En direct
Dube - Ezer ez da
Berrizen hasiko dugu bidaia aste honetan Izkander Fernandezekin, Seiurte, Izurrai edota Shinova bezalako taldeak sortu diren herritik. «Hirukoa dira eta poztekoa den gauza bat esango dut, inori kontrarik egin nahi gabe, Berri Txarrak taldearen kutsurik ez duen taldea dela. Eta horrekin ez dut nahi esan Lekunberriko taldearen kutsua txarra denik, baizik eta beste iturrietatik ere edaten dugula hemen eta horrela ere sortzen dabiltzala rock proiektu berriak ere. Berriz, Elorrio eta Abadiñok sortzen dute halako hiruki berezi bat, bai programatzerako garaian eta baita talde berriak sortzerako garaian ere. Disko egitura duen diskoa da, ez 8 abesti solte dituena eta ez du maketa itxurarik inondik indora, lehen diskoa den arren», kontatu digu MusikHaria saioko kolaboratzaileak.
Hiri Galduak - Iluntasuna
Urretxu-Zumarragako taldea da bigarren tokian hautatu diguna, eta, kuriositatez Dubek bezalaxe Gaztain estudioan grabatu dute beren lana. «Estudio horretan gitarrak ondo zaintzen dira eta lehen akaso kanpora gehiago joaten ginen halako diskoak grabatzera, baina Eñautek bere magia egiten du. Askotan aipatu dugu sekulako sortzaileak ditugula hemen, baina ekoizle eta estudio geroz eta gehiago eta hobeak ditugu eta hau da horren adibide. Taldeak aurretik beste bi lan ere baditu, eta honetan hiru abesti aurkeztu dituzte, power-pop kutsua duena lehendabizikoa, stonerra bigarrenean, eta, ilunagoa eta bereziagoa hirugarrena. Baina beren diskoetan ere halako gauzak gertatzen direla kontatzen dute, lehena power-poparen bueltan sartzen dutelako eta bigarrena punkaren zakuan. Baina bada desberdintasunik esan dugun moduan aurreko lanen eta oraingoaren artean», azaldu digu lemoaztarrak.
Tooth - Zuloan
«DUT taldearen eragina duela esango nuke nahikoa argi eta hori ez da gutxi, baina harago doazela esango nuke. Su Ta Gar taldearen kontzertua entzutera nindoala haien diskoa entzuten nenbilen eta, abesti hau iritsi orduko, argi neukan aste honetako tartera ekarri nituela. Lorentzo Recordsen grabatu dute eta Euskal Herrian doinu aldaketa bat behar izan genuenean, 90etan, hor egon ziren Su Ta Garren hirugarren diskoa grabatzeko. Gerora Zea Mays edota Kerobia ere pasa dira bertatik, baina, argi dagoena da, handik emaitza on batekin irtengo zarela da. Toothen ‘Errautsetatik’ diskora itzuliz, aurtengo Euskal Herriko disko onenen artea kokatzen dela esango nuke», nabarmendu du Izkanderrek talde gernikarraren inguruan.
Bayou La Batre - Ni ta sua
Azken geldialdia Gasteizen egin dugu. «Sarean ez dago informazio gehiegirik talde honen inguruan eta Gasteizko taldea dela badakigu, baina haien Bandcamp orrialdetik pasa, diskoa erosi eta ea zerbait gehiago jakiten dudan. Hardcoretik datozen taldeen kutsurik badu, Sick of It All bezalakoena, eta esango nuke lau taldeek badutela kutsu bera duten erreferenteren bat, baina ez dakit zehazki zein izan daitekeen talde hori», bukatu du musika aditu bizkaitarrak.