En direct
Winter Series-eko olatura igota, zesta-punta gazteenei erakusteko ekimen berria sortu dute
Jon Zabala (Markina-Xemein, 1988) puntistak sortu du ekimena belaunaldi gazteak zesta-puntara hurbiltzeko eta kirola suspertzeko asmoz. Hego Euskal Herriko pilotalekuetan ibiliko da hilabeteotan. Bilbon egin zuen lehenengo saioa, eta markinarrak nabarmendu du «oso ona» izan dela erantzuna.
Jon Zabala, puntista: «Garrantzitsua da profesional mailan ikuskizuna ematea, baina atzetik ez badator jende berria alfer-alferrik da»
Hego Euskal Herriko pilotalekuetan barrena ibiliko da Jon Zabala puntista belaunaldi gazteak zesta-puntara hurbiltzeko eta kirola suspertzeko asmoz. «Garrantzitsua da profesional mailan ikuskizuna ematea, baina atzetik jende berria ez badator, alfer-alferrik da guk gorengo mailan egin ahal duguna», adierazi du Zabalak, eta ez alferrik: Zesta Punta Guuk Experience izeneko ekimena sortu du gazteenei erakusteko, besteak beste, zesta-punta zer den, nondik datorren eta nola jokatzen den.
«Guuk Interneteko eta telefoniako operadorearen iragarkia entzun nuen irratian, eta nik ez dudanez gaitasunik jende askorengana iristeko, haiekin kontaktatu nuen ea lagundu ahal zidaten gure kirola jende berriarengana iristen. Lehenengo momentutik laguntzeko prestutasuna izan zuten euskal kultura eta kirola bultzatzeko», azaldu du markinarrak.
Neurri batean, Winter Series txapelketak eman dio bultzada zesta-puntari. Zabalak olatu hori baliatu du ekimena aurrera ateratzeko. Markinarra aurten ez da Winter Series txapelketako finalera sailkatu, iaz egin bezala. Bere aitarengandik datorkio afizioa, Floridan bizi izan baitziren, aita Miamin lehiatzen zelako. Zabalak Filipinetan eta Miamin jokatu izan du.
«Garrantzitsua da profesional mailan ikuskizuna ematea, baina atzetik jende berria ez badator alfer-alferrik da guk gorengo mailan egin ahal duguna»
Bilbon egin zuen lehen saioa orain dela bi aste, eta erantzuna «oso ona» izan dela adierazi du Zabalak, eta gaineratu etorri zirenetatik inork ez zuela ikusi zuzenean zesta-punta, ezta sekula probatu ere: «Ume askok galdetu zidaten ea izena non eman zezaketen zesta-puntan aritzeko. Oso ondo pasatu zuten; zenbaitek lortu zuten pilota batzuk frontisera jaurtitzea, eta hori ez da lan erraza. Beraz, pozik nago egindakoarekin».
Datozen entrenamendu saioak Gasteizen, Donostian, Iruñean, Durangon eta Gernikan egingo dituzte. Hala ere, markinarrak ez du baztertzen beste herri batzuetan ere egitea. Zentzu horretan, «ateak zabalik» uzten ditu, «frontoi ahalik gehienetara iristeko».
Kirolaren erronka handienak
Zesta-punta ez da kirol erraza, oso teknikoa da, eta hutsetik umeei egun bakar batean erakustea zaila bada ere, Zabalak esan du saiatzen direla «gauza erraz egiten»: «Helburua jolastea da, gauza espezifikoetan sartu gabe. Saiatzen gara irakasten pilota nola botatzen den hormara, eta nola sartzen den bueltan. Kirol oso zaila da. Urte asko eskatzen ditu ondo ikasteko eta kantxan disfrutatzeko».
Zabala oso gazterik hasi zen zesta-puntan, eta aitortu du «zortea» izan zuela Markina-Xemeinen hasi zelako eta aita puntista zelako. Izan ere, haren ustez, beste batzuek ez dituzte eduki «erraztasun horiek», eta egun hori «hobetzea» da helburua.
Zesta-puntak bi erronka ditu: zestaren materiala eta eskolen hutsunea: «Eskolak betiko herrietan daude: Markina-Xemeinen, Berriatuan, Gernikan... Gazteenek ez dute behar frontoi handirik, ez guk erabiltzen dugun egurrezko zestarik ere. Gaur egun badaude plastikozkoak, urte asko aguantatzen dutenak. Ikasten hasteko frontoi txikian teniseko pilotarekin aritzea nahikoa da. Erakutsi nahi dugu beste modu batzuk behintzat badaudela kirolean hasteko; gero gorago egin nahi badute eta hobetu, mugitu egin beharko dute». Zabalak aitortu du «buruan eduki dezakeela zesta-puntako eskola txiki bat zabaltzea».
Orain kirola olatu aparretan badago ere, garai «oso baxuak» bizi izan dituela gogoratu du Zabalak. Egun nahikoa baliabide eta egitura dauden galdetuta, puntistak esan du eskoletan dauden umeek «nahi beste txapelketa jokatzeko aukera» badutela. Arazo handiena, ordea, zesta-puntako eskolak ez dauden inguruetan dago, leku horietan gazteek ez dutelako paradarik zesta-puntan aritzeko: «Bizkaian edo Euskal Herrian agian ez duzu aukerarik halako eskola batera joateko, urrun geratzen zaizulako. Orduan, etorkizunari begira ideia da eskolak hurbiltzea edo aukera hori bermatzea».
Emakumeak ere olatura igo dira
Winter Series txapelketak zesta-puntari emandako bultzada ere aprobetxatu dute emakumeek, aurten jokatzen ari baitira aurreneko aldiz andreen Winter Series txapelketa. Zabalak «aurrerapausotzat» hartu du urrats hori, eta nabarmendu du txapelketan parte hartu duten puntistak «gazteak» izan arren, «maila handia» dutela: «Orain dela urte gutxi hasi dira emakumeak zesta-puntan. Munduko Txapelketan lau-sei neska ibili dira, eta, mutilen abiadura eta indarra ez izan arren, maila altua dutela erakutsi dute. Ondo pasatu dut euren partidak ikusten. Gainera, Durangoko frontoia beteta egon zen».
Euskal Herrian zesta-punta izaten ari den bilakaeraren balorazioa ere egin du markinarrak. Harentzat «oso pozgarria» izan da, eta ez zuen «sekula» pentsatuko halako gauzak bizitzen egongo zenik, batez ere joan den urtean AEBetako ateak itxi zirenean: «Kolpe ikaragarri gogorra izan zen Ameriketakoa. Egungo egoera, alde batetik, ezustekoa izan da, eta beste aldetik, pozgarria. Orain denok lan egin behar dugu daukaguna mantentzeko».