En direct

Bigarren Kafea

«Tandemean bidaiatzeak gure arteko konfiantza indartzeko balio izan du»

2022ko irailean abiatu ziren Alegiatik Ander Arandia eta Garbi Arroyuelo tandem bizikleta batean. Afrikan zehar bidaiatu eta Ugandan lanean diharduen Mukwano Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearen jardun eremua zuten jomuga, nahiz eta bidean aldaketak izan zitezkeela argi izan.

Audio_placeholder

«Tandemean bidaiatzeak gure arteko konfiantza indartzeko balio izan du»

Loading player...

Maiatzaren amaieran itzuli ziren eta erosotasunera azkar ohitu direla esan digute. «Oso ongi etorri polita egin ziguten Loiun; berezia izan zen. Hemen dutxa beroa eta ohe erosoak ditugu baina nabaritzen dut lehen baino sentiberago nagoela» adierazi du Arroyuelok.

Ezezagunetik asko zuen abentura batean murgildu zirela esan digu Arandiak. «Ez genekien zer izango zen bizikletan bizitzearena baina momentu zail asko bizi ondoren, helburua bete izanaren sentsazioarekin itzuli gara». 

Bikote harremanarentzat ere esperientzia interesgarria izan dela aitortu dute tandemean bidatzearena. «Gure arteko konfiantza hobetzeko balio izan du. Komunikazio eta koordinazio asko eskatzen du. Aldapa gora egin beharrak zigortzen du gehien tandemean joatea.

Alor fisiko eta psikologikoan ere une zailak bizi izan dituzte baina aurrera egiten asmatu dute. «Indarrean atera ginen eta hilabeteek aurrera egin ahala nekea somatzen joan ginen. Nekatuta zaudenean erabaki okerrak hartzea errazagoa da. Behin Afrikako herrialderik handienak zeharkatu ostean, txikiago batetik bestera azkar joateak ilusioa piztu digu». Zortzi hilabete eta erdian ia 9000 kilometro egin dituzte.

Entzun Ander Arandiarekin eta Garbi Arroyuelorekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa