza hori geratu zitzaidan eta gero Miguelek [Indurain] oparitu zidan maillot bat.

Azken arantza bat, akaso, Euskal Herriko Itzulian 3.en geratu zinen.

Itzulia irabazi baino, etapa bat irabaztea. Gehien izorratu zidana izan zen Elgetako erlojupekoa. Ez nengoen topera baina oso aproposa zen etapa, eta ilusio handia neukan. Apustuak ere egin nituen nik irabaziko nuela baina ez nuen lortu. Pena itzela izan zen.

1983an hasi zen Espainiako Vuelta zuzenean emititzen. Horrek zein eragin izan zuen txirrindularitzan?

Asko. Termometroa zen Espainiako Vuelta hasieretan ez nuela sinadurarik ematen, noizbehinka agian. Baina apurka-apurka gero eta gehiago hasi nintzen, eta azken astean agian ordubete ematen nituen sinadurak ematen. Zoramena izan zen baina orduan ilusio handia egiten zuen autografoak sinatzea eta errekonozimendu hori jasotzea.

Txirrindularitzak garapen handia izan du. Ze aldaketa nabarmenduko zenuke?

Elikadura mailan eta prestakuntza mailan. Nire garaian entrenamenduak bakarrik edo binaka egiten genituen eta egiten genituen serieak elkarrekin pikatzen ginenean izaten ziren. Prestakuntza fina lasterketetan egiten zenuen. Eta elikadura aldetik, gosaltzeko 6.00ak edo 5.30ean arroz sopia eta haragia jaten genuen... Eskerrak aldatu den. Lehen aldiz kendu zigutenean haragie gosaltzetik eta zerealak sartu, norberak erosten zituen. Nik lehen aldiz zerealak ikusi nituenean Ingalaterran izan zen, 1978an izan zen. Ingelesak jaten zituzten eta harrituta geratzen nintzen.

Zein iritzi duzu txirrindularitza egungo araudiari buruz? Lasterketako segurtasuna, ingurumena babesteko araudiak, debekatutako sustantzien erabilera...

Hori beti egon da hor baina gero eta zurrunagoak dira kontrol horietan. Zenbat eta profesionalagoa izan, logikoa da. Bonbo handia ematen diogu baina abangoardia gara doping mailan. Ziklismoari egokitu zaio arazo horri aurre egitea eta ziklismoan baino kontrol gehiago ez da egiten inon ere ez. Gainera, gauza asko ez dituzu ondo ulertzen; zenbat eta araudi gehiago jarri, ematen da hobeto egiten dela lana baina ez dago zertan. Horrela barneratu behar dugu eta kitto.

«Abangoardia gara doping mailan. Ziklismoari egokitu zaio arazo horri aurre egitea eta ziklismoan baino kontrol gehiago ez da egiten inon ere ez»

Gaur egun ere jarraitzen duzu txirrindularitzara lotuta?

Askorik ez. Baque taldean nago zuzendari bezala, lasterketa batzuetan egon naiz. Lieja-Bastonia-Lieja lasterketan egon naiz, 23 urtez azpikoekin, baina argazkietarako. Zuzendari bezala benetan egoteko denbora asko sartu behar da eta ez daukat adinik horretarako.

Oraindik ateratzen zara errepidera?

Bai, denbora ona egiten duenean gustatzen zait ateratzea. Kirola osasuna da eta gainera, ondo sentitzen naizelako.

Emakumezkoen txirrindularitza ere pixkana bidea egiten ari da. Nola ikusten duzu?

Garatzen ari da. Lan asko egiten ari dira erakundeen laguntza jasotzeko eta badoa apurka apurka gora. Baina ez da erraza, gizartean heziketa hori lortzea oraindik nekeza da eta txirrindulari gutxiago daude, baina martxan honetan joanez gero, urtez urte txirrindulari izan nahi duten neska gehiago egongo dira.

Aurtengo Tourrerako faboritorik baduzu?

Ni Roglic zalea naiz baina uste dut onena eman duela. Pogacar, Vinegaard, Evenepoel oso indartsu daude eta Roglic zalea naizenez, Jumbo taldea gustatzen zait, nola korritzen duten eta nola egiten dituzten gauzak. Tourrerako Vingegaard ikusten dut faborito baina Pogacar oso txirrindulari ona da eta ikusi beharko da.

Eta nola ikusten dituzu euskal txirrindulariak goi-mailan?

Momentuz, sailkapen nagusirako Landa ikusten dut baina hau ere azken unean dago, disfrutatzeko moduan. Eduki zituen aukerak bere ibilbidean eta seguru zorteak ere ez diola lagundu, aukeraketan ere agian huts batzuk egon direla, esaterako Tourra Giroaren partez egitea. Baina nire iritzia da.

Eta Pello Bilbao ere hor dago.

Bai, gainera gernikarra da. Denean ondo moldatzen den txirrindulari bat da, arnas-luzekoa, azken asterako txirrindularia, tematia. Oso lasterkari ona da eta jendeak estimua dio. Uste dut lehen etapa berarentzako oso egokia dela, ez da erraza, Alaphillipe edo Van Aert buru-belarri ikusten ditut eta lehen etapa oso polita izango da.

Mikel Landa, Pello Bilbao, Izagirre anaiek adin bat badute, hala ere baditugu beste batzuk beheko mailetan: Oier Lazkano, Alex Aranburu... Etorkizuna nola ikusten duzu?

Sailkapen nagusirako ez dut ikusten inor lehiatzeko moduan dagoenik itzuli handiren bat. Aranburu eta hauek uste dut Klasikoetan hobe moldatzen direla. Lazkano gregario oso ona izan daiteke eta Klasiketan erakutsi du arnas luzekoa dela, baina oraindik horrelako itzuli handiko sailkapen nagusia handi geratzen zaie. Oraindik gazteak dira eta ea bola eboluzionatzen duten.

«Tourra iristen denerako denak daude argazkian baina behe-mailetan ez da izaten horrela, oihartzun sozialik ez daukatenez ez dielako axola»

Zein da zure ikuspegia Euskal Herriko txirrindularitzaren garapenari eta sustapenari buruz?

Zenbat eta publizitate gehiago egin, gero eta jende gehiago animatuko dira. Publizitatea egiteko jendea falta da; goi-mailako lasterkari gehiago badaude, gazte gehiago animatuko dira. Athleticen, esaterako, egon zen garai bat atezain bat bera ere ez zegoela. Eta orain, ordea, oso onak ari dira ateratzen, eta hori zergatik da? Egon direlako erreferenteak. Lehen inork ez zuen nahi atezain izan, eta horretarako eman behar duzu irudi ona. Eta ziklismoan berdina. Baldin badaukazu txirrindulari bat famatua, telebistan agertzen dena, umeak hori bezalakoa izan nahiko du.

Behe-mailetako lasterketa batzuk kolokan egon dira. Hauek babestea ere bada garrantzitsua, ezta?

Bai, arduradunek ahalegin gehiago egin beharko lukete lasterketa hauek aurrera ateratzeko, erraztasun gehiago eman behar zaie. Aldiz, oztopo asko jartzen dute, eta sariak ematen dituzten arduradun berberak beste modu batera ikusi beharko lukete behe-mailako txirrindularitza. Tourra iristen denerako denak daude argazkian baina behe-mailetan ez da izaten horrela, oihartzun sozialik ez daukatenez ez dielako axola.

Jaurlaritza Logoa