En direct

Naiz Irratia

«Biktimen inguruko kristalezko sabaia apurtzen ari da»

Foro Sozialak nabarmendu du hiru urtetan adostasun maila altua lortu dela biktima orok egia, justizia eta erreparazioa behar dituenaren inguruan. Adosturikoa praktikan jartzeko, ordea, pauso gutxi eman direla uste du Agus Hernan bozeramaileak.

Audio_placeholder

«Biktimen inguruko kristalezko sabaia apurtzen ari da»

Loading player...
Bakartxo Tejeria, Eneko Calle eta Agus Hernan, Gasteizko Legebiltzarrean.
Bakartxo Tejeria, Eneko Calle eta Agus Hernan, Gasteizko Legebiltzarrean. (Legebiltzarra)

Indarkeria ezberdinen biktimek aurkeztu berri duten 'Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak' txostena positiboki baloratu du Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramaileak. Gogoratu du Foro Sozialak iazko abenduan jarri zuela arreta gai honetan, «orain arte gutxi landutako ardatz» batean.

Hernan esanetan «izugarrizko ekarpena» egin dio txostenak biktimen gaiari. Guztien aitortza «eskailera» baten moduan irudikatzen du berak, «urratsez urrats goaz eta tarteka eskailburu bat dago». Zehaztu du oraingoa ez dela aurrera egiteko unerik onena «hauteskunde ziklo baten sartzen ari garelako».

Memoria inklusiboa

Errelatoaren batailaz asko hitz egin da azken urteetan, baina une honetan Foro Sozialak bukatutzat eman du «kontakizun bakarraren errelatoa». Hernanen esanetan «lan handia egin da memoria partekatuaren inguruan, guk uste dugu hori ere gainditu behar dugula eta memoria inklusibora pasa». Begiradak txostenak ekarpen positiboa egiten du horretan, «gaiarekiko gerturatze berri bat» egiten duelako. «Ekarpen handi» honen aurrean eragileek hartuko duten jarrera ikusteke dagoela gaineratu du.

Biktimen eskakizunak bildu berri ditu Foro Sozialak "Indarkerien zikloko giza eskubideen urraketen biktimen eskaerak" txostenean. Hernanek uste du gutxinaka biktimen inguruko «kristalezko sabaia» apurtzen ari dela, horren isla, duela hiru urte zaila zela «jarrera bateratu bat» edukitzea baina une honetan adostasun zabala dagoela biktima orok egia, justizia eta erreparazioa behar dituenaren inguruan. Baina Hernanek uste du adosturikoa praktikan jartzeko pauso gutxi eman dela

Aurrerapusoak eman direlakoan, berriki Jose Barrionuevo barne ministro ohiak gerra zikinaren inguruan egiten dituen adierazpenen aurrean izan diren erreakzioetan «aldaketa bat» nabari du Foro Sozialak, nahiz eta Hernanek zehaztu duen ikusi beharko dela aurrerantzean gisa horretako adierazpenak «onartezinak» jotzen diren ala ez.

Barrionuevoren hitzen aurrean, barne ministro ohiaren «harrokeria» nabarmendu du, «bizikidetza demokratikoan» ez dutela laguntzen baieztatuz. Fiskaltzak «ikerketa bat» zabaldu beharko lukeela uste du, baina egingo ez duela ziur da.

Presoak eta espetxe politika

Aurrerapenak baino, atzerapenak ezagutu ditugu eremu honetan azken asteetan. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hemeretzi gradu progresioren aurka egin du, eta, oraingoz, bost euskal presok itzuli behar izan dute espetxera. Orain gutxi Jaime Tapia Lakuako espetxe eskumeneko aholkularia izan da Hamaika Telebistan, esan du Jaurlaritzak oinarri juridikoetan ematen dituela gradu progresioak.

Espainiako Audientzia Nazionalak, ordea, presoen urratsak ez nahikotzat jotzen ditu maiz. Hernan iritziz «lobby bat» azken 11 urteak haintzat hartu gabe ari da jokatzen. Baina duela hiru urtetik hona egoera aldatu dela balioan jarri nahi izan du, «poliki-poliki lobby hori gainditzen ari gara», oraindik ere «arazo garrantzitsu» bat dagoen arren. Egoera honetan, presoei «pertseberatzearen beharra» helarazten die Foro Sozialak. Baikorra da Hernan eta uste du hiru oinarri garrantzitsu daudela aurrera egiteko, adostasuna, mobilizatuta dagoen gizarte zibil bat eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako bidea. Bidea «zaila» izango dela ohartarazi du.

Jaurlaritza Logoa