En direct

Entrevue
Sara Azurza
Musikaria

«Gure bizitzako zirkulu emozionalen inguruan idatzitako abestiak dira»

Bideaz eta gauzak modu xumean egiteaz ari ginela aireratu zen Sara Azurza Eskisabel (Donostia, 1997) musikariarekin izan genuen elkarrizketa. ‘Hemen berriro’ estreinako diskoa kaleratu zuen 2023 honen hasieran eta, udaberriarekin, aurkezpen kontzertu sorta izango du datorren asteetan.

Audio_placeholder

«Gure bizitzako zirkulu emozionalen inguruan idatzitako abestiak dira»

Loading player...
Irudia musikarekin uztartzeko ahalegin berezia egin du Sara Azurza musikari donostiarrak.
Irudia musikarekin uztartzeko ahalegin berezia egin du Sara Azurza musikari donostiarrak. (Cecilia ÁLVAREZ-HEVIA)

Egun on. Bide xumearen zera hori egia da, ezta?

Bai, pasa dira urteak bide xume hau hasi nuenetik.

Gaztea bazara, baina ez hasiberria.

Badira bederatzi edo hamar urte mundu honetan sartzen hasi nintzela.

Donostiako areto eta taberna mitiko denak zapalduta zaude, diskoa atera aurretik jendeak ezagutuko zintuen.

Bai, ez zen izen berri bat, besteekin ere arituta nagoelako.

Noiz egiten duzu «banoa, nire bidea hartuko dut».

Bada duela bizpahiru urte, Londresen nintzela gehiago idatzi nuela eta erabaki nuen hori. Baina konfinamenduan besterik ez eta horrek ere lagundu zuen, baina Kutxa Kultur egonaldian sartu nintzenean, abiada handiagoa hartu zuen guztiak.

Londresek benetan aukera gehiago ematen ditu edo mitotik gehiago du?

Ez dut uste aukera gehiago dagoenik, baina gure musika elikatzeko aukera gehiago ematen duela esango nuke.

‘Uste-ustelak’ izan da galdera guzti hauen abiapuntu. Ondoan, gainera, antzerako bidea izan duen Gartxot Unsain izan duzu.

Kutxa Kultur Musikan ezagutu nuen, kontzertuen osteko elkarrizketetan eta bera bakarkako proiektua kaleratzear zen. Ez da zerbait pentsatua izan eta proposamena egin nuen. Bere zatia erabat aske sortu du.

Baxuaren linea asko gustatu zait, neo-soularen bueltan kokatuko genuke?

Bai, hala esango nuke.

Azaleko harremanei kritika bat dago edo azaleko harremanak naturalizatzeaz ari zara?

Azaleko harremanak edukitzeari egindako kritika bat da, azken boladan oso azalean geratzen garelako bakoitzak duen errealitateaz kontziente izan gabe eta aurreiritzi asko ditugulako. Hortaz, horren guztiaren atzean maitatzea bakarrik dagoela diot.

Segidan dator ‘Unexpected people’ eta pixka bat kontrajartzen zaio aurreko abestiaren mezuari. Hala ere, teklatua, Wurlitzerra edo Rodesa da?

Rodesa.

Akatsa egin dut hortaz eta hori konparaketa etengabean ibili naizela. Ikerrek jotakoa, ezta?

Berak jotakoa eta berak sortutako melodia batekin. Nahikoa bereizgarria da abestian.

Break hori ere bada bereizgarria, eskuarekin ere egin duzuna, baina atzetik datorren korala ere adierazgarria da. Zuk eginak dira ahotsak?

Bai, diskoko ahots guztiak nireak dira. Kantuko klaseak ere erregistro zabala duela dio eta urte batzuk badaramatzak kantu eskolak hartzen.

Gora egitea da zure tendentzia?

Bai, hori da errezago egiten zaidana eta naturalagoa. Errazagoa da ahotsa lehen planoan, aurrean mantentzea. Nota apalagoetan ibiltzea gogoko dut baita ere, baina denbora gutxiagoan.

Mezuari begira jarriz, efimeroak diren pertsonez ari zara.

Gehien maitatzen dituzunak eta gehien maitatzen zaituzten pertsonak izaten dira, erlazio efimeroak direlako eta azalean geratzen garelako askotan. Eta erlazio horietan beti errezagoa da irribarren batekin erantzutea.

R&Baren kutsua du.

Horrela dago pentsatuta hasieratik, nahiz eta beste batzuk sorpresan harrapatu nauten izan duten bilakaerarekin.

Halako balada goxo bat, ‘Gauero’, diskoari jarraipena emateko. Eskaintza bat da?

Txikitako Sarari idatzitako abesti bat da, eskaintza moduko bat. Askotan ahaztu egiten zaigu nor ginen eta garrantzitsua da hori gogoratzea.

Elementuak agertuz doaz, berriz ere koral bat atzetik… Kantu klaseetan zer zabiltza, kantu modernoan edo lirikoan?

Ariketa asko egiten dira, baina kantuak errepasatzeko erabiltzen dugu zati bat. Kantu modernora bideratuta daude jasotzen ditudan eskolak.

Diskoaren kontrako azalean jabetu naiz kandelak daudela iluntasuna argitzen. Zergatik kandelak?

Kandelak oso elementu garrantzitsua izan dira niretzat musika entzuterakoan, idazterakoan edota nire bizitzan. Aurkezpen kontzertuan nik neuk egindako kandelak saldu nituen.

Kandelak egiten dituzu?

Ikasten nabil eta nire merchandisingaren zati bat ere izango dira. Abestiak kandelekin entzuteak zentzua du, lasaitzen naute eta goxatzen naute. Hortaz, konturatu nintzen garrantzitsua dela eta hori ere sinbolizatu nahi nuen.

Lurrindunak edo gabeak?

Beti lurrindunak.

Abesti bakoitzak badu bere perfumea?

Bai, alaienek ‘white jazmin’ lurrina dute edota ‘Gauero’ bezalakoek dark ‘amber’ edo tabako usaina dutenak. Bikoteak eta biok egin genituen kandelak,  ‘palosanto’ usainarekin batzuk eta besteak ‘pachuli lemon’ usaindunak. Ez dakidana da bakoitzak zer eraman ote zuen…

Libretoan agertzen diren beste elementuak zirkuluak dira. Zer irudikatzen dute?

Bizitza. Gure bizitzetako zirkulu emozionalen inguruan idatzitako abestiak dira. Zirkulo opakoak ere badaude, egoera bat ordezkatzen dutenak dira.

Batzuk estuagoak dira, besteak zabalagoak… Gero eraztunak ere badaude beste toki batzuetan.

Hor diseinatzaileei eman behar diet esker ona. Bakoitzak deskubritu dezala zer den edo eman diezaiola bere esanahia.

‘Thinking’ abestiak badu denbora bat izatez, horrek ere badu bere garrantzia. Diskoko zaharrena da edo pilatuta dituzun ideiak daude hemen?

‘Gauero’ 2017an idatzi nuen eta hau duela hiru urte. Gordeta geratu dira abesti gehiago.

Baina publikatzeko asmoz edo zuzenean jotzeko asmoa duzu?

Batzuk moldatuko dira, besteak akaso aurrerago etorriko dira, berriak egiten ari naiz…

Kantu nahikoa festibaleroa dela diozu, nik pop britainiarrean kokatzen dut errepika.

Tambourinearen ideia Haritzek atera zuen, bakoitzari berea. Idatzi nuenean abesti lasai bat zen, baina denen artean irauli genuen kantua.

Eñaut Gaztañagaren estudioan izan zarete.

Ogi puska bat da eta konfiantzazko giroa sortzen du, denoi ongi sentiarazten gaitu.

Artearena aipatu dugu, argazki saio potente bat dago egina.

Arratsalde oso bat pasa nuen argazki bat egiten, baina prestaketa lanetan hilabete asko eman nituen.

Jantzi berezi bat duzu soinean.

Elitxu diseinatzaile donostiarraren jantziak dira, Kutxa Kultur Modan zegoen bera eta hark eginak dira.

Argazkiek oso atzera eramaten gaituzte denboran eta norbaitek jaunartzekoak ote diren ere esango dizu.

Aurrekoan elkarrizketa bat egiten ari nintzela egin zidaten galdera bera. Baina bai, izan daiteke. Hollywoodienseak direla ere esan didate eta oso ondo adierazten dute diskoa zer den eta ni nolakoa naizen.

Kolore beroak aukeratu dituzu, diskoa bera ere belusezko geruza batek estaltzen duelako akaso?

Bai, gainera argi neukan kolore beroak izan behar zutela. Granatea izango zela kolore nagusia ere garbi neukan, abestiek berotasun hori badutelako. Kandelek ere kolore laranjak nabarmentzen ditu.

Argiari ere garrantzia handia eman diozuela nabari da.

Goitik nigana zuzendutako foko laranja antzeko bat jarri genuen. Ez da nire lana soilik izan, argazkia Cecilia Álvarez-Heviak egina delako eta argian Borja Perez egon zelako. Makillajean Uxue Unzurrunzaga eta artean, berriz, Octubre estudioan. Dena pentsatuta dago, nahiz eta libretoan beste argazki batzuk ere topatu daitezkeen, akaso hotzagoak.

Diskoa bazetorrela modu irmoan ‘Ez ohildu’ kantuarekin jakin genuen.

Hau da estudioan duela bi urte grabatu nuen estudioko lehen abestia.

Orduko nahasketa mantendu da diskorako?

Bai, hala da. Horrela mantendu nahi nuen, abesti honekin hasi nintzelako nire proiektua ezagutzera ematen eta horrela nahi nuen mantantzea. Ahotsean nabari dut desberdina dela, une hartan eta orain modu desberdinean abesten dudalako, testura desberdina duela esango nuke.

Osasun mentala hemen hizpide.

Egia esan ez nuen horren inguruan propio idaztea pentsatu. Abestia 2020 edo 2021ean idatzita dago, nik antsietatea bizi izan nuen uneak islatu nahi nituen abestietan. Baina ez naiz unean jabetzen askotan, abestiak ere terapeutikoak izaten direlako. Hortaz, osasun mentalari buruz hitz egitea normalizatzea aldarrikatu nahi izan dut hemen. Niri on egin zidalako guztiz honek ere.

Diskoa zabaltzen duen ‘Esaidazu’, gainerakoetatik nahikoa desberdina da baita. Hala ere zalantza bakarra da, ea baxua edo kontrabaxua den.

Baxua da, baina orain esaten duzula izan zitekeen kontrabaxua. Julen Barandiaran ‘Txiki’ da jotzen duena eta aldiro harrituta uzten gaitu, izan entseatzen izan estudioan. Izugarrizko lasaitasuna ematen dire musikariek eta aurkezpen kontzertuan hori nabaritu zen.

Auzoan aurkeztea ere berezia izango zen.

Nahi gabe etorri zen eta ezin uko egin. Lugaritzen izan zen eta bete egin zen, eta ni poz-pozik, ez nuen espero.

‘La lune’ kantuan frantsesa hautatu duzu abesteko.

Hizkuntza barneratuta daukat, duela dezente 16 urte nituenean frantsesa ikasten egon nintzen barnetegi batean. Centren, Tours, Chartres eta Orleans hirien erdian dagoen Châteaudun herrian. Frantses estandar paristarra zuen, gero Montrealen, Quebecen, ere egona naiz baina hor aldatu egiten da hizkuntza. Hala ere frantses batek nabarituko du ez naizela natiboa, baina nongoa naizenik akaso ez.

Ilargiaren edertasunari egindako kantua da.

Izarrak, ilargia… beti gustatu izan zaizkit. Desagertzeko gogoa dugun uneak badira edota ilargian gaudela sentitzen dugunak. Bada hortik jaiotzen da dena. Beti fijatzen naiz nola dagoen ilargia.

Balada da, baina poperoa da.

Hemen erreferente moduan Angel abeslari belgikarra izan nuen erreferente, haren ukitu bat duela esango nuke. Adelen abesti batetik ere edaten du eta pixka bat horrela sortu zen abestia.

Erreferenteen artean zerrenda luzea egon daiteke, ezta?

Bai bai, zer esanik ez. Musika asko entzun dut.

Frantzian musika frantsesez entzuten zenuen? Egun dena ingelesera bidea hartuta ote dagoen dirudi-eta.

Nik dena frantsesez entzuten nuen guztia. Em pocora gogoratzen dut, denak mutil horren atzetik ginela gogoratzen dudalako.

‘Beranduegi’ kantuan gauzek ez dutela atzera bueltarik diozu.

Bai, gauzak apurtu egin daitezke eta beti aurrera egin behar da. Iragana utzi eta aurrera begiratzeko puntu bat jarri nahi izan dut hemen.

Ez dizut galdetu kantuen abiapuntua zein ote den.

Hau, adibidez, gitarrarekin. Entseatzera behin garaiz iritsi nintzen eta gitarra hartu eta melodia bat sortu nuen, hau izateraino. Normalean gitarrarekin konposatzen dut, baina beste une batzuetan kaletik noala etortzen zait zerbait eta grabatzen dut. Gauetan ere etortzen zaizkit doinu eta melodia asko, baina gehienetan lo hartzen dut apuntatu gabe, hurrengo egunean gogoratuko naizenaren esperantzan, baina bidean geratzen dira. ‘Uste ustelak’ horrela jaio zen, baina hartan altxa eta gitarra hartzea erabaki nuen.

‘Hemen berriro’ kantua, norbera erdigunean jartzearen garrantzia aldarrikatzen duena izan daiteke, baina zergatik du titulu hori?

Bada maitemintzearen lehen fase horri egiten dio erreferentzia. «Hemen berriro? Berriz hemendik pasa behar dut?», bada horregatik du izenburu hori. Diskoaren izenburua ere hortik dator, aipatzen den guztitik pasatzen garelako denok eta berriz irteera puntura itzultzen garelako. Bizitza ziklo bat delako.

Diskoa fisikoan non eskuratu daiteke?

Bada horretarako propio daukat esteka bat jarrita nire Instagrameko profilean, bertan eskuratu daiteke.

Kontzertuetarako aukerak sortzen ari dira?

Bai, maiatzaren 4an Hernaniko Biteri aretoan izango naiz eta atzetik maiatzaren 12an Astigarragan, 26an Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta ekainaren 6an Iruñean izango naiz.

Bada joan dadila aukera gehiago sortzen eta gozatu dezazula. Hurrengo diskoarekin nik esango dizut, hemen berriro.

Eskerrik asko!

Jaurlaritza Logoa