En direct
Memoriaren alorrean egiten ari den adostasunezko lana zalantzan jarri du Galdakaoko webgunearen harira sortu den polemikak, «soberan egon beharko lukeen polemika» da Haimar Altuna Sortuko Gatazkaren Konponbiderako arduradunak NAIZ Irratian azaldu duenez. «Tristea izateaz gain arduragabekeria handia da» gertatzen ari dena, bere ustez, «herri honetan memoria oso bat eraiki beharrean berriro ere tematzen dira kontakizun bakarra inposatu nahian, garaile eta garaituen eskema elikatzen jarraitzen dute».
Memoriaren webgune hauek Lakuako Gogora institutuaren irizpideen arabera osatu direla gogoratu du Altunak eta ika-mika sortu ostean honek Aranzadiri bizkarra ematea salatu du, «traizio egin dio Aranzadiren zorroztasun zientifikoari eta autoritate moralari».
Sortuko ordezkariaren esanetan «makurrena da guztiak lerrokatu direla Espainiako Gobernuko ordezkaritzaren kontakizun begibakar eta zigorgabetasun kriminalarekin». Auzi hauek «lehia politikotik atera» behar direla uste du eta hor dagoela gizartea, «errelatoaren batailaren gainetik euskal jendartearen gehiengoa dago».
«Noiz egingo dituzte urratsak gainerakoek?»
Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira izan da Altuna NAIZ Irratian eta EPPKren azken agiria «balio handikoa» dela dio, «ez berrikuntzarik duelako, berresten direlako hartutako bidean eta konpromisoetan». Altunak presoen «jarrera zintzo eta eraikitzailea» azpimarratu du eta galdera bat bota du: «beste eragileek herri honetan izan diren indarkeria. mota ezberdinen aurrean izan dituzten arduretatik noiz abiatuko dituzte horrelako urratsak?». Sortuko ordezkariaren esanetan «biktima guztien eta eskubide guztien memoria» behar da.