En direct
Parean Elkarteak haur literaturaren nolakotasunaren inguruan hausnartzeko baliabideak sortu nahi izan du, eta modu berezian egin du. Irungo Txingudi ikastolako BHIko ikasle, zuzendaritza eta irakasleekin, Patata Tropikala antzerki laborategiko antzezleekin eta Bira Produkzioak kooperatibarekin elkarlanean, esperientzia berezi bat sortu dute.
‘Eta hala ez bazan?’ esperimentu baten emaitza bisuala da, kontzientziak pizteko euskaraz sortutako ikus-entzunezko euskarria. ‘Cambia el Cuento’ proiektu katalana izan duzue inspirazio iturri. Proiektuak betiko istorio edo ipuinen eragina frogatzea eta ikusaraztea du helburu, antzerki parte-hartzailearen bitartez.
Irungo Txingudi ikastolako kasuan, Txanogorritxuren ipuina hartu dute oinarri. Parean elkarteak sareratutako bideoan eskolan egindako ariketa-sozialaren emaitza ikus daiteke. Ikasleak oholtza gainera igotzen dira eta bertan dauden eserleku batzuetan eseri. Ikusle baino, datorrenaren parte-hartzaile bihurtzen dira. Txanogorritxu agertuko zaie lehenik, ostean otsoa. Piztiak konplizitatea bilatuko du ikasleengan, Txanogorritxu bere eskuetan jauzteko laguntza eskatuz. Ipuin klasikoak baina, plot twist bat biziko du bat-batean. Bi aktoreek ipuinak ezkutatzen dituen estereotipoen inguruan galdegingo diete aulkietan eserita dauden nerabeei. Bideoan agertzen ez den arren, ikasleek elkarrekin hausnartzeko tartea izan zuten antzerkiaren ostean.
Parean Elkarteko Miren Lanzek positibotzat jo du esperientzia. Momentuz hurrengo urratsik erabaki ez duten arren, interesgarritzat jo du «bide honetan jarraitzea eta euskaraz horrelako formatuko bitartekoak sortzea». Lehen saiakeraren ostean, aitortu du halako egitasmoek eskatzen duten denbora, kostu eta esfortzuari neurria hartu ahal izan diotela. Ekimena «modu duin batean» errepikatzeko formulak bilatu beharko lituzketela onartuta ere, ez dute baztertzen aurrera egitea.