En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Julen Leturiondo
Musikaria

«Proiektuak beste kutsu eta soinu bat hartuko du, elektronikoago etorriko da»

Askori ezaguna egingo zaio Julen Leturiondoren ahotsa NAIZ Irratiko uhinetatik, bertan aritzen baita kantu hautaketak egin eta horiek aurkezten. Oraingoan, ordea, diskoa kaleratu duelako izan da MusikHaria saioan, ‘Bihotzera giltza’ izenekoa, eta ekainaren 22an aurkeztuko du bere herrian, Eibarren.

Audio_placeholder

«Proiektuak beste kutsu eta soinu bat hartuko du, elektronikoago etorriko da»

Loading player...
Irudia mimo handiz landu du Julenek bere ‘Bihotzera giltza’ lana aurkezterako garaian.
Irudia mimo handiz landu du Julenek bere ‘Bihotzera giltza’ lana aurkezterako garaian. (Maitane CAMPOS)

Egun on, zer modu zaude? Aje emozionala ondo?

Diskoa atera nuenetik gaur arte pasa da, edo pasatzen ari naiz. Diskoa atera nuen ostirala askatasun eguna izan zen, kantuak aspalditik genituelako grabatuta. Hortaz, pisu handia kendu dut gainetik.

Duela hilabete aurkeztu zenuen diskoa Ermuan.

Ordu larregi sartu nituen kontzertu hartarako eta askatasun eta ospakizun momentua izan zen. Lagunekin partekatu nahi izan nuen hura.

Eibartarra izanda Ermuan aurkezteak saltsa sortuko zuen, ezta?

Bai, baina batez ere jendearen kezkatik. Gauza da iaztik neukala kontzertu hori lotuta Ermuako kultur teknikariarekin eta hasiera batean kontzertu normal bat izango zen. Baina diskoa ateratzeko asmoa ekainerako genuenez eta Ermuako antzokiak buruan genuen guztia egiteko aukera ematen zuenik, ba aurrera. Gainera Ermuan entseatzen dugu eta bi taldekide ere bertakoak dira, oso natural irten da guztia nahiz eta arraroa iruditu askori.

Diskoa zabaltzeko funky ukitua duen ‘Itzalaren babesean’ kantua daukagu. Hasieratik zuen intro hori?

Soinu nahiko berezi edo zehatz bat nahi nuen, ez nuen lortzen sintetizadorearekin hori. Bada, bateriaren platera baten soinua alderantzikatu eta fa nota batean kokatuta dago lortuta. Hortaz, soinu hori bera sartu dugu gerora ere diskoan.

Hortaz zuk erabiltzen duzun teklatuan soinu bankua sartu diezaiokezu?

Ez ez, MIDI moduan funtzionatzen du. Egia da egun daukadanak baietz, honi gehitzea posible dela, baina hor entzuten denak umetan oparitzen dizuten lehen teklatu horren itxura du. Gero zuzenean bi teklatu goaz eta Sara Alonso da soinu bereziez arduratzen dena, ni piano soinu klasikoan zentratzen naiz.

Sortzerakoan nola izaten da prozesua.

Bada kantuak hasi eta buka egiten ditut eta gordetzen joaten naiz, eta motibatzen noan heinean kantuak gora egiten du eta horregatik normalean bukaeran handitasuna izaten dute abestiek. Ez dut sekulan ere zatika egiten. Demoak telefonoan grabatzen ditut hasieran edota teklatuak ematen dizkidan aukerekin, gero taldera joan eta haiekin lantzeko.

Dena lokalean grabatu duzue, gainera. Zenbat denbora pasa daiteke hori atontzen?

Bada ez genuen larregi atondu, berez oso ondo eginda daudelako bertako lokalak. Metalezko objektuak eta beste taldeen instrumentuak kendu genituen eta emaitzarekin denok ere oso harrituta geratu ginen, bai taldekideok eta baita grabaketan aritu zen Andoni Conde ere. Bertan grabatzearen erabakia beldurretik hartutako erabakia izan zen, estudioa ez zaidalako gustatzen, Jendeak estudioan oso ongi pasatzen du grabatzen eta saltseatzen, baina nik oso gaizki pasatzen dut. Gainera, bitxia da, besteentzat grabatzerakoan gustora egoten naizelako, baina niretzako bada, ez dut erosotasun hori lortzen. Baina hori ere aldatzen ari da pixkanaka.

Bideoklipa ere egin zenuten kantu honekin, estetika konkretu batekin. Mezua zer da, barruko galderen erantzunak parekoetan gorpuzten direla?

Bai, oso ondo ulertuta. Pertsonaia desberdinak nahi genituen sortu, baina beti pertsona beraren inguruan, niregan gorpuztu nahi genituen. Bost egun izan genituen bi bideoklipak hasi eta buka egiteko, unibertsitateko lana izan zen. Señoraz jantzita agertzen naizen planoa, esaterako Donostiako Santa Lucia txurrerian dago grabatua, halakoek lan pixkat eman zuten. Bitxiena da abesti hau ez zegoela grabatuta bideoklipa grabatzean, hortaz, abestia grabatzerakoan, bideoklipean nire ezpainei begira abestuz dago egina. Hau da, bideoklipean abesten nagoenez, eta aurretik grabatu zenez, hura izan zen gida abestia grabatzeko.

Diziplina anitzak uztartu dituzu proiektuan.

Bai, artea bere zabaltasunean dut gogoko eta artearen inguruko pertsona desberdinekin elkarlanean aritu naiz, guztiak janzten duelako sorkuntza.

Bigarren kantua ‘Víctimas del bien’, ahots koral hori zuk egina da?

Bai, ni naiz. Baina gero musikariek ere abestu egin behar dute zuzenekoetan, niri gehien gustatzen zaidana abestea delako. Hasieratik prest egon ziren, nahiz eta grabatzerakoan ia dena nik grabatu dudan.

Moldaketak eta egiterakoan, errez moldatu zarete?

Bada egia esanda bai. Nahiz eta mundu desberdinetatik gatozen, badugu puntu bat komunean eta gauzak errez egin dira. Abesti honen kasuan errazago, garatu samar eraman nuelako kantua.

Mezu ironikoa du honek, ezta?

Bai, guztiz, sarkasmoz beteta dago. Black Mirror ikusi nuen eta nire baitan hausnarketarako tartea zabaldu zuen, zer ikuis nuen eta nora goazen pentsatuz. Sekulako lana egiten dugu askotan besteren mesedetan eta horrek ongintzaren biktima bihurtzen gaitu eta mundua suntsitzen dutenek ez dute sekulan ere hori sentitzen.

Oihartzunaren erabilera handia da. Nahasketetan zuk buruan zenuen guztia?

Bai, hala da. Eñaut Gaztañagarengana iristerako nik nire irudia eginda daukat abestian. Elizan kokatzen nuen abesti hau, oso eklesiastiko iruditzen dut kantua eta oso argi neukan reverb oso handia eduki behar zuela. Nire kanturik txuriena edota puruena bezala ikusten dut. Eta honek guztiak iruditeri zehatz bat sortuta duenez, lotura du guztiak.

Argi teknikariak mareatzen dituzu?

Bada ez dugu beti aukerarik izaten. Argi diseinu bat egina dugu toki batzuetan egin ahal izateko, baina beste toki batzuetarako bai denboraz abisatzen saiatzen naizela teknikariei bi gauzatxo eskatzen argiaren inguruan.

Proiektua hasi eta bukatu, dena kontrolpean duzu, beraz.

Ematen dituen burukomin guztiekin, baina nik hartzen ditut ia erabaki denak, batzuetan huts egingo dudan arren. Kutxa Kultur bezalako egonaldiek lagundu egiten dute honetan, ahaldundu egiten gaitu profesionalez osatutako epaimahai batek hautatzen zaituelako. Gero bidean jasotako formakuntza guztia, masterclass eta halakoekin eskertzekoa da, eta, gainera Bilboko Villasounden ere ibili naiz gauza berean eta jakintza asko zabaltzen du. Beti zoaz ikasten hemen, momentuero.

‘Ionosfera’ kantuan hiru zati daude eta lehenengoan shakerrak sekulako presentzia du.

Bai, eta hori kutxa sartzen den arte, zatitxo batean soilik dagoela.

Gitarra elektriko batek bigarren zatian duen presentzia ere nabarmentzekoa.

Bai, bikoiztuta dago eta oso aurrean. Nik nire burua espazioan kokatzen dut eta elementu bakoitza non kokatu nahi nuen eskatzen nion Eñaut Gaztañagari.

Azken zatian teklatuak eta bateriak ryhtm & blues batetara eramaten gaituzte. Hiru zati oso desberdin, zergatik?

Bada hegazkin batean idatzi nuen, Hodeien gainetik dena da barea diot eta hori da laino itsaso bat ikusten nuelako. Triste nengoen, gainera, Erasmusetik bueltan netorrelako. Zientzia maite dut baina ez dakit gehiegi, ikastea bai, ordea. Bada, materiaren aldaketari buruz dago egina bidaia moduko batean kantua. Lehen zatian gaseosoa da, hodeien artean diot horregatik, gero urtu gaitezen diot eta balada hori da likidotzearen irudia eta solidotu gaitezen diot bukaeran eta gorputz gehiago du kantuak. Bada ideia zelebre hori kantura eramaten saiatu naiz.

Ionosferarena ere bada bitxia, magnetismoa sortzen den tokia dela irakurri dudalako.

Badu hortik pixka bat. Ionosfera atmosferaren zati bat da, ionizatuta dagoena, eta ionizazio horri esker posible da gaur egungo komunikazio sistema. Sateliteen bidez egiten den komunikazioa ionosferako ioei esker da posible eta keinu bat ere bada Eramusean ezagututako lagunei ere, haiekin komunikatzeko beharrezkoa delako ionosfera.

Abestian momentu batez kolpe bat lapurtzen du bateriak, berezia da hori.

Nire musikariek ‘Julenada’ dela esaten dute hori. Jotzen hasten naiz eta galdetzen didate ea ba ote dakidan zer egin dudan, eta nik hor esaten dut «eta? ez dago araurik ez ezer eta ongi geratzen bada…». Ez ditut pentsatzen, natural irteten zaizkit eta badakit musikariak zertxobait erotzen ditudala. Erritmoekin jolastea asko gustatzen zait, panderoa jotzetik etorri zaidan zerbait da hori.

Azken abestia, ‘Ixilduak’ zapalduen alde eta zapaltzaileen kontrako kantua.

Bai, hala da. Baina kuriositate bat aipatu nahi dut lehendabizi, trikitixarekin egin nuelako eta Si bemolean dagoelako idatzita. 2019an egin nuen, baina egun beste modu batetara entzuten da, ahotsa ere aldatu zaidalako eta beste gauza batzuk ikasi ditudalako egiten. Ez dakit zergatik egin nuen trikitixarekin kantua, baina jolasten hasi nintzen eta gustatu zitzaidan sortu zen armonia, trikitixak muga horiek badituelako. Oda moduko bat nahi nuen sortu, amaiera potente batekin eta horretarako beste ‘Julenada’ nabarmen bat dago. Trikitixatik pianora pasa nuenean abestia egin nuen aldaketa hori eta musikariei hau harrapatzen kosta egin zaie. Jo eta kantatzea aldi berean ez da erraza, baina ni eroso nago horrekin.

Bideoklipak esan duzu baduela istorio berezi bat.

Bakioko hondartzara abiatu ginen goizeko bostetan eta seietarako han ginen. Egun oso polita izan zen, jolasean ari ginelako eta gauzak ikastea zen gure nahia. Itzal moduko bat agertzen da eta beste kantuarekin lotura izan dezake. Lagun bat beltzez jantzi genuen horretarako. Zapaltzailearen figura da itzalak ordezkatzen duena eta ni harekin borrokan ikusten da. Olatu indartsu samarrak zeuden eta kosta zitzaidan zutik mantentzean. Urria zen, ni mauka motzeko kamiseta batekin nintzen eta ezpainak moretu eta eskuak urdinduta nituen. Gero denok besarkatu ginen berotzeko eta oso polita izan zen.

Ixildua ordezkatzeko, zerbait konkretua zenuen buruan?

Ez da gauza oso pertsonaletik idatzitako zerbait eta edonor identifikatuta sentitzea nahi nuen abesti horrekin. Kolektibitatearen zera hori eman nahi nion. Baina ezintasun une batean harrapatu ninduen abestiak idatzi nuenean eta horri aurre egitea batzuetan oso zaila da. Esan dudan bezala, ez nuen nirea soilik izatea nahi eta denbora pasa ahal zentzu hori hartu du. Dantza taldeak ikusi ditut hainbat herritan kantu hau erabiltzen, martxoaren 8an ere erabili zuten eta horrek ere asko flipatu ninduen, zaila delako dantzatzeko. Lehen abestia izatea ez zen aurreikusita genuen zerbait, justu pandemia aurretik grabatu genuelako, baina desastre horri buelta eman eta kaleratu genuen.

Udan ixilik ez zara egongo, ezta?

Ez naiz udako musikaria, uda bizitzea gustatzen zaidalako. Gainera, nire estiloa akaso antzokietan edo aretoetan hobeto txertatzen da. Antzokiak ditut maite, beste berotasun bat dutelako edo, eta gainera Eibarko Koro Gaztean 11 urtez aritu nintzen eta antzokietan oso eroso sentitzen naiz.

Baina herriko festetan ikusten ez dudan arren, Eibarko sanjoanetako txosnagunea irekiko dut ekainaren 22ko kontzertuarekin. Ekainaren 24an Musika Parkea jaialdian izango naiz Aieteko jauregian. Beste formatu batean, aukera ematen didalako horretarako, teklatu, gitarra eta kontrabaxuaren formatuarekin.

Uztailean 2024rako buruan dugun proiektu batean zentratuta izango naiz eta, abuztuaren 16an, Donostiako Aste Nagusian, Boulevardeko kioskoan izango gara su artifizilalen ostean. Kontzertu garrantzitsua eta berezia izango da, bandan aldaketak izango direlako eta hori aurkezteko balioko duelako. Baina datorren urtekoan zentratuko gara, burua joan zaigulako pixka bat.

‘Hype’-a sortzea gogoko duzu, gero.

Proiektuak beste kutsu eta soinu bat hartuko du, bazen garaia. 2020 eta 2021ean egindako gauzak dira, baina Julen egun ez da hori bere etxean. Kantautore kutsu hori mantenduko du, baina elektronikoago etorriko da.

Mila esker gurekin izatearren, Julen.

Bai, zuri.

Jaurlaritza Logoa