En direct

NAIZ Irratia

Tourraren abiatzea... eta segida, NAIZ Irratian

Euskal Herritik abiatuko da txirrindularitzaren urteko hitzordu nagusia eta NAIZ Irratiak jarraipen berezia egingo dio Tourrari. Ostegun honetatik aurrera hainbat emankizun berezi eskainiko ditu Bilbotik eta larunbatean hasita Tourraren zuzeneko kontakizuna izango da irratian.

Audio_placeholder

Tourraren abiatzea... eta segida, NAIZ Irratian

Loading player...
Tourrari ongietorria Donostian
Tourrari ongietorria Donostian (A.S.O./Vicente Paredes | LeTour)

'Ongi eTOURri', aztoratuko dira bazterrak gurean Tourraren hasieraren aitzakian. Larunbatean da abiatze handia eta NAIZ Irratiaren bidez zuzenean jarraitu ahalko da txirrindularitzaren urteko hitzordu nagusia. Azken urteetako bideari segiz Tourreko etapen zati garrantzitsuenak irratian zuzenean jarraitu ahalko dira baina aurrez Bilboko irteerari begira emankizun bereziak antolatu ditu irratiak.

Ostegun eta ostiralean Bilboko Areatzako Fanparketik ariko da NAIZ Irratia zuzenean. San Pedro egunez irekiko ditu ateak eremu berezi honek eta 14.00tatik aurrera irekiera horren berri emateko emankizun berezia eskainiko du irratiak. 15.00tan 'Ni Tourrean izan nintzen' elkarrizketa serieko azken atala eskainiko du NAIZ Irratiak, euskal txirrindularitzaren izen handienetako batekin: Marino Lejarreta.

Ostegun eta ostiralean Bigarren Kafea arratsaldeko magazina ere Bilboko Fanpark honetatik emitituko du, baina ordutegi berezian, 18.00tatik 20.00tara. Abiatze handirako 24 orduren faltan, ostiralean 15.00tan, Tourraren inguruko mahai inguru berezia izango da Bilboko Areatzan; Ion Garate KirolHariako arduradunak gidatuta Tourrak dakartzan gakoak izango ditzute hizpide Iñigo Asensio Tourraren saio bereziko gidariak eta GARAko Joseba Iturria eta Ane Urkiri kazetari adituek. Egun hauetako saio berezietan Ion Izagirre txirrindularia, Patxi Villa Movistarreko errendimendu arduraduna, 'Grand Depart'-aren antolatzaileak eta Tourrarekin kritiko izan direnak ere pasako dira NAIZ Irratiko setetik. 

Uztailaren lehena da egun handia, Tourra abiatzeko ordu gutxiren faltan magazin berezia eskainiko du NAIZ Irratiak 10.00tatik aurrera, tartean 2023ko Frantziako Tourraren abiatzea zuzenean eskainiz (12.30). Arratsaldean, 15.00tatik aurrera, lehen etaparen azken kilometroak zuzenean jarraitu ahalko dira.

Tourraren jarraipen indartua

Dagoeneko ohitura bihurtu da NAIZ Irratiaren programazioan Tourraren jarraipena, aurten ere Donostiako Zurriola etorbideko NAIZ gunetik eskainiko du etapa guztien jarraipen berezia, pantaila erraldoi eta guzti.

Uztailaren 1ean Biilbon hasiko den etapatik Tourra uztailaren 23an Parisera iritsi bitarte NAIZ Irratiaren frekuentzian jarraitu ahako dira kirol hitzordu handi honen une garrantzitsuenak. Ohiko analista eta elkarrizketatuez gain Joseba Iturria NAIZ eta GARAko kazetari aditua lasterketan bertan izango da jarraipen berezi hau indartzeko asmoz.

Jaurlaritza Logoa