En direct
Julio Vernek imajinatu zuenaren aurka, ezinezkoa da Lurraren erdigunera iristea. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, zientzialari sobietarrak putzu bat zulatzen hasi ziren Kola penintsulan, Errusiako iparraldean. Urteetako lanaren ondoren, 12 kilometroko sakonerara iritsi ziren, baina ezinezkoa dirudi askoz harago joatea zuloaren hormak presioaren ondorioz erori gabe. Beraz, iritsi ez, baina bai lortu da lurrazalean jakitea zer gertatzen ari den nukleoan: Lurraren nukleoa moteltze fasean dago.
Yi Yang eta Xiaodong Song ikerlariek ia 200 lurrikara aztertu dituzte Hegoaldeko Sandwich uharteetan, Hego Polotik gertu dagoen Atlantikoko artxipelago urrun batean, 1960ko hamarkadatik gaur egun arte. Sismo hauek bikoteka gertatu ziren eta uhin berdinak sortu zituzten. Baina Alaskako estazioetan, Ipar Polotik hurbil, jaso zituztenean, uhinak apur bat desegokituta iritsi ziren.
Dardara horien analisiak erakusten du 2009an Lurraren nukleoa geldiarazi egin zela, eta ordutik, azala baino pixka bat motelago biratzen dela. Zientzialariek ere antzeman dute hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean antzeko geldialdia egon zela, eta zazpi hamarkada inguruko oszilazio-zikloa dagoela ondorioztatu dute. Baina kezkagarria al da?
EHUko irakasle eta doktore den Arturo Apraiz geologoak azaldu dizkigu ikerketa honen nondik norakoak. «Munduaren puntu batean gertaturiko lurrikarak aztertu dituzte, munduko beste puntara iritsitako uhin sismiko horiek neurtuta. Ikusi dutena da 70 urtetan egindako neurketak ez direla berdinak, eta desberdintasun hori lotu dute mundua zeharkatzen duten arroken aldaketarekin eta kasu honetan nukleoaren abiadura aldaketa batekin», azaldu du Apraizek.
Gertatzen ari dena ondo ulertzeko, argibide basikoak egin ditu lehenik adituak: «Lurrazalaren azpitik mantua dago, solidoa dena, eta horren azpian kanpo-nukleo likidoa, burdin-magmaz osatua. Eta gero dago nukleoa, solidoa, batez ere burdinez eratutakoa. Denborarekin lurra hoztu egiten da eta horrek barne nukleoa kristaltzeko joatea eragiten du, eta beroa askatzen du. Kanpo-nukleoa likido mantentzen da eta zurrunbilo moduko bat sortzen da».
«Ziklo baten barruan sartu behar da hau. 60-70 urtetan eginiko ikerketa bat da eta ondorioztatu dute nukleoaren abiadura aldaketa hauek ziklo bat osa dezaketela»
Lurra bera mugitzen den bezala, barruko eremu bakoitza ere mugitu egiten da. «Barne-nukleo solidoa kanpo-nukleo likido baten barruan dago. Barne-nukleo hori bi indarren eraginez mugitzen da; lurraren eragin elektromagnetikoa eta nukleo eta mantoaren arteko grabitazio indarra», kontatu du. Indar hauek ez dira beti homogeneoak, aldatu egiten dira, eta denboran zehar barne nukleoari modu desberdinetan eragiten diote.
Bestalde, argitu du barne nukleoa ez dela esfera perfektu bat, eta billar bola batekin baino, arrautza batekin konparatu du. Horregatik, batzuetan azkarrago eta beste batzuetan motelako biratzen du.
Arturo Apraizek gehitu du ez dagoela larritzeko arrazoirik. «Ziklo baten barruan sartu behar da hau. 60-70 urtetan eginiko ikerketa bat da eta ondorioztatu dute nukleoaren abiadura aldaketa hauek ziklo bat osa dezaketela. Abiadura aldaketa horrek milisegundotako eragina du egunaren iraupenean, baina hori ezin dugu guk nabaritu. Aldaketa txikiak ere sortu ditu eremu magnetikoetan, baina honek ere ez du biztanlegoarentzat eraginik, zientziaren ikuspegitik interesgarria bada ere».
Historia geologikoan aldaketa handiagoak eman dira edo emango dira, eta horiek bai eragin dezakete eremu magnetikoaren ahultzean eta, adibidez, eguzkiaren izpi ultramoreak, kaltegarriak direnak, gainazalera iristean. Baina kasu honetan aldaketak hain dira txikiak, ez dutela Lurreko izaki bizidunengan eraginik izango.