En direct
«Herritarrei aukerak eta esparruak eman behar zaizkie euskaraz hitz egin eta bizi ahal izateko»
Astebete bete du Euskaraldiak. Erronkari neurria hartzen goazen bitartean, horretan parte-hartze hutsak elementu esanguratsua dakarrela deritzo Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politika sailburuordeak. Euskarak dituen egungo erronkei elkarlanetik eusteko hautua egin du.
«Herritarrei aukerak eta esparruak eman behar zaizkie euskaraz hitz egin eta bizi ahal izateko»
Hamabost egunez hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginean parte hartzen ari direnen jarrera eskertu nahi izan du Miren Dobaranek lehen astebeteko balantzean; ez baita erraza bere ustez 15 egunez horri eustea, eta horrek erakusten duelako aldaketarako nahi bat badagoela. Zentzu horretan, ariguneen figura azpimarratu nahi izan du bereziki: «Ehunka arigune berriek eman dute izena; hauetatik bideratuta, bide berriak zabalduko direlakoan nago, babesgune baterako bidea zabaltzen delako ariketa egiteko eta horrek, bihar-etzi, euskara planak osatzea eta erabileran eragiteko bide iraunkorrak ekar ditzakeelako».
Euskaraldia, gainera, urteurren borobil baten ospakizunarekin ere iritsi da aurten, EAEko Euskararen Legeak 40 urte bete baititu aste honetan. «Ospatzeko egunak» direla deritzo Dobaranek, lege horrek ekarritako ontasunak azpimarratuta: «Euskararen biziberritze prozesua eredugarria izan da; legea ondo egituratuta egon zen, eta gainera, adostasunetik eraikia izan zen. Tresna eraginkorra izan da egungo eszenatokira heltzeko, baina oraindik ere badu malgutasuna garatzen joateko».
Dio legearen garaipen handienetako bat dela euskarak lehengo atxikimendu bera, edo are handigoa ere baduela orain. Baina entzun diogu berari esaten erabilera badela harri koxkor bat zapatan. Era natural batean irabazi beharreko esparrua dela uste du edonola: «Ezin zaio herritarri esan ‘euskararen kontrako jarrera duzu’ edo ‘ez duzu euskararen aldeko hautua egiten euskaraz ondo dakizunen’... Horretarako era eta modu naturalak topatu behar dira, eta baldintzak sortu horretarako; hori gure lana da, eman egin behar zaizkio aukerak eta esparruak euskaraz bizi ahal izateko».
Badute kezka, nolanahi ere, UEMAk agertu duen bezala, udalerri euskaldunen kopurua gora joan arren, euskararen erabilerak behera egin duelako. Gaztetxoenengan jarri du bereziki begirada: egoerari erreparatu eta erreminta sorta martxan jartzearen alde agertu da
Saretzea, elkarlana
Gizarte eragileen elkar-laguntza eta saretzetik etorriko dira, bere ustez, politika eraginkor eta arrakastatsuak. Onartu du arrakala bat egon bazegoela iraganean instituzio eta eragileen artean, baina ziur mintzatu da batak bestearen beharra dituela esanez. Zentzu horretan, orain gutxi aurkeztu duten ‘Batuz Aldatu’ dinamikari dagokionez bidean topo egingo dutelakoan mintzatu da.
Elkarlanaren bidetik abiatu dituzte Nafarroan ere euskarari loturiko zenbait ekimen, baita Euskaraldia bera ere. Oraindik Euskaraldiaren parte-hartze datu zehatzak ezagutzen ez diren arren, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik «helburuak bete eta euskaraz hitz egiteko guneak sortuz» doazela jarri du gurean balioan. Euskarak Nafarroan duen egoera guztiz ezberdina da iparraldetik hegoaldera. Tutera bezalako gune batean Euskaraldiak izan dezakeen garrantziaz galdetuta, Euskarabideako zuzendariak azaldu du «hizkuntz estresa arintzeko baliagarria» dela. Are gehiago, inguru erdaldunagoetan parte hartzea murritzagoa izan daitekeen arren, garrantzitsuagoa dela bertan ariguneak topatu ahal izateko.