En direct

Garazi Castaño

«Zaharkitua dago musika klasikoa eta hori aldatu beharra dago»

Trajerik ez dute janzten, baina musika klasikoa maite dute. Orkestraren zentzu eta molde berrikusia da Iruñeko Gazte Orkestraren proposamena. Bost urtetan, asko hazi eta sendotu den proiektua da.

Audio_placeholder

«Zaharkitua dago musika klasikoa eta hori aldatu beharra dago»

Loading player...
60 lagun inguruk osatzen dute Iruñeko Gazte Orkestra
60 lagun inguruk osatzen dute Iruñeko Gazte Orkestra (Iruñeko Gazte Orkestra)

Matxalen Erzilla Iruñeko Gazte Orkestrako biolontxelo jolea da eta Mirari Etxeberria, zuzendaria. Biek bizi eta sustatu dituzte orkestraren proiektuaren hastapenak. 2018an sortu zuten Gazte Orkestra, Iruñeko goi mailako kontserbatorioan zeudela. Etxeberriak zuzentzen hasi nahi zuen eta, txinparta piztu ostean, lagunartean ekin zioten proiektuari.

60 pertsona inguru batzen ditu egun orkestrak. Euskal Herri osoko gazteek osatzen dute, baita Euskal Herritik kanpokoak ere. Asko hazi den proiektua da eta zeregina ere aldatu dela azpimarratu du du Etxeberriak: «Hasieran musika egitea zen soilik gure asmoa, baina orain konturatu gara oso garrantzitsua dela publikoak nola ikusten gaituen musikari klasiko moduan». Musika klasikoarekin gazteek duten urruntasunarekin hautsi, erakargarriagoa egin eta «publiko ezberdinetara iristea» dute helburu, Erzillak azaldu moduan. Molde desberdinak bilatu dituzte horretarako: egitasmo pedagogikoagoak garatzea, genero musikalak uztartzea, partiturarik gabe jotzea, beste diziplina batzuekin lankidetza...

Hasieran astero egiten zituzten entseguak. Orain, proiektuka egiten dute lan, asteburuak eta oporraldiak baliatuz bereziki. «Guztiz autogestionatutako» orkestra da haiena; musikariek osatutako juntak erabakitzen du proiektu horien nolakotasuna, besteak beste.

Musika klasikoaren eta gaztetasunaren arteko uztarketa posible egiten du Iruñeko Gazte orkestrak. Horretarako gakoa, besteak beste, proiektu «pertsonalak eta gertukoak» egitea da, Erzillaren esanetan. Horren adibide da urtarrilean Iruñeko Gayarre Antzokian egindako «Gabonak etxean» izenpeko kontzertua. Ibil Bedi, Skabidean eta Burutik musika taldeekin batera garatu zuten proiektua. Kontzertuak zati orkestral bat izan zuen eta, horretaz gain, hiru taldeen kantuak moldatu eta jo zituzten. «Publikoak konexio hobea du baina musikarientzako ere emozionantea da» adierazi du Erzillak.

Gazteak izateagatik oztopoak sumatu dituzte, «sektore guztietan bezala». Baina gauzak desberdin egin nahi izatea izan da, musikarien ustetan, talkaren benetako iturria: «Guk beste funtzionamendu bat izan nahi dugu, eta hori da gehien bat oztopoa».

Jaurlaritza Logoa