En direct

Naiz Irratia

«Medikuen Sindikatuak etekin pertsonalari begiratzen dio, ez zerbitzu publikoari»

LAB sindikatuarentzat ez da onargarria Nafarroako Gobernua medikuen lan baldintzak hobetzeko prest agertzea, osasun sistema publikoko langileen aldarrikapenak baztertu dituen bitartean. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak salatu du «negoziazio kolektiboarekiko mespretsu» bat dela.

Audio_placeholder

«Medikuen Sindikatuak etekin pertsonalari begiratzen dio, ez zerbitzu publikoari»

Loading player...
Igor Arroyo
Igor Arroyo (Naiz Irratia)

Medikuen Sindikatuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean izan den negoziazioarekiko oso kritiko mintzatu da LAB sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyo Naiz Irratian. Testuinguruan jarri nahi izan du egungo egoera, gogoratuz, azken urte luzeetan Nafarroako gobernuak uko egin diola langile publikoen lan baldintzak hobetzeari zein osasun sistema publikoan inbertsioa handitzeari, «hamar urtez esan da ezin zela inbertsiorik egin lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hobetzeko eta eros ahalmenaren galera ekidinezina zela». Egoera honetan, medikuen sindikatu batek soldatak igotzeko nahiz esklusibotasuna ezabatzeko egindako eskaerak haintzat hartu izana «mespretsu» bat dela salatu du, «orain medikuen sindikatu baten presioen ondorioz gobernua prest agertu da medikuei soilik soldatak igotzeko, mespretsu bat da sindikatuekiko eta negoziazio koletiboarekiko».

Egoearekin kezkatuta, beste sindikatuekin harremanetan jarri zen LAB eta Arroyok baieztatu du elkarrekin mobilizatzea adostu dutela. Ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, momentuz

Medikuen Sindikatuari klasista izatea leporatu dio, baieztatuz osasungintza publikoaren egoerarekin baino euren etekin pertsonalarekin daudela kezkatuta. Esklusibotasuna ezabatu eta hala ere gehigarria kobratzen jarraitzeak ez duela inolako zentzurik gaineratu du.

Gutxieneko soldata, 1400 eurokoa

Espainiako gobernuak gutxieneko soldata 1080 eurora igotzea positiboa da LABentzat, baina ez nahikoa. 1400 eurokoa izan beharko litzatekeela aldarrikatu du Arroyok. Gutxieneko soldataren igoera beti da berri ona bere esanetan, baina ohartarazi du gobernu espainiarrak finkatzen duen zenbatekoa ez dela nahikoa eta ez duela HEHko errealitate ekonomikoa kontuan hartzen. Europar Batasunaren gomendioa ere ekarri du gogora, bataz besteko soldataren %60a izan beharko luke gutxieneko soldatak, alegia, 1400 euro, beraz.
Pentsioekin aldarrikatzen duten moduan, gutxieneko soldatarekin ere HEHko instituzioek egoera zuzendu beharko luketeela baieztatu du. Patronalak ere egin lezake, lanbide arteko akordio baten bidez, baina interesik ez duela kritikatu du LABeko koordinatzaileak.

Jaurlaritza Logoa