En direct
Kantu laburrak, elementu asko, egitura aldakorrak… ez da erraza Etxekalte taldearen disko berriari etiketa bat jartzea; agian, ez da beharrezkoa. 'Nor da Norbera?' galderak ematen dio izena bermeotarren azken lanari. Eta galderak erantzutera etorri dira Iker Etxebarria, Unai Irisarri, Jonan Juarez eta Iñaki Olondo.
2017an maketa bat kaleratu zuten eta bi urte beranduago, 'Gure hizkeran', 6 kantuko EP bat. 2021ean iritsi zen 'Arimak denboran', HABI taldearekin elkarlanean eta 'Nor da Norbera?' da lehen disko luzea. «Oso etapa markatuak eduki ditugu, 2019koa izan zen abiapuntua eta oraingo hau profesionalagoa da» aitortu digute. Diskoen arteko desberdintasun hori «apur bat bilatua eta apur bat naturala izan da».
Konposaketa prozesuaren ondoren aurkezpenak egin ohi dira, eta ondoren bira. Horregatik, «konposaketatik konposaketarako tarte horretan gauzak asko aldatzen dira» kontatu digute. 10 kantu ditu disko berriak, eta estiloari dagokionez sekretu bat kontatu digute, «grunge, rock, post hardcore… ez dakigu non kokatu».
Bigarren Kafearen estudiora etorri dira galderak erantzun eta bi kanta jotzera.