En direct

Ainara Rodriguez

«Injustizia, mina, beldurra, sarraskia»

Egunkariaren itxierak gaitzespen olde izugarria eragin zuen EHn. Gehienok gogoan dugu non ginen albistea jaso genuenean, eta gogoan baita ere horren osteko tentsio eta krispazio giroa. Itxierak eragindako amorru guztiaz gain, neurrigabeko elkartasuna azpimarratu dute euskalgintzako ordezkariek.  

Audio_placeholder

«Injustizia, mina, beldurra, sarraskia»

Loading player...
Gizon bat, ‘Egin’ eta ‘Egunkaria’-ko aleak eskutan eramaten, Donostiako manifestazioan.
Gizon bat, ‘Egin’ eta ‘Egunkaria’-ko aleak eskutan eramaten, Donostiako manifestazioan. (Imanol OTEGI | FOKU)

Hitz bat hautatzen hasita, zaila dirudi Egunkariaren itxierak irudikatutakoa azaltzea. «Sarraskia, mina eta zuloa, injustizia, beldurra», horiek dira Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Pili Kaltzada kazetariak, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak eta Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak hautatu dituzten hitz eta sentimenduak. Oso gogoan dituzte non ziren kolpea eman zenean, eta oso gogoan hurrengo egunetako zurrunbiloa. «Bizitzako unerik gogorrenetakoa bezala» gogoratzen dute gehienek, «Otsailaren 20ak, urtero, beltz aldera egiten dutela» esan du bere aldetik Kaltzadak. 

Hala oroitzen du euskalgintzan ziharduen lagun askok. Argia aldizkarian egiten zuen orduan lan Amonarrizek, goizean goiz jakin zuten aldizkariko zuzendari Pello Zubiria atxilotuen artean zela. Orduen eta egunen igarotzeak erakutsi zien egoeraren larritasunaren neurria.

«Inpotentzia egunak» izan zirela esatean bat egiten dute guztiek; eta egoeratik suspertzea zerbaitek eragin bazuen, jasotako elkartasun oldea izan zela: «Izugarriak izan ziren itxieratik bi egunera egin zen manifestazioan ikusi ziren irudiak». 

Sorpresa bai, baina ez kasualitatea

Begirada atzera eramanda, edo begirada historiko batetik ikusita, ez zen askorentzat sorpresa izan Auzitegi Nazionalak hartutako bidea; hortik ulertuta, «ez zela kasualitatea» ere uste dute Agirre eta Eskisabelek. Iraganean izandako beste operazio polizialak eta egunkartien itxierak izan dituzte gogoan, «Ardi Beltza, Egin egunkaria, Egin irratia...» horien artean.

Sufrimendu guztiaren zamarekin, burua altxatzea lortu zutela nabarmendu du Agirrek, errautsetatik ernatu zen euskarazko egunkari berria, baina hura ere kostata: «Birrindu egin gintuzten». Zentzu horretan, hausnarketa utzi du Kaltzadak: «Egoera hauek ekarri dute euskal herritarra berriz ere birsortu behar izatera, galdera da non egongo ote ginatekeen berriz ere birsortzera kondenatu ez bagintuzte».

Azken desio bat ere utzi du Amonarrizek: «Espero dezagun hurrengo urteetan horrelako gertaerarik berriro bizi behar ez izatea eta espero dezagun euskal komunitatea geroz eta sendoagoa izatea».



Jaurlaritza Logoa