En direct
«Ezin nintzen bizi alkoholik gabe eta ezta alkoholarekin ere»
Alkoholik gabeko nazioarteko egunaren harira, Joxe eta Anak alkoholismoak euren bizitza nola txikitu zuen azaldu dute NAIZ Irratian, baita Alkoholiko Anonimoak elkartearen bidez nola lortu duten «inoiz baino zoriontsuago» bizitzea.
«Ezin nintzen bizi alkoholik gabe eta ezta alkoholarekin ere»
Duela hiru hamarkada jo zuten Alkoholiko Anonimoak (AA) elkartera Joxek eta Anak eta alkohola «ahaztuta» jada «inoiz ez naiz hain zoriontsu izan», diote biek. «Kaixo, Joxe naiz eta alkoholikoa naiz» esanez hasi da hizketan gure bi gonbidatuetako bat, gaixotasun honi aurre egiteko taldeetako eszena irudikatuz. «Nahi ez nuenean edaten nuen, ezin nintzen bizi alkoholik gabe eta ezin nintzen bizi alkoholarekin», hala definitu du beretzat zer den alkoholismoa. Gaixotasun «oso txarra» dela dio, fisikoki eta emozionalki «min haundia» egiten duena eta pertsona «bakardade hutsean bizitzera» kondenatzen duena. «Dena apurtzen dugu», gaineratu du, familia, lanpostua, «arazoak arazoaren gainean». Egoera honetan «gezurra eta antzerkia» dira alkoholikoaren tresnak Joxeren esanetan, «artista hutsa nintzen antzerkia egiten».
15 urte ingururekin hasi zen edaten, lehenik gutxi, ondoren gehiago. Anak dioenez, berriz, «gaztetan ez nuen arazorik izan», «aurrerago etorri zen». Alkoholikoaren profilak askotarikoak direnaren erakusle. Ana «konturatu gabe» sartu zen alkoholismoan; «bi ume nituen, haundi samarrak», lana utzi, etxean gotortu eta «egun guztia edaten» pasatzen zuen. Ezkutuan ibiltzeak obsesionatzen zuen, denda ezberdinetan erosten zuen edaria, eta bota ere edukiontzi ezberdinetan botatzen zuen.
«Alkohola utzi dezakezu»
Alkoholiko Anonimoak elkartera jo aurretik, duela 28 urte, egoera larrian aurkitzen zela azaldu du Anak, «nire azken bi urteak etenik gabeko mozkorraldi bat izan ziren, ezin nintzen gelditu, konturatzen nintzen hiltzera nindoala». Lagun batek eraman zuen AAra eta lehen bileran «bakarrik» ez zegoela sentitu zuen, bazirela bere egoera berean zeuden beste pertsona batzuk eta horrek asko lagundu zion. Hasieratik esan zioten gainera «utzi dezakezu baina bakarrik ez, gurekin».
Berak esan moduan, antzezle fina izaki, hainbeste «maneiatzen zuen» bere ingurua «alkohola uzteko taberna bat jarriko nuela» esan ziela Joxek senideei. Hala, egin zuen eta taberna bat zuela, «nahi ez baina egunero mozkortzen nintzen, goizean esnatu eta ez nuen jaiki nahi, depresio batean bizi nintzen, tabernara joan eta edaten hasten nintzen». Familia bazkarietan zalaparta sortu ohi zuen beti eta gogoan du ezkontza batean ez zuela edango esan ziela senideei baina eguerdiko hamabietarako mozkortuta zegoela. Orduan iritsi zen pausoa, «hurrengo egunean sofan esnatu nintzen traje eta guzti, ispiluan nire burua ikusi eta ‘moztu egin behar det honekin’ esan eta Alkoholiko Anonimoak elkartera deitu nuen». Telefonoa hartu zion alkoholikoak kontatu ziona entzunda argi izan zuen alkoholikoa zela. Bizitzan egin duen gauzarik onena bertara deitzea izan zela baieztatu du.
Elkartean «lagunduta» sentitu dira biak, eta «ez epaituak». Anak azaldu du sei bat hilabetera joan zitzaiola alkoholarekiko obsesioa eta baztertuta zuen bizitza berreskuratzen hasi zela, mendira joaten eta irakurtzen. Elkarteko bilerak «santutegi» bat ziren beretzat, «bakea eta poza» sentiarazten zizkiona. Lehen urtean, hori bai, helburu bakarra izan zuen, «ez edatea».
Nor da alkoholikoa?
Joxek dio elkartean ez diotela inori esaten alkoholikoa dela, «norberak sentitzen du», eta ezin dela edari kantitate baten arabera zehaztu. «Alkoholismoa sentimendu bat» dela uste du, «bakardadea sentitzen hasten zara, tristura, ‘atzo ez nuen nahi baina mozkortu egin nintzen’ esanez zure buruari, galdezka ea zergatik edaten duzun hainbeste». Halako egoerak arazo baten seinale direla baieztatu du, eta hori dela laguntza eskatzeko unea.
Alkoholak gure gizartean duen presentziaz galdetuta, Joxek uste du handiegia dela eta alkohola arazo bat izan daitekeenaz kontzientzia handituz doala, «alkohola sozialki ondo ikusia dago, batzuk ondo edaten dute, ez zaie ezer gertatzen, baina beste batzuk oso gaizki». Anaren iritziz, alkoholismoaren inguruan informazio falta dago, «gaixotasun bat da eta horretaz hitz egin behar da, jendeak ez dakit zenbat sufritzen duten alkoholikoek».
Sufrimendua ondokoengana ere iristen da, noski. Joxek kontatu du elkartera jo zuenean 11 urteko alaba bat zuela eta etxera iristen zenean gelan ezkutatzen zela txikia. Garai hartan «gauero amets berdina zuela kontatzen zuen alabak, munstro batekin egiten zuela amets baina ez zuela ikusten nor zen eta egun batean ‘gaur ikusi dut nor den munstroa, zu zara’» esan zion alabak Joxeri. «Pentsa zer egiten ari nintzen», dio, azpimarratuz zein suntsigarria den gaixotasun hau: «Gure literaturan idatzita dago, alkoholikook dena txikitzen dugu».
Baikor amaitu dugu solasaldia; alkoholismotik irten daitekeela aldarrikatu dute biek, baina laguntza ezinbestekoa dela. Horregatik, gaixotasun hau duen edonori Alkoholiko Anonimoak elkartera deitzeko deia egin diote, «norbaitek arazo bat badu deitu dezala, badago irteera».