En direct
Ez da erraza gure egunerokotasunean ohitura berriak ezartzea. Agian horregatik dira geroz eta ohikoagoak gure helburuak zerrendatzeko aplikazioak. Alltrails edo Mendiak mendi tontor bakoitzera iristen garenerako eta Strava edo Kirolapp korrika egiten ditugun kilometro bakoitzeko. Orain, irakurtzen ditugun liburuen zerrenda osatzeko, plataforma berri bat daukagu: Paperjale.
Euskal irakurzaleen topagune izatea helburu du plataformak. «Zerbait soziala egiteak gehiago disfrutatzen laguntzen dizu; familia batzuetan kideek liburuak elkarbanatzen dituzte, baina besteetan ez; eta orain internetekin hori egitea posible da» esan digu Mikel Gartzia, Abaraskako kideak.
Duela egun batzuk jaio zen Paperjale, eta dagoeneko 200 erabiltzailetik gora ditu. «Datozen hilabeteetan ikusiko dugu zenbateko bolumena hartzen duen, zerbitzari bat jarri dugu martxan eta makinari ez zaio inporta 50 edo 400». Idazleek ere parte hartu dezakete, noski. «Ez dakit idazleak eroso sentituko diren bere liburuari buruz idazten den toki batean; batzuk tentuz hurbilduko dira, baina agian ez dute aurpegia eman nahiko». Hala ere, «gonbitea egina daukate eta bereziki zainduko ditugu» ziurtatu digu Gartziak.
Irakurritako liburuak zerrendatu, puntuak eman edo iruzkinak egin daitezke. «Kode etiko bat badugu; kritika txarrak egin daitezke, baina ezin duzu iraindu edo modu zakarrean spoilerrik egin».