En direct
Aire libreko kontzertu handien garaia iristear da, udaberria uda usaina hartzen hasi da eta atari horretan etorri da Izkander Fernandez musika aditua MusikHaria saiora. «Halako jaialdietan beti dago zeozer eta askotan azpimarratu izan dut hor tartean dauden izen asko ez dituzula ezagutzen eta eskaintza ona izaten dela eta proposamen interesgarriak agertzen direla bertan», esan digu Izkanderrek.
Daisy Jones & The Six - Look at us now
«Daisy Jones & the six izatez ez da talde bat, baizik eta Amazon Primerako egindako telesail bat da, Los Angelesen 70etan sortzen den musika talde baten inguruan, Taylor Jenkinsek idatzitako eleberri homonimoan oinarrituta dagoena. Taldearen arrakasta eta gailurrean nola uzten duten aipatzen dute. Taldearen sorrera eta funtzionamendu onaren sekretuez hitz egiten dute telesailean, baita zergatik desagertzen den ere. Kaleratzen duten diskoa ere aipatzen dute. Baina telesailetik harago, ‘Aurora’ deituriko diskoa kalean dago, aktoreek jo eta abestua da, konposatzen Marcus Mumford edota Phoebe Bridgers bezalako artistak ibili diren arren. Kredituetan Daisy Jones eta The Six banatuta agertzen dira eta hori ere bitxia da, jakinda guztia fikzioa dela. Garbi dagoena da Fleetwood Mac taldearen istorioa dagoela hemen barruan, liburua haiengan oinarritzen baita, nahiz eta gero guztia fikziozko izenekin eta abar jantzi duten. Telesail horretako abesti batekin hasten dugu tartea, Fleetwod Mac taldearen kutsua argi erakusten duena. Harrigarria da zeinen ondo jotzen eta abesten duten, izan ere, telesaila ikustean, kosta egiten da ikusten den guztia sinistea», kontatu digu Izkander Fernandezek.
Adimen artifizialaz
«Adimen artifizialaren zera hori kontuan hartu behar dugu. Disko hau erdi fikziozkoa da eta pentsatu dezakegu Fleetwood Macen disko berri onena dela Daisy Jones & The Six taldeak egin duena, eta, etorkizunean etorri daitekeenaren aurrean, atariko moduan ulertu daiteke hau. Metallicaren azken diskoarekin ere zalantzan jarri dut guztia, bihotzik ez diodalako ikusi konposizioan, nahiz eta berek jo eta interpretatu abestiak. Adimen artifizialak konposatu ote duen zalantzan jartzera iritsi naiz, eta hemendik aurrera adi ibili beharko dugu kontu horrekin», azaldu du lemoaztarrak.
The Civil Wars - Barton Hollow
Estatu Batuetan sekulako arrakasta izan zuen The Civil Wars taldeak eta disko gutxi batzuk argitaratu zituen Nashvilleko bikote honek. «Egun batez banandu egingo zirela esan zuten eta ez daki inork zergatik gertatu ote zen hori. Estatu Batuetako prentsan Civil Wars taldearen istorioa baliatu dute Daisy Jones & The Six telesailaren istorioa azaltzeko. Talde ona da, ez dugu denborarik galduko haiek entzuten, baina akaso nagi pixka bat sortu dezake dagoeneko aktiboan ez dagoen taldea dela jakitean», azpimarratu du Izkanderrek.
Fleetwod Mac - The chain
«Ez da lehenengo aldiz ‘Rumours’ diskoa ekartzen dudana tarte honetara, oso berandu maite izan dudan disko bat da eta bertako soinua oso gogoko dut. Historian soft-rock bezala deitu izan dute talde honen musika, baina lehen hiru diskoetan ez nago ados baieztapen horrekin. Telesailean Daisy Jonesek Sunset Stripen The Verve edota The Doors bezalako taldeak ezagutzen ditu eta ikusten da nola taldekideek Pittsburgetik Los Angelesera egiten dutela salto eta bertan ezagutzen dutela Daisy Jones. Fleetwood Macen istorioa desberdina da, Inglaterran sortu eta haietako bi joan zirelako Los Angeleser, baina han egin zuten topo Lindsey Buckingham eta Stevie Nicksekin. Hortaz, telesailak badu halako paralelismo bat. Drogak eta arazoak, hori bai ikusten direla, taldearen barne istorio asko berdinak direlako», nabarmendu du Izkander Fernandezek.
Daisy Jones & The Six - Let me down easy
«Telesail honek balio balio badu Los Angeleseko mobida guzti hura ezagutzeko eta norbaitek bihar garai hartako disko bat entzuten badu, hori da gure betekizunetako bat eta horrekin pozik geratuko garela esango dugu. Horregatik, itxiera ere telesaileko diskoarekin egingo dugu», bukatu du Izkander Fernandezek.