En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevue
Aiora Renteria
Zea Mays taldeko abeslaria

«Bizitzak baditu putada asko baina baita gozagarriak diren beste mila gauza ere»

25. urteurrena bete eta diskoa kaleratu, dena bat egin du Zea Mays talde bilbotarrak. Garai zailak gainditu osteko indar, amorru eta energia positibo guztia askatu dute ‘Adore, kemena, kuraia’ lan luzean. Aiora Renteriak MusikHaria saioan esan moduan, nahikoa profetikoa dirudien diskoa da.

Audio_placeholder

«Bizitzak baditu putada asko baina baita gozagarriak diren beste mila gauza ere»

Loading player...
Biarritzko Atabal aretoan hasiko du otsailean ‘Adore, kemena, kuraia’ bira Zea Mays taldeak.
Biarritzko Atabal aretoan hasiko du otsailean ‘Adore, kemena, kuraia’ bira Zea Mays taldeak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Askok, titulua ikusita eta aurretik atera duzuenaren jakitun, trilogia bere horretan esperoko du, baina boskotea dela esan daiteke, ezta?

Bai, bost ekoizle desberdinekin aritu gara lanean eta binaka grabatu ditugu abestiak. Baina hari bat izan zezaten nahi genuen eta horregatik erabili dugu sinonimoen kontua.

Entzuleak ustekabean harrapatuko dituzue.

Bai, aipatu duzun luzapenak baduelako horretarako tarterik.

Argitasunarekin hasten duzue diskoa.

Sinteak daude, glockenspiel-a… oso argitsua da. Iazko martxoa-apirilean egin genuen hau Ricky Falknerrekin, La Casa Muradan, eta oso ederra da ahotsak eta lantzeko duen modua.

«Agian dena gezurra da» esaten duzu, zalantza existentzialari ematen dio bide.

Pandemian dago idatzita. Musukoak jantzi eta denak lanera, etxeratze aginduak, oso arraroa izan zen dena eta horrek ekartzen dituen zalantza asko daude kantuan, guztia gezurra dela pentsatzerainokoak. Baina oso momentu arraroa izan denez, kantu honek oso ondo deskribatzen duela esango nuke bakoitzak bere barruan egin duen bilaketa hori. Oso bakarrik egon garelako baina aldi berean oso kolektiboa izan delako. Bakoitzak bere bidean, baina denok bidaia berbera egin dugulako.

«‘Buruaz beste egin’ diodanean, berriz ere zerotik hastearen kontzeptuaz ari naiz. Uste dut bere buruaz beste egin nahi duen askok hori bilatzen duela, zerotik hastea»

‘Zuk borroka hasi’ ere biko honetan sartzen da, argitasuna eta iluntasunik gordinena elkartu dituzue.

Amaiera oso potentea du soinua nondik nora doan ikusita, melodia oso suabe eta ederra da eta kontraste handia egiten du. Bi abestiak oso desberdinak dira bata bestearekin, bata oso ‘happy’-a delako eta bestea oso barrura doalako, beste sentimendu batzuk ateratzen dituelako. Bikote moduan horrela doaz, horrela egin genituelako, ez dago bestelako hauturik. Kantuak egin eta ekoizleengana joaten ginen eta horrela kokatu ditugu diskoan ere.

Borroka hasi, buruaz beste egin… Garbi geratu behar da hau guztia zure gaixotasunaren aurretik idatzita dagoela. Diskoa ulertzeko garrantzitsua da.

Bi abesti izan ezik, denak minbizia nuela jakin aurretik idatzitakoak dira. Barrura begiratu eta aurrera jarraitzeko sortuta daude eta badirudi kantuak pixkat profetikoak direla.

Norbaiti eutanasia bezalako hitz potoloak etorriko zaizkiolakoan nion.

Buruaz beste egin diodanean, berriz ere zerotik hastearen kontzeptua da. Ez dugu honen inguruan hitz egiten eta nik uste dut buruaz beste egin nahi duen askok hori bilatzen duela, zerotik hastea. Baina gaia oso potoloa da. Hortaz, erabaki bat hartzean, aldaketa egin eta ez dela ezer gertatzen, hori da islatu nahi nuen ideia.

Kemena berreskuratzea zenbat kostatzen den nekatuta zaudenean.

Momentu batean edo bestean, denok dugu une bat gure memorian nekatuta gaudenean bertara bueltatzeko. Niretzat itsasoa beti hor dago, letrak idazterakoan eta fisikoki ere behar izan bat dudalako itsasoarekin eta hor nabil. Santi Garciarekin grabatu genuen, Ultramarinos Costa Brava estudioan, 2021eko uztailean. Gure adinekoa da, gaztetxe mugimendua ongi ezagutzen du, bere taldearekin hor ibili delako, eta Euskal Herria oso ondo ezagutzen du. Grabatzez bukatu eta estudiotik itsasora joan eta bainu bat hartzea izan da disko honen grabaketan izan ditugun pribilegio txuloenetako bat.

Bi ekoizle aipatu dituzu eta guztiek sartu dituzte beren instrumentuak diskoan, kuriosoa da.

Bai, sintetizadore eta soinu desberdinak sartu dituzte. Santik kantuak entzunda zituen eta heldu ginenerako aldaketa batzuk proposatu zizkigun. ‘Kemena’-k, esaterako, eten bat du, toki oso arraro batean guretzat, eta, guk ez genukeen egingo, baina halako ekoizleekin pila bat ikasten duzu eta hori ere ederra da bide honetan.

«Denok dugu une bat gure memorian nekatuta gaudenean bertara bueltatzeko. Niretzat itsasoa beti hor dago»

Gitarrekin egindako lana ere sekulakoa da.

Pitik hartzen duen lana da, oinarri batetik abiatu eta gora eta behera egiten du. Kontzertuetara pasatzea izaten da zailena, baina batetik zati bat hartzen du, bestetik beste zerbait… Lortzen du, ona da tipoa.

Bost ekoizlerekin lan eginda, nahasketak itxita itzultzen zineten estudiotik?

Grabatu eta joan egiten ginen. Baten batean nahasketak bidali egin zizkiguten eta aldaketak proposatzen genituen eta aurrera. Dena dela, Tio Peten nahasketetan egon ginen eta Paco Locoren Cadifornia estudioan ere nahasketak bertan egiteko aukera izan genuen.

Ez da erraza estudiokoa etxera eraman eta emaitza bera entzutea.

Zaila izaten da, ekoizleekin zaudelako lanean. Haiek erabakitzen dute norabidea, zuk ideiak eman ditzakezu, baina haiek dira lanaren arduradunak eta nahasketekin oso gustura geratu gara, guretzako, erraza izan da.

‘Inondik inora’ kantuan Rubenen baxuaren linea eta Asierrek riderraren kanpaia noiz eta nola erabiltzen duen oso dotore geratu dira.

Rubenena sekulakoa da eta Asier ezin da geldirik egon, urduria da. Hemen oso guay geratzen da erritmo hori nola markatzen duen eta zer kolore ematen dion. Bakoitzak bere maniak eta mugimenduak ditu eta hemen oso aberasgarria da.

Abestiaren bukaeran, koroetan halako efekto arraro bat bada eta ahots oso lodi bat ere entzuten da.

Gogoratzen dut koroak egiterakoan oso lodi, oso altu eta tartean hiruzpalau ahots gehiago ere grabatu nituela. Prozesatuak izango dira ahotsak eta flangerraren efektua akaso gitarrarena da. Hainbeste ahots daude, entzunaldi asko eskatzen dituela.

Kantu askotan progresioan zoazte. Konposatzetik izan da horrela edo estudioan ekoizlearekin hartu duzue erabakia.

Denak horrela konposatu ditugu, baina batzuk ez genekien nola moztu eta estudioan ‘fade out’ batekin bukatzea erabaki dugu.

‘Kuraia’ eta ‘Corazón de tango’ bikoan Marc Closek hartzen du parte. Lehendabizikoan, doinuen eta letraren artean ying eta yanga ikusi ditut. Amorrazioa hitzetan eta musika argitsua.

Nik ez dut letra beltzik ikusten, baina bakoitzak bere bidera darama. Bilaka ibili zaren adore hori, pilatu duzun kemen hori askatzen den unea da. Itxita zaude eta, maitasun osotik, askatasun hori agertzen da. Dena dela, idazten dudanean ere ez dago sekula oso argi zer diodan. Marc Closek bibrafonoa sartu zuen eta MotorPsycho taldearen ‘Vortex surfer’ kantua asko gustatzen zitzaigun, bada leherketa hori sartu nahi izan dugu omenaldi moduan, bai melodian eta bai letretan ere.

Omenaldi bikoitza da hortaz atal hau, inplizitua eta esplizitua.

Galder Izagirrek ‘Bidegurutzean’ saioa egin zuen eta Francis Diez, Kai Nakai eta gu protagonista ginenak. Kantuak gure erara egitea proposatu ziguten eta ‘Abrázame’ genuen buruan, baina eginda geneukan. Bada, ‘Corazón de tango’ egitea bururatu zitzaigun, oilarkeria bat izan arren, eta errespetu osoz hau egin genuen, gero Dave M. Allen ekoizlearekin landua. Marc Clos Love of Lesbian taldekoa da eta perkusio mordoa sartu ditu abesti honetan. Abestiko hitzak badakigu ez direla jai girokoak, baina diskoa aurrera joateari eta indarra hartzeari buruz denez, jendea horretara animatzeko egin dugu hau. Bizitzak baditu putada asko baina baita gozagarriak diren beste mila gauza ere. Hortaz, horrela atera genuen hau eta diskoan sartu dugu. Astean behin Bilbon nonbait entzuten den kantua da, asko maite duguna eta errespetu eta maitasun guztiarekin egin dugu.

Ziur pozarren entzun dutela Doctor Deseokoek.

Francisek estudioan entzun zuen gurekin, pozik zirudien, Josi bideokliparen aurkezpen egunean ere pozik agertu zen.

Bide batez, a zer bideoklip puska. Nola egin zenuten hori gauzatzeko?

Barbara Fernandezen bitartez izan zen guztia. Abesti guztiak disko bezala tratatu ditugu: bideoklipak, portadak, promoak… dena egon da. ‘Kuraia’-ren bideoklipa Barbarak egin zuen eta hau ere berari esan genion egiteko eta laguntza behar bazuen eskatzeko lasai. Ramon Barea lortu zuela esan zigun eta sekulakoa izan zen, baina, Bilborekin lotura duenez, baiezkoa hortik etorriko zela uste genuen. Bideoa grabatzear zela, Carmen Machi lotu zuela esan zigun. Ez dakit zer nolako mezua bidali ote zion, baina konbentzitu zuen. Maitasun handiz egina dago, eta oso-oso pozik gaude bi aktore puska hauek egin duten lanarekin. Istorio gogor bat oso modu politean kontatu dute.

«‘Corazón de tango’ astean behin Bilbon nonbait entzuten den kantua da, asko maite duguna. Errespetu eta maitasun guztiarekin egin dugu bertsioa»

Diseinuak, nola ez, Fortunen eskutik etorri dira.

Single guztienak berak egin ditu eta diskoarekin zerbait oso desberdina egin nahi izan zuen, eta liluratu egin gaitu beste behin. Egia esanda, ez dut azalaren inguruan duen interpretazioaz hitz egin harekin, eta badut horretarako gogoa ere.

‘Adore, kemena, kuraia’. Kantutzarra da, Nirvana ukitua duena.

Minbiziaren ostean dago grabatuta, ekaina bukaeran idatzia eta uztailean grabatua. Zein zikin sartzen den eta zenbat garbitzen den ahotsarentzat. Oso abesti interesgarria nire ustez, eta oso desberdina besteekin alderatuz.

Popa egiten duzuela diotenentzat mezua.

Horrela irten zen eta kitto, ez zen bilatua izan. Guk popetik metalerainoko musika dena entzuten dugu, hortaz, eraginak gure musikan ere badaude.

Hasieratik egin duzue popa eta baita halako kantuak ere. Sudur puntan jarritakoa egin duzue beti.

Guk esan izan dugu, lokalean irribarre bat atera digun kantua bada, aurrera egiten dugula. Ñoñeria bat izan edo oso gogorra izan, benetako gauza bat izan dadila eta behintzat zerbait mugitu dezala entzuleengan gure barruan mugitu duen bezalaxe.

Zarata, akoplea, efektuak… Indarra du.

Hau da dagoena, ez dago besterik, aurrera egin behar da, krudeltasuna eta indarra ditu kantuak. Une batzuk gogorragoak dira eta beste batzuk ederragoak. Aurrera egin behar da, ez dago besterik. Abesti hau Puerto de Santamarian grabatu genuen, gozada bat izan zen, hegazkinez joan ginen eta pua bat, baketak eta sintea soilik eraman genituen. Joan, jesarri eta grabatu egin genuen, dena prest zuen, denda moduko bat du eta instrumentu eta ekipo zabala du, oso arina da harekin lan egiteko modua. Abesti zikinena eta lasaiena grabatu genituen bertan.

Rozalen aurrez ezagutzen zenuten, Zinemalditik. Prozesu interesgarria da.

Ez diot mezurik bidali, baina Galderri eskerrak emateko idatzi behar diot. Izan ere Rozalen eta Zea Mays Orozkon etxe batean batu eta abesti bat sortzeko aukera eman zigun. Suabe dago grabatuta, era akustikoan. Gero estudioan berriz grabatu genuen eta beste toke bat eman genion. Rozalen kontzertuz betetako uda batean murgilduta ibili da eta diskoa prestatzen ere ibili da, hoteleko geletan estudioa jarri eta abestiak grabatuz, eta hau ere horrela sortua dago.

Begira orain ere zer egin duen, beste askok egiten ez dituen gauzak berak ikusten ditu. Estatuko hizkuntza desberdinak mimoz eta errespetuz tratatu ditu. Hori ez da normalean egiten, baietz dirudien arren, oraindik ez dago gure hizkuntzarekiko errespeturik, guri askotan oraindik ere letrak eskatzen dizkigute zer abesten dugun jakiteko. Hortaz, hainbesteko ikusgarritasuna duen mundu mailako artista batek halako zerbait egitea benetan txalogarria da. Gure emozio dena eskaintzen diogu, asko ez direlako sartzen halako marroietan eta, gainera, bihotzez egiten du.

«Kantuak benetakoak izan daitezen nahi dugu, mugitu dezala zerbait entzuleengan gure barruan mugitu duen bezalaxe»

Ikusten zen egonaldiko bideoan nola abestian barru-barruraino sartu nahi izan zuen.

Azkenean bion artean egindako zerbait izan da eta txuloa izan da. Hasieran tentsioarekin ginen, egun bakarra genuelako abestia egiteko. Sentimendu asko duen abestia da eta ‘Adore, kemena, kuraia’ diskoaren antitesia izan daiteke.

Atzetik datorren kantuan, norberaren lekua bilatzetik, norberaren aldaketen aurrean besteei eskatzen zaien errespetu eskaeraz ari zara.

Badakizu aldaketa bat badatorrela eta burua eta gorputza ez ditugula prest izaten. Udan zaude, udazkena dator eta ez dut behar izan dudan bero hori sentitu gorputzean eta gehiago behar dut. Hau Tio Peten grabatu genuen, Aritz Aranbururekin, Split 77ko abeslari zena. Askotan lagundu izan digu programazio eta abarrekin eta 20. urteurreneko diskoan egin zuena ere sekulakoa izan zen. Hortaz, bi abesti ekoizteko animatu genuen eta harekin grabatu genuen. Marc Closek ere grabatu zuen eta, ez badirudi ere, elementu organiko asko daude. Harribitxi bi diskoa bukatzeko, zerikusirik ez dutenak, eta dastatze menu honi bi postre ikaragarri gehitu dizkiogu.

Beti ibili zarete esperimentazioan eta orain akaso elektronikarako prestatuago dago Euskal Herriko publikoa. Izan ere abesti hauek entzunaldi asko behar dituzte elementu denak entzuteko. Azken kantuan, esaterako, 8 bit soinuak, gitarra atmosferikoak, erritmika bitxiak… denetarik du.

Bai, txaloak Aritzen bibliotekakoak dira, hori du bere gauza onetako bat, ohikotik ihes egiten duela da. Sinteekin gauza bera gertatzen da. Gure melodiek ez dute askorik laguntzen Aritzen atmosferan, baina hori da gure ekarpena.

Otsailean hasiko zarete birarekin eta ez da bira makala, Estatutik, Europatik eta Euskal Herritik ibiliko zarete.

Bai, Euskal Herrian soilik egingo bagenuen, txiki geratuko zen. Hortaz, Euskal Herrian hasi eta kanpotik errodajea egingo dugu bueltatzen garenean topera egoteko.

Jaurlaritza Logoa