En direct

Uda ostera arte agur esan digu ‘Zarata’ tartean bere ehungarrenaren ostean

100. aldiz egin du aste honetan Iker Bárbara kazetari bilbotarrak ‘Zarata’ tarteal. Hori dela-eta, «ehun saio txapa ematen» esan digu Iker Bárbarak txantxetan.

Audio_placeholder

Uda ostera arte agur esan digu ‘Zarata’ tartean bere ehungarrenaren ostean

Loading player...
Aurpegia estalita ikusi ditugu sareetan BSRT Kølektiv taldekoek.
Aurpegia estalita ikusi ditugu sareetan BSRT Kølektiv taldekoek. (@largobfts)

CenizaFragua - Fuego

«Marta da berez musikariaren izena eta La Tokokera edota Gospel Bilbao taldeetan abesteagatik ere bada ezaguna. Laugarren single bat kaleratu du, iaz hasi zen lehen abestiak aurkezten eta lehenengo EParen azken aurrerapen kantua dela dirudi. 2021ean Hiriko Soinuak lehiaketan saria eskuratu zuen proiektu intimista eta folk kutsukoa den honekin. Bideoklipa Martak berak eta Iker Torrek zuzendu dute eta abestia egiterakoan Javier Fernandez izan dute bidaide, Saúl Santolariaren ekoizpena medio», aipatu digu kazetari bilbotarrak.

Iker Lauroba - Ke bonba (Ft. Lide Hernando)

Aurreko kantua mentalki neguan koka bagenezake ere, hau argi eta garbi udan kokatuko genuke: «Musikak sentsazioek mugitzen ditu eta urteko sasoi denetan izaten dugu dantza egiteko nahia. Karibeko musikak ezin ditugu entzun neguan ala? Pentsa nire aitak 30 urte inguru darama astero-astero saltsa saioetara joaten. Nik ez dut ikasi halakorik, ordea. Kantura itzuliz, aurreko astean Lide Hernandoren Bele proiektuak sorpresan harrapatu gintuen eta, orain, Laurobarekin gauza bera gertatu zaigu. Kantu intimoagoak edota folk ukituarekin entzun izan dugu azkenaldian edota Izarorekin gitarra jotzen, eta funk-disco kantu bat atera izanak, harritu egin gaitu».

Víbora - Dana

«Funk-disco estilotik post-hardocorera egingo dugu salto. 2018an sortu zen Víbora taldea eta 2021ean atera zuten lehen diskoa. Italia, Suitza edo Frantzian ibili ziren eta aurten, uda eta gero, bigarren disko luzea grabatzeko asmotan dira. Hortaz, entzungo dugun abestia aurrerapen kantua da. Bi minutu pasatxoko deskarga bat», esan du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.

BSRT Kølektiv - Milkarwsky

Denboraldiko azken kantua hau izan da, datorren astean bestelako doinu batzuen bueltan ibiliko delako Iker Bárbara: «Disneyko soinu bandak izango ditut inguruan, BBK Live jaialdia etorri aurretik. Behintzat, joan aurretik, elektronika pixka bat ekarri dut hona. Aurten, gainera, BBK Liven beste behin elektronika talde potenteak izango dira eta atariko moduan ere hartu daiteke abesti hau. Taldera itzuliz, technoa, housea edota drum & bassa nahi dituzte uztartu eta, bideoklipean ikusten denez, festa da sortu nahi dutena, rave bat ikusten baita bertan. Amooma taldeko Raperu eta Imanol daude, Guda Dantza eta Afrika Bibang taldeko Torralba eta Uki DJa ere badago, Akerjenbe Sound System kolektiboko kide. Zuzeneko elektronika egiten duen beste musika talde bat eta, batek daki, antzerako beste taldeekin elkartu eta eszena txiki bat osatu daiteke».

Jaurlaritza Logoa