En direct

Garazi Castaño
Entrevue
Aitor Mendiluze
Bertsolaria

«Ni naizena erakustera nator»

Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975) eskarmentu handia du txapelketetan. 2001az geroztik final guztietan hartu du parte, gainera. Aurtengoan, larunbatean igo zen lehen aldiz oholtzara, Durangon, eta saioa irabazi zuen 726,5 puntu eskuratuta. Egindako lanarekin pozik, bere onena ematera etorri da.

Audio_placeholder

«Ni naizena erakustera nator»

Loading player...
Aitor Mendiluze, Durangoko saioko irabazlea
Aitor Mendiluze, Durangoko saioko irabazlea (Jon Urbe | FOKU)

2.000 entzule batu ziren Durangon larunbatean. Errenkada luzeen artean pasa zineten oholtzara iritsi arte. Bertsozaleen berotasuna sumatuko zenuten bertan.

Ni azkena nintzen ilaran eta horrek beharbada besteen erreakzioak ikusteko ere aukera ematen zidan eta lasaiago bizi ahal izateko aukera ere bai. Eta era berean, zaharrena ere banaiz eta esperientzia gehien duena txapelketa horietan ere bai. Eta alde horretatik, esango nuke, niretzat beharbada polita izateaz gain, izan zela lekziotxo bat edo izan zela erakusgarria besteak zer tenpletan zeuden ikusteko. Aurretik egon ginen zozketa egiteko garaian, oso talde giro ona sumatu nuen, oso... bertsotarako giroa sumatu nuen. Eta han paseoa egiterako garaian eta aurreko kideen ibilkera, begiratzeko modua... ikusterakoan, konturatzen nintzen bene-benetan giro ona zutela barrutik eta giro ederra zegoela plazan, eta bat egiten zutela. Eta beraz, banuen sentsazio positiboa saioarekiko.

Larunbatekoa izan zen zure lehen saioan aurtengo txapelketan. Oin bat barruan eta bestea kanpoan izan duzu aurreko fasean, nolabait. Zer moduz itxaronaldia eta nola ikusi duzu txapelketa?

Itxaronaldia, luze... Ia abestu dudanerako txapelketa bukatu da. Eta egia esan, beste taldeko kideekin aritu naizenean prestatzen edo lantzen aritu naiz, eta lehenengo aldiz kantatu zutenetik Aginek eta Nereak... hilabete eta erdi joan da nik kantatzerako. Haiek ja bigarren saioa eginda. Orduan, alde horretatik, luze egin da, baina ondo eraman dugu.

Eta gainontzekoan txapelketan, nik uste dut bere gora-behera guztiekin, txapelketa bat izaten ari dela. Azken finean, batzuen espektatibak, besteek nahiak, bestearen zailtasunak... Bat egiten dute. Bertso on asko entzuten ari dela uste dut. Entzule asko, bero, eta esango nuke gainera gazte asko, zorionez. Eta hori ere aipatzekoa eta txalotzekoa da. Baina, eztabaidak eztabaida, eta konformatzea beti erraza ez bada ere, esango nuke txapelketa bat izaten ari dela bere baldintza guztiekin.

Finaletik hilabete exkaxeko tartearekin egin duzu estreinaldia. Beñat Gaztelumendik ere bai. Durangon zure hasierako agurra halaxe amaitu zenuen: «Ni naizena ekarri/ nahi nuke ahora/ ia zer kontatzen den/ gidoitik kanpora ». Nola heldu diozu txapelketa honi? Zein erronka jarri dizkiozu zure buruari?

Txapelketa honi heldu diot ilusioz. Hasiera batean parte hartzeko gogo handirik gabe nengoen eta ia ezezkotan. Egia da gero inguruko zenbait iritzi eta zenbait irizpide jasotzeak lagundu didala izen ematen. Eta behin izena emanda, onenak emateko ilusioz. Esango nuke bertsotan ondo edo gustura behintzat bai, saioetan eta bertso eskoletan ere bai. Gustura eta tenple onean. Eta helburua jarrita horixe bera plazan erakustea. Pixka bat nire agurrean uste dut puntu klabeetako bat hori izan zela: Ni naizena erakustera nator. Uste dut hainbeste urte eta txapelketaren ostean badudala bertsokera bat definitu xamarra. Eta bertsokera horrek eman dezakeena nire buruari erakutsi eta besteei ahal bada gozarazteko helburuarekin.

Zer moduz sentitu zinen oholtza gainean? Bi lan nabarmendu nahiko nituzke. Lehena, Aitor Bizkarrarekin batera zortziko handian egindakoa, gizarte langileen paperean. Eta bereziki, Beñat Gaztelumendirekin egindakoa seiko motzean. Asko nabarmendu den bertsoaldia izan da. Geroz eta gutxiago ikusten diren lagunen azalean aritu zineten kantuan, zailtasun tekniko erantsia duen neurrian.

Saioarekin orokorrean gustora gelditu nintzen. Sentsazioarekin bazeudela hobetu zitezkeen gauzak, noski. Baina oso tenple onean sentitu nintzen, oso eroso oholtzan zentzu guztietan. Ez bakarrik kantu kideekin, ez bakarrik plazako giroarekin, nire barru-sentsazioak ere onak ziren. Eta alde horretatik oso gustura eta emaitza ere polita izan zela, goi-goi mailakoa izan gabe beharbada, baina polita izan zela.

Eta ariketekin: gustura gelditu ez nintzen ariketarik ez bada ere, egia da bi horien inguruan galdetu didatela dezentetan. Lehenengoan, Aitorrekin zortziko handian, beno, lehen ariketa da eta izaten da tenperatura hartzeko ariketa, batez ere norberaren buruari. Eta egia da momenturen batean formulazioren batek edo hitzen batek erdi-ihes egiten zidala sentitzen nuenean erreflexuak izan nituela moldatzeko eta berriz ere ekartzeko. Eta horrek konfiantza dosi handia eman zidala handik aurrekorako. Sentitu nuen “ba bai, bertsoetarako nago”, uste dut elkarrizketa bera ere polita izan zela. Beharbada ez genituela gauza batzuk zehar beste zehaztu edo zehaztu zitezkeen beste. Aitorrek ere aipatu zidan airean gelditu ote zitzaigun elkarrizketa. Baina era berean gaiak berak planteatu zitzakeen eszenatokietako bati nahiko lotua esango nuke, beraz nahiko gustura gelditu nintzen alde horretatik.

Eta gero Beñatekin seiko motzean egin beharreko ariketa horretan uste dut posizionamenduan asmatu genuela biok. Azkenean gaiak planteatzen zituen bi lagun, aspaldian egon gabeak, astero elkartzeko proposamen hori... Nik garbi ikusi nuen hasieratik baietz esan izan banio hantxe bukatuko zela ofizioa. Bukatuko genuela biok gauza bera esaten eta ezezko planteamendurik egin ez banuen ere, nolabaiteko baina hori hartu eta baina hori ozpinez jantzi eta tentatzeko asmoarekin nolabait abiatu nintzen ni. Ez dizut ezetz esango, baina ez dizut erraza jarriko. Pixka bat pentsatuz bion diskurtsorako egokia izan zitekeela eta uste dut emaitzak hala erakutsi zuela. Nire aldetik, erantzuteko jarrerarekin aritu nintzen, eta gustura zentzu horretan, eta uste dut Beñatek hor harilkatu zituela bertso harrigarriak eta beharbada arratsaldeko bere bertsorik onenetako bat han egongo zela, eta zoriontzeko moduan.

Belaunaldi aldaketaz asko hitz egin da txapelketa honi begira jarri garenean. Belaunaldi batek erdigunea hartuko zuela eta beste belaunaldi berri bat ate joka izango genuela iragarri zen.

Tarteka hitz egiten dugu gure artean eta nik nire aldetik ere pentsatu izan dut horri buruz. Eta esango nuke ez dela txapelketa honen kontua, pasa den txapelketan belaunaldi aldaketa hori oso presente egon zela uste dut. Beharbada finalean, eta denek begiratu nahi izaten duten ispilua hori da, ez zen hainbeste nabarmendu. Beñat han bazegoen ere, ez zen hainbeste nabarmendu, ezta? Baina txapelketan nik uste dut oso presente egon zen belaunaldi bat izan zela, azken unera arte finalerako aukerarekin, eta horrek adierazten du ja hor zeudela. Eta geroztik hor daudela eta plazatan ikusi dela.

Belaunaldi errelebo bat eman da. Geratzen dena da belaunaldi errelebo guztietan bezala, ba ez dela bat kentzen eta bestea jarri, hori zerbait graduala izaten dela. Eta txapelketa honetan gertatu dena da horiek oso indartsu baldin badatoz ere, aurrekoei ere ez zaigula oraindik ahaztu eta hor gaudela, hor mantentzen garela. Parte hartzea erabaki dugunok behintzat. Esango nuke alde horretatik oso momentu polita dela, bai gure belaunaldikoentzat eta bai hurrengo belaunaldikoentzat ere. Konpartitu ahal izatea prozesu hori, konpartitu ahal izatea oholtza hori eta nolabait irudikatu ahal izatea trantsizio positibo eta positibista bat. Esango nuke alde horretatik lehendik zetorren prozesu bat baldin bada ere, eta ez bakarrik txapelketa honetakoa, ba beno, baieztatzen ari dela nolabait aldaketa hori. Gero badirudi jende baten ahotan entzuten da, ba bueno, gero gauzak aldatuko ez balira bezala, baina beno, ez dakit, nik ez dut uste hori hala denik edo hala ikusten ari denik.

Eta Durangoko saio bera izan zen, nik uste dut, horren argazki oso polit bat. Ikustea Beñat eta biok, eta Beñat ni baino dezente gazteagoa bada ere, pixka bat esperientziaren aldetik eta... Beñat eta biok hor egonagatik. Ba bai Aitor, bai Saioaren jarrera, beste kantu kideena, Eñaut bera gauza harrigarriak egiten... Beno, ez dakit, esango nuke alde horretatik aldaketa horren beste argazki bat gehiago izan dela. Ez dela bakarrik finalean zein sartuko diren edo ez. Baizik eta bakoitzak txapelketa honetan, kasu, eskaintzen duena, uzten duena eta proposatzen duenaren aldaketa edo trantsizioa ere badela.

Bilbon kantatuko duzu abenduaren 3an Amets eta Maddalen Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria eta Saioa Alkaizarekin batera. Nola egingo diozu aurre hurrengo saioari? Zuena izango da bigarren itzuliko azken saioa eta, matematikak gora eta behera, urduritasunak nabarituko dira...

Bilbokoa ilusio handiz hartu dut. Ez bakarrik Durangokoa irabazi izana suposatzen duelako nire kasuan. Ilusio handiz hartu dut plaza ederra izango delako dudarik gabe, plaza handia izango da eta bertsotarako uste dut giro eta baldintza paregabeak izango dituen plaza izango dela. Eta alde horretatik bertsolari bezala ilusio handiz heltzen diot. Gainontzean, egia da, azken saioa izateak matematikari nolabaiteko presentzi erabateko bat ematen diola. Baina uste dut Durangon ere bazela hori neurri batean. Eta oso ondo jakin genuela seiok horri ihes egin eta beste gauzetan zentratzen. Ez genuelako puntuazioei buruz hitz egin, ez ginelako sailkapenetarako gutxienekoez aritu. Eta uste dut Bilborako jarrerarik emankorrena eta inteligenteena hori dela. Ni nire aldetik joango naiz Durangora joan nintzen bezala eta aurreko txapelketara joan nintzen bezala: bertsoetan egitera. Postuekin ez dut inoiz eduki eta, inoiz baino gutxiago orain, esango nuke, ez daukat inongo obsesio edo helburu zehazturik. Eta gehiago da, lehengoan esan nuen bezala, ni naizena erakustea joatea. Eta badakit, uste dut esperientziak ere esateko nahikoa baimena ematen didala, neurea erakusten badut aukera handiak izango ditudala finalean egoteko. Baina hala bada izan dadila neurea erakutsi dudalako eta egin dudalako.

Jaurlaritza Logoa