En direct

Amaia Zurutuza
Entrevue
Xabier Fernandez Monke
‘Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola’ liburuaren egilea

«Tourra hain erraldoia izanik, aukera paregabea da nazioen sentimenduak islatzeko»

Gizarte komunikazioan doktore, Xabier Fernandezek ‘Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola’ liburua argitaratu du Txalapartarekin, 2019ko tesian oinarrituta. ‘Egin’-en lanean zela harrapatu zuen Tourrak eta adikzio horretatik abiatu zuen ikerketa. NAIZ Irratian gako batzuk eskaini ditu.

Audio_placeholder

«Tourra hain erraldoia izanik, aukera paregabea da nazioen sentimenduak islatzeko»

Loading player...
Xabier Fernandez Monje, NAIZ Irratiko elkarrizketan.
Xabier Fernandez Monje, NAIZ Irratiko elkarrizketan. (NAIZ)

2023ko Tourra abiatzeko ordu eskasen faltan, Xabier Fernandez Monje gizarte komunikazioan doktorea NAIZ Irratiko mikrofonoetan solastu da. ‘Frantziako Tourra frantziar, espainiar eta euskal prentsan, 1903-2013: kazetaritza eta nazio identitatea’ tesia egin zuen 2019an eta orain horri liburu forma eman dio: ‘Nazioen tourra: kazetaritza, identitatea eta kirola’. Ospe handiko lasterketa hau Euskal Herritik abiatzen dela-eta, mundu mailan euskal identitatea aldarrikatzeko aukera paregabea dela iritzi dio. Zenbait gako eskaini ditu.

Zuretzat zer da Tourra?

Tourra ezagutu nuen ‘Egin’ egunkarian lanean nintzela eta nolabaiteko erakarpen bat sentitu nuen, handitasunagatik. Berehala konturatu nintzen lasterketan biltzen zirela ez soilik bertako sentimendu jakobinoak, baizik eta nazio askotako sentimenduak; euskal nazioarenak barne, jakina. Pentsatu nuen abiapuntu on bat izan zitekeela tesi bat egiteko. Urteen poderioz lan hori luzatu zen baina adikzioa mantendu zenez gero, erabaki nuen tesia amaitzea eta tesiaren ondoren, liburu hau argitaratzea. Batez ere kontuan hartuta, Tourra ez dela txirrindularitza lasterketa soila, hori baino harago doa.

Baditu hiru hanka zure lanak: kazetaritza, identitatea eta kirola. Zein lotura du Tourrak nazio identitateekin?

Hasiera batean Tourra jaio zen egunkari batzuen eskutik, bai eta Vuelta eta Giroa ere. Hasiera batetik identitae bakar bat azpimarratzen zuen Tourrak: frantziarra. Baina, gero, batez ere kanpoko txirrindulariek irabazten zutenean –belgikarrak, luxemburgoarrak...– eta frantziarrak garaipenik pilatu gabe egon zirenean, nazioka lehiatzera pasa ziren, ospea berreskuratu asmoz.  Bi porrot handietatik zetozen: Lehen Mundu Gerra eta Bigarren Mundu Gerra. Erabili zuten Tourra barne nazionalitatea sendotzeko. Bestalde, nazioen taldeen agerpenarekin frantziarrek erabili zuten Tourra euren burua munduan zehar zabaltzeko eta “saltzeko”. Hori lortu dutela esan daiteke. Eta aldi berean, gainerako nazioek berebiziko ahaleginak egin zituzten euren burua agerrarazteko. Hori behin lortuta, sartu ziren berriro hedabideak dantzan, eta hedabide bakoitza saiatu zen bere herriaren burua saltzen. Horrela, hiruki bat osatu zen: nazioa, hedabideak eta kirola.

Kazetaritzaren ikuspuntutik, zer nolako trataera jaso izan du eta jasotzen du Tourrak? Eta zein garrantzia izan du estaldura mediatikoak?

Liburuan azaltzen dira urte ezberdinetako datuak. Adibide argi bat jartzearren, atzoko aurkezpena munduko 200 telebista kate baino gehiagok eman zuten. Horrek suposatzen du izugarrizko oihartzuna munduan zehar eta aldi berean, Tourra horretaz jabetu da eta bilakatu du negozio handi bat. Tourra hain erraldoia izanik, aukera paregabea da nazioen sentimenduak islatzeko. Tesian bi eredu agertzen ziren: alde batetik, estatua dutenen eredua –espainiar eta frantziar eredua– eta beste aldetik, euskal prentsarena. Harrigarria badirudi ere, euskal prentsarena nahiko apala eta histrionismo gutxiagokoa da. Nik uste dut hor ere presentzia daukala euskal senak. Normalean konplexu gehiago daukagu gurea saltzeko eta uste dut hori ere islatzen dela prentsan. Bestalde, espainiar eta frantziar prentsak ez du inolako lotsarik euren “produktua” saltzeko eta ez dute inolako lotsarik munduak bakarrak direla pentsarazteko gainerako herriei.

Euskal nazioak nola probestu lezake hobe Tourra bezalako txapelketa bat eta kasu honetan irteera hemen bertan izanda?

Atzokoa ikusita, bide onetik goaz. Badakit Tourrak alde negatiboak dituela ere: prekarietatea sustatu dezakeela egunotan, alokairuen garestitzea, eraginak mugikortasunean... Baina tesiari begira, atzokoa adibiderik onena dela esan daiteke. Herri bat agertzen zen, bere sinbolo eta hizkuntzarekin. Tourrak jakin badaki negozio handia izanagatik ere, nora joaten den. Badaki hau Euskal Herria dela, Espainiari buruzko aipamenak oso txikiak dira eta gainera, azpimarratzekoa da zer nolako trataera ona eman zion euskarari Xabier Usabiaga kazetariaren eskutik. Euskarari lehentasuna emanez eta naturaltasun osoz burutu zen ekitaldia. Txirrindulariek beraiek ere badakite non dauden eta askok keinuak egin zituzten euskararen edo Euskal Herriaren alde. Bide honetatik jarraitu behar du euskal jendarteak munduan zehar hemen nazio bat garela aldarrikatzeko.

Estaturik gabeko nazio batentzat, munduari existitzen dela esateak zein garrantzia du?

Izugarria. Egunero ari gara esparru guztietan borrokan erakusteko herri bat dagoela frantziar eta espainiar estatuen artean; hemen hizkuntza bat badagoela adierazten... imajinatu ekitaldi globalizatu baten eskutik zer nolako oihartzuna lortu dezakegun. Euskal nazioaren ikuspegitik, bozgorailu handia da eta aprobetxatu behar dugu, zentzurik onenean.

Nola uste duzu lortu daitekeela Tourra Euskal Herrian dabilela irudikatzea munduari? Ikurrinak lau haizetara zabaltzeko deia egina dago, izan liteke modu bat?

Modurik eraginkorrena izan daiteke. Egun, ikus-entzunezkoek sekulako garrantzia daukate, ez soilik telebistaren bitartez. Atzoko ekitaldiko irudiak bide ezberdinetatik iritsi zaizkigu. Hori abiapuntu izanik, orain dator kirol proba eta Euskal Herria zeharkatzen duenean biderik eraginkorrena da gure sinboloak errepideetara ateratzea. Bai eta bosgarren etapan ere, Zuberoatik igarotzen da-eta.

Ezin hobea litzateke euskal txirrindulari batek etapa bat irabaztea, ezta?

Bai, zazpi euskal txirrindulari daude; Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko inor ez dago, tamalez. Baina zazpi hauek aukerak dituzte etaparen bat irabazteko. Dena dela, hemen ere beste hausnarketa bat egin behar da: ea zenbat euskal txirrindulari dauden Tourrean, zenbat ziren duela urte batzuk eta Tourra baino harago zer nolako laguntzak ematen zaizkien Euskal Herriko txirrindulari taldeei, lasterketak antolatzen dutenei... Hausnarketa polita litzateke. Kanpotik ikusita, esango nuke euskal txirrindularitzaren egoera ez dela oso ona.

Jaurlaritza Logoa