En direct

Garazi Castaño

Hitzak, zutik eta esanak

Mejillon Tigre kolektiboak spoken word formatuko ikuskizuna estreinatu berri du: ‘Hitz Esana’. Amonen izenetatik eratorritako Ane Zubeldia eta Eider Adeletx ezizenen atzean daude emanaldiaren egileak. Oholtza gainean zutik gorpuzten dituzte haien esanak, eta guk mikrofonoen aurrean jarri ditugu.

Audio_placeholder

Hitzak, zutik eta esanak

Loading player...
Eider Adeletx eta Ane Zubeldia, Mejillon Tigre kolektiboko kideak
Eider Adeletx eta Ane Zubeldia, Mejillon Tigre kolektiboko kideak (Jon Urbe | FOKU)

‘Autobiographikal’ ikuskizunarekin ekin zion poesia emanaldiak sortzeari Ane Zublediak eta Eider Adeletxek osatutako tandemak. Urte batzuk pasata eta Hi(zki)bridoak bekaren eskutik, bikoteak bere burua Mejillon Tigre izenpetu eta ‘Hitz Esana’ ikuskizuna ondu du. Hasierako asmotik pixka bat urrundu dira. Euskal emakume erreferenteak lantzea izango zen ikuskizunaren funtsa; sormen prozesuan zehar ordea, erdigunea bestelako elementuek hartu dute. Etxebizitza, fedea edota heldutasuna dira oholtzaratuko dituzten gaietako batzuk.

Hi(zki)bridoak bekak hitzen hibridazioa du oinarri. Eta musika, antzerkia edo bestelako diziplinak literaturarekin uztartzean datza egitasmoaren xedea. Adeletxek eta Zubeldiak, baina, ikuskizuna soiltzera jo dute. Hitzek, askotan, ez baitute «zarata» lagun.

Spoken word eredua arrantzatu dute mundu anglosaxoitik. Eta haien hitzak eta gorputzak oholtzaratuko dituzte ikuskizun berriari esker. Esperientzia propiotik abiatuta, belaunaldi-kezkak ekarri dituzte lehen lerrora. Gazteak dira eta gazte ahotsetik mintzo dira, baina ez dute partikularitatean iltzatzerik nahi. Gizartearen egiturazko gabezien oihartzunak dira haien olerkiek dakartena. 

Azaroaren 10ean Bilboko Berreginen Museoan aurkeztu zuten ‘Hitz Esana’. Emaitzarekin eta jasotako erreakzioekin pozik, hitzei bide ematen jarraitzeko prest da kolektiboa. 

Jaurlaritza Logoa