En direct

Entrevue
Jon Salinas eta Martin Ziriza
Tatxers taldeko musikariak

«Hurrengo urtea askoz ere indartsuago dator Iruñean, abisua emanda geratzen da»

Tatxers taldeak disko homonimoa atera du, ez dakigu bataioa ote den edo ez, baina talde batek bere izena ematen dionean diskoari, adierazgarria izaten da. Hiruko formatuan aritzen dira eta Iñigo Soriak gurekin izan ez den arren, Jon Salinas eta  Martin Zirizarekin aritu gara solasean.

Audio_placeholder

«Hurrengo urtea askoz ere indartsuago dator Iruñean, abisua emanda geratzen da»

Loading player...
Diskoaren aurkezpen biran jendea gogotsu izan da Tatxersen kontzertuetan.
Diskoaren aurkezpen biran jendea gogotsu izan da Tatxersen kontzertuetan. (Nagore TXIBITE)

Bataioarena barkatuko didazue.

Martin Ziriza: Beno, bai badu zentzu hori ere.

Hori esan dut taldea finkatzen den diskoa izaten delako homonimoa normalean.

Jon Salinas: Beste izenburu asko izan genituen buruan baina homonimoa izan zen uneko Tatxers hori zelako.

M.Z.: Nahi dugun hori egin dugu.

Euskara nola nahasten duzuen bitxia iruditu zait, nondik dator hori guztia?

J.S.: Nik idatzi ditut letretako batzuk eta kontua da sei urte daramatzadala Iruñean. Euskaraz ez nuen ia hitzik egiten Iruñean eta Bilbon gehiago hitz egiten dut, hortaz, nahaste hori dut. Zergatik ez horrela egin?

M.Z.: Aprobetxatu behar da hori ere!

«Gu ez gara nostalgiatik bizi» titularra irakurri nuen eta pentsatzen dut kokoteraino izango zaretela 80etako euskal musikarekin lotzen zaizuelako. Nola izaten da zuen sorkuntza eta egun zer entzuten duzue?

M.Z.: Zarama, Itoiz, Hertzainak eta hauek asko entzun ditugu eta hor dago gure musikan, batez ere maketa garaian. Baina gure iturriak asko zabaldu dira musika gehiago entzuten joan garen heinean. Ez gara 80etako euskal musika horretaz bizi eta ez dugu horretaz bizi nahi, ez dugu izan nahi hamarkada hori berritzen duen talde bat ez eta inorren salbatzaile.

J.S.: Esango nuke, gainera, 90etako musika gehiago entzun dugula. Guk gaur egungo musika asko entzuten dugu, eta kotxean goazenean eta bestelako musikak ere entzuten ditugu.

M.Z.: Royal Headache da adibidez egun dexente entzuten dugun musika eta ez dena garai hartakoa.

J.S.: RMFC eta Vantasia ere bai… denak australiarrak dira, esaterako.

M.Z.: Nik duela gutxi ezagutu nuen Pale Saints taldea eta guk egiten duguna bada hortik gertu dagoena, nahiz eta auskalo noizkoa den. Diskografia laburra dute eta entzun dezatela gure musika gustuko dutenek.

Nostalgiak ez zaituztela bizi diozue, baina ‘Rugrats’ telesaileko doinuak sartu dituzue ‘Nik nahi dudana II’ abestian. Bidenabar, Oki Moki taldearen kutsu bat ere baduela iruditu zait abestiak.

M.Z.: Nik ez dut sekula ikusi telesail hori.

J.S.: Nik txikitan ikusten nuen eta nostalgia ona da hau, haien pelikulak nituen etxean. Polita da jendeak erreferentzia ezagutzen duela ikustean! Gero Oki Mokirena diozunean, oso fan garela esan behar. Disko berriak deskolokatuta harrapatu ninduen, baina asko gustatu zait.

M.Z.: ‘Working class pop’ entzun nuenean auskalo zenbat buelta eman dizkiodan gerora. Euskal eszenako gure erreferentzia garbienetakoa da, bikain eginda dute guztia. Gure ‘Audio luze bat’ kantuan gainera badu Oki Mokik antzeko rollo bat.

Bada, kantu horretan, Blink 182 entzun dut. Nahiz eta gero progresioan asko aldatzen da.

J.S.: Bai? kar, kar. Gutxi entzun dugu talde hau.

M.Z.: ‘Freaks’ kantua Surf Curse taldearena, hori da erreferentzia garbia. Gitarrak oso argiak dira, chorusak eta oso itsasoko kutsua ematen dio. Hori izan da soinu aldaketa nabarmenena disko honetan.

Baina progresioetan zuen armonizazioarekin marka propioa uzten ari zarete.

J.S.: Ez da zerbait oso bilatua dena, baina bai.

M.Z.: Talde pila batek egin du egiten duguna melodia eta armoniaren jolas mota hau eta ez gara ez lehenak ez azkenak izango, baina bada gurea.

J.S.: Gainera bizioa dugu errepika behin soilik entzun eta bukaera epikoak bilatzekoa.

M.Z.: Edo errepika ahotsik ez duen atal bat izatea.

Kantura itzuliz, benetako audio batean oinarritzen da?

J.S.: Ez, gero etorri zen hori. Esaldi dotore asko nituen eta bata bestearen segidan ondo geratzen zen, baina ez zeukan zentzu orokorrik. Hortaz, audio luze baten itxura literala zeukan.

Zenbatean duzue audio luze baten errekorra?

J.S.: Uf, nik lau bat minutukoa bidaliko nuen. Oso txapasa naiz.

M.Z.: Irakurri dut 20 minutuko audio batena, hori diskoa da.

Atzetik datorren ‘Labanak’ kantua aipatuz, traizioa ekidin daiteke?

M.Z.: Gauzei aurre ongi nola egin hitz egiten du kantuak, labanak nola apurtu alegia, hori da esan nahi dudana. Traizioa ekidin, ekidin daiteke, gauzak hitz eginaz eta erlazio sanoak eraikiz.

Musikalki The Clash entzuten da hemen, ‘London calling’ abesten eta guzti.

M.Z.: Ez da bilatua izan, nota lehorrak eta baxuaren presentzia asko, EPan ‘Ederregia’ kantuarekin gertatzen zen moduan.

J.S.: Gainera, abesti hau egin genuenean errepikak ‘Death of glory’ kantuaren antza hartu zuen, hau ere The Clashena.

Erritmikekin eta minor eta maiorren arteko jolas asko dago. Holako kantu bat nola konposatzen duzue?

M.Z.: Minorretik maiorrerako aldaketan badago zubi bat eta erritmoa ere aldatzen da, hortaz aldaketa ez da hain gogorra. Jonek ekarri zuen melodia bat entseatze gelara eta hortik joan zen garatzen.

J.S.: Ez dakigu gehiegi gauza hauetaz, belarrira zerk ematen duen ondo neurtu eta aurrera.

Zuen sorkuntzak, hortaz, lokaletik asko du, ezta?

J.S.: Bai, musika asko entzun eta etxean ere lana egiten dugu eta elkarrekin audio luzeak elkarbanatzen ditugu.

M.Z.: Geroz eta gehiago maite dut lokalean lana egitea, etxean baina emaitza hobeak lortzen direla uste dudalako, bestela ni, esaterako, gitarran zentratzen naiz batez ere.

Bada kantu bat, ‘Iruñea’ oso Donostiako soinuak dituena. Esan al dizuete dagoeneko La Oreja de Van Goghen kantu baten antza duela kantuaren estrofak?

M.Z.: Esan zigutenean harrituta geratu ginen, oso urrun zegoelako.

J.S.: Lagunak esan zigunean esan nion ea zertaz ari zen, eta gero kantua entzunda, kantu puska da e? Bitxia da guztia.

Iruñea nola ikusten duzue?

M.Z.: Aurten lagun talde oso polita egin dugu hemen, Iruñera etorri naiz Gasteiztik eta aldatuta dago dena. Aste tartean beldurrez nintzen ea hiria nola ote zegoen eta musikalki oso ondo dago, eta hurrengo urtea askoz ere indartsuago dator, abisua emanda geratzen da.

J.S.: Lehen Bilbotik etortzen nintzenean nagia ematen zidan, baina orain asko gustatzen zait. Jendea gogotsu dago gauzak egiteko, eta hori oso polita da.

Baxuaren lineak garrantzia duen abestia da ‘Zilarrezko hegalak’

J.S.: Ahal dudanetan jolasteko aukera izaten dut eta aprobetxatzen ditut horiek.

Baduzu inspirazio iturria den baten bat?

J.S.: The Jam taldeko baxu-jotzailearen lineekin asko flipatzen dut, izugarri gustatzen zait. Whipers taldea ere asko entzun dut. Ez dira linea sobera zailak erritmo aldetik, baina gitarrarekin bat ez doazen melodiak direnez, jolas horiek oso politak dira.

Analogikoan grabatu duzue, denok batera?

J.S.: Bai, Berako Atala estudioan izan da eta dena horrela dago eginda, bigarren gitarrak eta ahotsak kenduta.

Zuzenekoari fidel izan nahian, alegia.

J.S.: Bai, hori da, askotan akatsak direnak gainera polit geratzen direlako. Entsegu gelan ere grabatzen ditugunean zarata berezi batzuk eta sortzen dira, galtzen dira gero estudiora joatean, eta hori pena da.

Letra aldetik, nahiko mezu abstraktua iruditu zait.

J.S.: Kontziente naiz batzuetan mezu aldrebesak ematen ditudala, nahiz eta oso ulerkorrak diren esaten ditudanak. Egunerokotasunean gertatzen diren egoeretatik abiatzen da, izan ere egun berean egoera desberdin asko ematen dira. Heriotzari buruz nabil hizketan lehen estrofan eta gero bizitzak jipoitzen gaituen arren zerura lehen klasean bidaiatuko dugula esaten dut. Badira bitxikeriak, baina horrelakoa da nire idazteko modua.

‘Red Sun Rise’ kantuaren lehen konpasetan The Cure taldearen ‘Boys don't cry’ ikusten dut.

J.S.: Ez dago nahita eginda, baina sortu orduko etorri zitzaigun burura. Eta bukaerako soloan, The Cure taldearen ‘Friends in love’ kantuaren riff oso antzeko bat egiten du Martinek, oso kuriosoa da.

Hemen aipatzen duzue Thatcher anderea.

J.S.: Abestia izatez The Pioneers taldearen bertsio bat da, reggae taldea da izatez. Gutaz hitz egiten du abestiak, amodio erlazio moduko bat da.

Taldearen izena nola bururatu zitzaizuen?

J.S.: Bada Lendakaris Muertos, Dead Kennedy's eta halakoak irakurrita eta gure erreferentziak oso britainiarrak izan direnez, Tatxers jartzea erabaki genuen.

Surf ukitua duen eta benetan dantzagarria den kantua da baita ‘Paperezko tigrea’ ere, baina mezua ezkorra iruditu zait. Mundua aldatzeko aldarria egiten duzue edota etsita zaudete?

J.S.: Ez bata ez bestea. Ez dugu soluziorik halako zerbaiten inguruan. Letra Martinena da, abesten duenak idazten duelako kantua. Bada Martinek Gasteizko bizitzari agur esan zion eta Iruñera itzultzean izandako aldaketen inguruan dago idatzita, horregatik du ukitu triste hori ere. Dena dela, ez dela errenditzen argi uzten du.

Kantu hau ‘Printzearen harresia’ kantuaren atzetik dator, diskoko abesti azkarrena eta Andoni de la Cruz Vulk taldeko kidearen kolaborazioa duena. Abesteaz gainera, diseinuan ere parte hartu du Julen Alberdirekin batera.

J.S.: Vulk asko gustatzen zaigu eta Andoni gure laguna da. Askotan lagundu gaitu, furgoarekin kontzertu batetara ere eraman gaitu noizbait. Portadarekin laguntzeko eskatu genion eta estudio berean ere grabatu ditugu azken diskoak. Soinuarekin lagundu zigun eta abesti honen soinua oso Vulk zen, eskatu genion estrofa abesteko eta baiezkoa eman zuen.

Diseinuko X  irudikatzen dutenak zer dira, burdingintzan erabiltzen diren pintzak?

J.S.: Bada ideiarik ere ez. Biniloan kaleratu dugu eta eskuratzeko moduan daude. Erreferentzia Gang of Hore taldearen Entertainment diskoa hartu genuen, biñeta batzuk agertzen zirelako, eta Andonik horregatik sartu zuen halako komiki hori, diskoaren abizen moduan.

Nork egiten du alde harresitik?

J.S.: Umeek! Nire haurtzaindegia deitzen zen Printzearen Harresia eta haur horiek ez dute ulertzen helduen bizimodua eta horregatik egiten dute ihes.

Azken kantua, outro bat da?

J.S.: Blessure taldeko Jokinek pasa zigun, bere talderako ez zuelako ikusten eta nahi genuena egin genezan kantuarekin. Bada horrela geratu da, behetik gora doan kantu bat da. Metronomo gabe dago grabatuta, nahiz eta tarteka metronomo progresibo bat erabili izan zuen Iñigo Soriak, bateria-jotzaileak. Baina bai, begirada da kasu honetan metronomoa.

Letran indar bat badatorrela diozue, baina altxako da herria?

J.S.: Abesti honetan asko flipatu nintzen, Arnaud Oihenarten «mundu honek dirudi itsasoa, igeri ez dakiena hondarrera doa» esaldia sartu nuen. Badira gazteak ez dutenak ezer ere egin nahi eta horiei zuzendutako mezua da kantu honetako.

Zuzenekoak martxan, zer nolako entzulegoa duzue?

J.S.: Oso anitza da eta asko gustatzen zait hori. Baina aniztasunak rollo txarra ere sortzen du batzuetan, modernoak eta skinetoak elkarrekin daudelako eta giroa txartzen delako, baina hori gainditu behar da, asko gustatzen zait aniztasun hori.

Hiruzpalau amets larri atera zenutenean, gogaitu omen zineten jasotzen zenituzten dei sortarekin. Nola dago orain zuen telefonoa?

J.S.: Galdera oso ona da. Sekulako ilusioa genuen baina bapatean mugikorrean bizitzera pasa ginen dei eta mezuen artean galduta. Erabakia hartu dugu dena guk kudeatzekoa, badira laguntzen gaituen jendea, baina geroz eta hobeto daramagu guztia. Kontua da elkarrekin gutxi egoten garela eta mugikorrean ordu gehiegi eman izan ditugu. Ez gara iristen batzuetan eta barkatu, baina ez dugu ito nahi.

Uda honetan kartel potentea duzue.

J.S: Bai, oso eskertuta gaude guztiarekin. Bilbon izan ostean, DOKAn arituko gara larunbatean, ekainak 3, Hiuzz taldearekin. Data asko ditugu eta, horien artean, Valentzian ere badugu kontzertu berezi bat, talde izugarriekin partekatuko dugulako oholtza.

Artaldetik ihes egitea desberdin izatearren, hain zaila da? Saiatu nintzen kantuan diozu hori.

J.S.: Nire kuadrillaz ari naiz. Bilbotik itzultzen naiz eta nik haiekin egon nahi dut, baina haiek parrandara eta irteten dira eta gogoko ez ditudan tokietara doaz askotan. Hortaz, nire barne eztabaida horretan diot saiatzen naizela lagun ona izaten.

Tatxers ikusi nahi duenak ez du aitzakiarik hortaz. Iritsi da unea eta gozatu ezazuela.

J.S.: Mila esker zuri eta ea laster gauden!

Jaurlaritza Logoa