En direct

Garazi Castaño

BTN finala: arratsaldeko saioaren bilduma

Arratsaldeko saioak giroa berotzea lortu zuen Navarra Arenan. Goia, ordea, buruz burukoan jo zuen Iruñeko bertso finalak. Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio aritu ziren parez pare eta lan ederrak ondu zituzten. Arratsaldeko bertsoen bilduma osatu dugu astearte honetako KulturHaria saioan.

Audio_placeholder

BTN finala: arratsaldeko saioaren bilduma

Loading player...
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, besarkaturik
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, besarkaturik (Iñigo Uriz | FOKU)

Bazkalosteko tartearen ostean, arratsaldeko 16:00etan zuten Navarra Arenan bildutako 13.000 bertsozaleek haien eserlekuetara itzultzeko hitzordua. Irrati edo telebista bidez bertso finala jarraitzen ari zirenak ere orduan piztuko zuten seinalea ziur aski.

Zortzikotea berriz igo zen oholtza gainera, zozketak aginduta, goizekoaren hurrenkera desberdinean. Lehena kantuan hasten Alaia Martin izan zen. Bazkalorduko kontuei erreferentziak ez ziren falta izan bere agurrean.

Goizekoa baino giro beroagoa izan zen arratsaldeko saioan, gaiek eta atsedenak eragina izango zuten nonbait. Goizeko saioa 15 bertso puntuagarrikoa izan zen; arratsaldekoa ordea, 10 bertsotakoa. Hamarreko txikian ekin zioten bertsolariek bigarren txanpari. Ondoren, puntuan aritu ziren ofizioka. Amaitzeko, bakarka gaia emanda hiruna bertso osatu zituzten bertsolariek doinu eta neurri librean.

Ariketak amaituta, buruz burukoan nor arituko zen entzuteko zain, olatuak egiten, zalapartaka eta urduri ikusi zitekeen jendea Navarra Arenan. Azkenean iritsi zen unea: Amets Arzallusen izena aipatu zuten lehenik, ostean Maialen Lujanbiorena. Eta orduan iritsi ziren txaloak, besarkadak eta irribarreak.

Iparragirrerenean ekin zioten buruz burkoari Arzallusek eta Lujanbiok eta bigarren ofizioa zortziko txikian egin zuten. Bi ariketa horietan jo zuen goia finalak. Ondoren zetorrenak ere utzi zituen distira une handiak.

Ganbarakoan bi lan egitea egokitu zitzaien. Lehena, hitz bat gaitzat emanda, bertso bat osatzea bederatziko txikian. Egokitutako hitza, oreka izan zen. Arzallusek euskarari kantatu zion eta Lujanbiok desorekari kantatu zion, Mikel Laboaren Gaztetasuna eta zahartasuna doinuan. Amaitzeko, bertsolariek hautatutako doinu eta neurrian hiru bertso sortu zituzten “ez dago B planik” esaldiari tiraka.

Maialen Lujanbio gailendu zen buruz burukoan, eta Hernanira eraman zuen Iñaki Muruak buru gainean jarritako txapela. Lujanbiok orotara 2.240 puntu eskuratu zituen eta Arzallusek 2.166.

Jaurlaritza Logoa