En direct

Garazi Castaño

Joan Mari Irigoienen arrastoa, Xabier Mendiguren editorearen eskutik

Asteazkenean hil zen Joan Mari Irigoien idazlea (Altza, 1948). Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak gertutik jarraitu zuen bere ibilbidea. KulturHariara gonbidatu dugu idazlearen obra eta bizitzari buruz patxadaz hitz egiteko.

Audio_placeholder

Joan Mari Irigoienen arrastoa, Xabier Mendiguren editorearen eskutik

Loading player...
Joan Mari Irigoien Altzako frontoian
Joan Mari Irigoien Altzako frontoian (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

1948an jaio zen Altzan Joan Mari Irigoien. Aita, oiartzuarra, herriko medikua zen eta harengandik jaso zuen letrenganako maitasuna. Kirolaria ere bazen Irigoien, Realeko bigarren taldeko jokalari izatera iritsi zen. Batxilergoa amaitu ostean ingeniaritza ikastea erabaki zuen; azkar deskubritu zuen baina, ez baloia ez industria, ez bata ez bestea ez zirela haren intereseko. Dena albo batera utzi eta Venezuelarako bidea hartu zuen orduan.

Bi urte egin zituen herrialdean, eta bertan ezagutu zituen Rulfo, García Marquez, Benedetti edota Cortazar. Mundu berri bat zabaldu zitzaion parez pare. Eragin nabarmena izan zuten autoreek eta garaiko errealismo magikoak gerora garatuko zuen estilo propioan. Venezuelatik itzuli eta lehen geldialdia Egin egunkarian egin zuen testu zuzentzaile moduan. Lanez lan egin zuen jauzi, idazteko denbora izatea lehenetsiz.

'Hutsetik esperanzara' (1975, GAK) poema-liburua izan zen bere lehen argitalpena. ‘Oilarraren promesa’ (1976, Gero) izan zen bere lehen elebrria. Azpil herriaren zanpaketa eta desegitea kontatzen du, baita herri horrek bizirik irauteko egingo dituen ametsak eta borrokak ere. Bere jaioterriaren historia kontatzen du Irigoienek bertan, baina baita ere Euskal Herriaren biziraupena eta erresistentzia Frankismo garaian. Kritika saria jaso zuen eleberri horrengatik, baita 1989an kaleratutako ‘Babilonia’ (Elkar) entzutetsuari esker ere.

2012an jaso zuen gaitzaren berri altzatarrak. Depresio bat tarteko izan bazen ere, indartsu eta kemenez egin zion aurre gaixotasunari. Altzan erretiroa hartu eta idazten jarraitu zuen Irigoienek. 2012 eta 2014 urte artean idatzi zuen ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ poema bilduma. 2015ean kaleratu zuen Elkarren eskutik, bere bibliografia argitaletxe horrekin kaleratu zuen ia-ia osorik.

Askotan izan zuen aipagai eutanasiaren afera, heriotza duinaren defentsa irmoa egin zuen Irigoienek. Elegantea, duina eta umore berezikoa. Amaiera arte ez zuen argi-printzik galdu altzatarrak.

Honakoa erredakzio honetara, bere azken borondateen ondorioz, helarazitako olerkia: 'Amodiozko gutuna', 'Letra txikiaz bada ere' (Elkar, 2002) liburukoa, Harkaitz Cano idazle donostiarraren ahotsean.

Amodiozko gutuna, Harkaitz Canoren ahotsean

Loading player...

 

'Ez nion esan'

Hamaika izan dira idazle altzatarraren heriotzaren harira euskal literatur mundutik jazotako idatzi eta erreakzioak. Tartean dira Anjel Lertxundirena, 'Osin beltzetik', eta Koldo Izagirrena, 'Aholku batzuk hildako lagunari'. Xabier Izaga Gaur8ko erredaktore eta idazleak ere helarazi nahi izan du bere agur propioa.

Ez nion esan, Xabier Izaga

Loading player...

Jaurlaritza Logoa